Komunitatea

Txema Arinas

ELKARRI BIZKARRA EMANDA

Osteguna, 2020-07-23 | Txema Arinas
 

20200723_095112

Duela ilargi asko koadrilako adiskide bat etorri zitzaidan galdezka; “esan didate egunkari batean idatzi zenuela?” “Bai, hiru astean behin”, erantzun nion. “Ah, hori euskaraz al da, ezta”, bota egin zidan erabat dezepzionaturik, euskarazkoa izanda nirea berak uste zuen kategoria ez bailuen. Euskararen etsai? Duda zipitzik ez, euskararekin zerikusirik duen orori muzin egin ohi dio, gasteiztarra izanda euskara gauza guztiz arrotza, maiz ere kanpokoek inposatutako harlauza bat, zaiolakoan bizi baita, batik bat bere hirian bertan bizi diren batez besteko 50.000 euskaldunon nondik norakoei ezaxola bezain ezjakina. Halako ateraldiak atoan ekarri zidan gogora Gemma Zabaleta PSE-EEko sailburu ohiak aspalditxo euskarari buruz aldarrikatutakoa: “Altxor bat da euskara. Niretzat aurkikuntza ikaragarria izan da ikastea. Zoritxarrez, hemen, Euskal Herrian, bi kultura bizkarra emanik bizi dira: erdal eta euskal kultura. Nik orain deskubritu ditut euskal kultura, literatura, musika, dena. Aldi berean, nire nortasuna ere deskubritu dut, nolabait. Barnetegian ikasten duguna ez da soilik hizkuntza bat; Euskal Herriko nortasuna ere ikasten dugu, eta horrek izugarrizko garrantzia du. Irakasleek maitasun handia jartzen dute, eta monumentu bat egin beharko genieke.” Nola da posible, beraz, hainbat eta hainbat euskal erdaldunek euskarari muzin egitea, baita gutxietsi ere? Zabaleta andereak berak erantzun zuen Berriako elkarrizketa berean:  “Erdal kulturaren pisua hain handia da, modu batean zapaldu egiten du euskal kultura. Ez dago orekarik bien artean.” Horrenbestez, ezta egia elkarri bizkarra emanda bizi direla, bi mundu erabat aparte balira bezala, nolabait esanda Belgikan bizi bagina bezala, alde batetik flandestar nederlanderadunak eta bestetik waloi frantsesdunak. Euskaldunak erdal munduaren parte gara nahitaez, bai gazteleraz zein frantsesez, ez gara bizi erdal kulturari bizkarra emanda, guztiz kontrakoa baino, euskaldun asko eta askok erdal kultura baino ez dute atsegin, edo bestela esanda, euskaldun mordoa, gehienak ez esatearren, euskal kulturari bizkarra bizi da. Euskal kultura maite eta jorratzen dutenak euskaltzaleak omen dira ia soil-soilik. Hauek ere ez dira erdal kulturari bizkarra emanda bizi, aitzitik, normalean erdal kulturatik edan ohi dute euskaraz sortze aldera, erdaldunek beraiek ere egin ohi duten bezala gainerako erdal kulturetatik. Erdaldunak dira, euskal erdaldunak argi eta garbi esanda, euskal kulturari zeharo bizkarra emanda bizi direnak. Jakina, guztiz zentzuzkoa da euskal kultura ez ezagutzea hizkuntza bera ez baldin badakite. Ezta hori nabarmendu gura dudana, ez, euskal kulturarekiko begirunerik eza edo jitezko erdeinua baizik. Euskal erdaldun gehienak dira euren herriko ondare bati bizkarra emanda bizi direnak, euskara euren bizian soberan dutenak, aukeran euskara euren pasaiatik ezabatuko luketenak molestiak baino eragiten ez baitizkio euren herrialdean beste hizkuntza ofizial bat izatea, batik bat euren seme-alaben hezkuntzari dagokionez.

 

Literaturara aldatuta, hau baita zutabe honetako idazgaia, gorago esandakoa ezin ageriago da euskal literaturak erdaldunen aldetik merezi duen arreta kontuan hartuta, eta betiere euskal erdaldunen aldetik. Norainoko ezagutza dute euskal literaturaz, hau da, erdarara itzulitako hainbat eta hainbat euskal idazleren lanez (Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Harkaitz Cano eta abar eta abar) gure erdal herrikideek? Nik uste dut gehienek ez dakitela tutik ere euskal literaturaz. Hori da behintzat nire eskarmentua. Hortaz, ezta egia, berriro diot, elkarri bizkarra bizi garela euskaldunak eta (euskal) erdaldunak; haiek dira guri bizkarra ematen digutenak euren euskal kulturarekiko arduragabekeriaz. Nork bere errua.

Txema Arinas

Berrozti, 2020/07/23 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.