Komunitatea

Txema Arinas

HEZURREN ERRETURA – MIREN AGUR MEABE

Ostirala, 2019-08-30 | Txema Arinas
 

descarga

“Atsekabe guztiak dira eramangarraik istorio bihurtu gero” dio Karen Blixenek Afrikako gutunetan.

Baina ni azakalik gabe geratzen ari naiz barne-muinean laberintoan atzaparka.

Idazteak ere badu jito zirkularrean ibiltzerik: neure buruaren ardatzaren inguruan biraka ari naiz, eta halatsu, neure istorioen inguruan ere biraka. Errotazioa eta traslazioa, zorabioaren higidurak.

La vita è bella – Miren Agur Meabe (Hezurren erretura)

 

Gauza bitxia suertatu zait Miren Agur Meaberen Hezurren Erretura izeneko ipuin edo narrazio labur bilduma honekin. Uda hasieran irakurri berria eta uda pasa ahala berrirakurtzeari ekin diot aurreneko irakurketak izugarri gogobete egin baininduen. Zer dela eta? Lehenengo irakurketa bukatutakoan liburuak beste bat lasaiagoa, zehatzagoa, eskatzen zuela jabetu nintzelako ezinbestez, oso idazkera sakona, aberatsa eta ezer baino lehen ederra baitzen. Bestalde, banuen ustea ipuin zein gogoeta liburua izanda arinegi irakurria nuela lehendabizi. Azken bolada honetan, eta gehienbat euskaraz, ipuin bildumez lepo bainengoen, euskarazko fikzioa gero eta esparru murritzagoetara mugatzen ari balitz bezala.

Halere, egiazko zioa aurreneko irakurketak eragindako gozamena zen argi eta garbi. Hortaz, berriro gozatu nahi nuen, benturaz gehiago lasaiagorik eta zehatzagorik egiteko asmoa nuen aldetik. Izan ere, Hezurren Erretutak nire gogoan isuritako kresalaz blai nengoen, bertan kontatzen den gehiena kostaldeko herri batean girotatuta baitago –eta autografia kutsuko narrazioak direnez gero nola ez ekarri gogora etengabean idazlearen sorterria: Lekeitio, nola ez girotu nire buruan ingurualdea ondo asko ezagututa-. Liburuan bertan kontatzen den oro kresal usain goxo eta iradokitzailea omen du, alegia. Eta kokolokeria badirudi ere uda partean irakurrita guztiz atseginagoa begitandu zitzaidan, bai horixe.

Harrapatu, ordea, istorioen nondik norako ustez behintzat autobiografikoek harrapatu ninduten, berdin dit egiazkoak diren ala ez, ematen baldin badute hobe, ala ez. Narrazioak berak axola dit-eta soil-soilik, ez dut inolako premiarik bertan kontatzen dena idazlearen egiazko eskarmentuari zor zaion ala ez, hau da, norainoko auto-fikzioa den ala ez asmatzeko, idatzita dagoen bezala asebete naute erabat. Edonola ere, aitortu beharrean nago idazleak bere eskarmentutik idatzita izan ezkero guztiz erakargarriagoa, hunkigarriagoa, suertatzen zaidala bere bizipenak zein barne kezkak eta paperean isurtzeko kuraia. Ederra, txukun-txukuna da bizitzaren gorabeherak nola jorratzen dituen Miren Agur Meabek: adiskidetasuna, bakardadea, etsipenak, desengainuak, bihotzeko zein gorputzeko gaitzak eta abar eta abar.

Badaude, hortaz ari naiz eta, biziro hunkitu nauten ipuinak edo, Ametsen inbentarioa, Karitatearen alabatxoa, Amour fou, Galtzerdi zuriak, Paradisuaren errautsak eta beste. Egia esanda, aspaldiko neskatoa protagonista duten ipuinak guztiz samurragoak kausitu ditut, beharbada kostaldeko ustezko Lekeitio eta ingurumari kresaltsuetan gertatzen direlako, edo, argi eta garbi esanda, edozein irakurlerentzat haurtzaro zein gaztaroko kontuen indar iradokitzailea ezin ageriagoa delako. Baina, aitortzen dut “handitako” narrazioak  erakargarriagoak egin zaizkidala ikuspuntu literario oldartsuago batetik, beharbada bertan idazlearen uztezko edo balizko “nia” guztiz garatuagoa, jorratuagoa, “isuriagoa”, delako. Nolabait esanda, “handitakoetan” gogoeta nagusi da bizitzaren nondik norakoen kontura, batik bat libreagoa edo konplexu bakoagoa. Honen adibide garbiak dira Journal intermittent zein La vita é bella atalak, non zirriborroak edo ohartxoak izugarri doiak suertatzen dira aurreko ataletan irakurritakoaren harira; baliteke ere aurrekoak gabe behar bezala ez ibiltzea.

Hala eta guztiz ere, badago hirugarren protagonista bat narraziootan gutxitan bezala gailendu zaidana irakurri ahala, birritan gainera: idazkera. Ezin da liburu honen gainean ezer esan Miren Agur Meabek ezer baino lehen bitxigile baten mondura landu egin duen idazkera aipatzeke. Eta gainera ikaragarri ausarta, maisuki erabili egin baititu aspaldi ikusi ez nuen berbategi benetan oparo bat, hiztegietara ozta-ozta baztertutako berba pila, edo behinik behin, eta hau beti ere nire uste apalean, euskaldun gehienoi agian ikastolan edo libururen baten noizbait ikusi izanaz baino ezagun ez zitzaizkigunak; baina, sekula ez inongo nabarmenkeria asmoz edo, hitz zehatzaren bila baino, hau da, beharbada euskaldun gehienok, disglosia zein gaur egungo beste arrazoi batzuengatik etengabe pairatzen ari garen hizkuntza pobretzearen ajeen ondorioz, bazter utzi ditugun hitzak ezin egokiagorik edo artetsuagorik berreskuratuz. Honekin batera badira nabarmentzekoak ere Bizkaiko kostaldeko euskararen zipriztin ikaragarri goxoak (berba batzuek, gehienak bizkaierarenak izanda ere, baina betiere istorio gehienen kokapena kontuan hartuta, Bizkaiako kostaldeko kresala nola edo hala gogora ekarri didatenak halabeharrez). Eta gutxi ez balitz bezala, nik azpimarratuko nuke istorioetan maiz tartekatzen diren beste hizkuntza batzuetako esaldiek (ingelesezkoak, frantsesezkoak, italierazkoak) gaineratzen duten kutsu kosmopolita edo, hau da, ipuin edo narrazio guztietan nola edo hala protagonista den eta urteak pasa ahala persona zein idazle bezala koskortu den narratzaile baten bizi-eskarmenduaren adierazgarri.

Bada, izan da, beraz, duda izpirik gabe, Miren Agur Meaberen Hezurren Erretura hau udara honetako egiazko zein taxuzko plazer handi bat.

 

Txema Arinas

Oviedon, 20019/08/30




Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.