Sinadurak

Alex Martinez-en iritzi artikulua: "Adreiluan idatziak"

Astelehena, 2019-03-04

Oharra: Iraume Euskal Herriko metropoli nagusia dugu, gertu eduki arren ezezaguna zaiguna. Hilean behin kolaboratzaile ezberdin batekin aterako naiz Iraumetik paseoan, eta bien arteko elkarlana izango da artikulua. Hilabete honetan Usue Belandia (@lamalalata) argazkilari eta arkitektoa izango dugu bidelagun, bere ideia, hausnarketa eta argazkiekin ornituz jardunaldia.

@Iraumetik

1 (1)2

Adreiluan idatziak

Iraumek badu bere erritmoa. Ziur naiz, zuek ere, nabari duzuela zuen herri edo hiriak baduela berea. Eta, sarritan, bertatik ihes egin behar duzuela. Behar hori dudanean, eta ez dakit zuei, baina Iraumen maiz gertatzen zait niri, metropolia osatzen duen periferiara ihes egitea dut gustuko.

Zeren auzo hauek beste erritmoa dute, propioa, ziur aski beraien historia dutelako ere, propioa. Berrogeita hamarreko hamarkadan, gure hiriak hazi eta ugaldu zirenean, metropoli hauek sustengatuko zituzten auzoak sortu ziren beraien inguruan. Hiriaren itzalean jaioak, marjinazioak eta borrokak eraiki dituzte beraien kaleak. Askotan inork bizi nahi ez zuten lekuetan, gehienetan gobernuek ahazturik, auzokideen laguntzaz elkarlanean marraztu ahal izan zituzten beraien etxebizitzak. Eta norberak eraikitako etxebizitzak dira auzo hauen ezaugarri nagusienetakoak, eta autokonstrukzio hau da auzo hauetan gehien miresten dudana.

Bertako etxebizitzek istorio bat azaltzen baitute. Auzoarena, bai, baina baita bertan bizi diren pertsonena ere. Etxeak denboran zehar eraikiak izan direlako, bere erritmo propioan, eta denbora eraikinetan ikus daitekeelako. Alaba jaiotzean etxebizitzari egindako solairu berria, fabrikan zeramika sobera egon zeneko urtean eraikitako horma, alboan eraikin berria egin zutenean hala moduan konpondutako sarrera. Auzo hauetan ibiltzean, etxebizitza hauen istorioak bere adreiluetan irakurtzean, argi ikusten dut gizakiok badugula gure erritmo propioa, lasaia, pausatua, nahiz eta hiriak kontrakoa pentsarazi nahi digun.

Zeren denbora da egungo kapital nagusia, gehien balio duen txanpona. Kapitalismoak gure bizitzak denbora-elkartrukean bihurtu ditu. Azaltzen digun formula erraza da. Hogei orduko ordainsaria fabrikan, ordu erdi interneteko katalogoan, eta egongela egina duzu. “Home sweet home” karteltxoa eta guzti. Bi ordu bulegoan, norbait kontratatu, eta haur zaindaria sei orduz seme-alabekin. Edota nonbaitera deitu janaria erosteko, eta lau ordu ekidin sukaldean. Edota Uber bar eskatu, eta ibilbidean hiru ordu laurden aurreztu. Eta formula magikoa, bi ordu banketxean hipoteka negoziatzen, oraindik esku artean ez dituzun 20.000 lanorduak, eta zure etxeko giltzak eskuartean.

Baina, zein da horren merke saldu dugun denboraren kalitatea? Zerk balio du gehiago, 20 minutu trafikoan, ala 30 minutu oinez paseoan? Zenbat balio du sukaldean igarotako denborak, seme-alabekin jolasean, gure etxea gurea sentitu eta gurea egitea, gutxika-gutxika eraikitzen joatea? Kapitalismoari komeni zaio gure denboraren garrantziaz ohartzea, baina ez digu honen kalitateaz hitzik egin nahi.

Horregatik egiten dut maiz ihes Iraumeko hirigunetik, inguruko auzoetatik galduz, denbora begi bistaz erakusten dizkidaten etxebizitzen artean. Gainera, a ze kasualitatea, auzo hauetan ez da merkatalgune handirik ageri, ez multinazionalik, ostatuan kalimotxoa bukatutakoan ez dut sentsazioa tabernariak bota egingo nauenik hurrengo bezeroa eser dadin. Hirigunetik urrun nabilenean, auzoen erritmoan oinez, pertsonen islak diren etxebizitza hauek ikusten ditut. Hirian, ordea, eraikin gehienak gizartearen ispilu erraldoiak bihurtu dira, eta gu gara orain bertan islatzen garenak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)