Albisteak

Alex Martinezen testu berria "Sinadurak" atalean: "¡Vicio, vicio!"

Astelehena, 2019-05-06

Alex Martinez Iturriak iritzi artikulu berria publikatu du "Sinadurak" atalean. Artikuluz artikulu, Iraumen izeneko hirian murgildu gaitu, ikus aste honetakoa: ¡Vicio, vicio!.

Oharra: Iraume Euskal Herriko metropoli nagusia dugu, gertu eduki arren ezezaguna zaiguna. Hilean behin kolaboratzaile ezberdin batekin aterako naiz Iraumetik paseoan, eta bien arteko elkarlana izango da artikulua. Hilabete honetan Jose Sánchez (@josemasterton) argazkilari eta arkitektoa izango dugu bidelagun, bere ideia, hausnarketa eta argazkiekin ornituz jardunaldia.

@Iraumetik

¡Vicio, vicio!

Parke tematiko berria sortu dute, handia eta argitsua, gizakiaren desirei erantzuna emateko pentsaturikoa, hirian.

Agian ezagunak dituzue Eurodisney, Port Aventura eta antzekoak, baina oso bestelakoa da hau. Ez da haurrentzat eraikitako atrakzio parkea, ez zaitu urruneko fantasia batean murgiltzen, hain zuzen errealitatearekin duen antzekotasuna da bere dohain miresgarriena. Bizitzaren kateak hausteko pentsaturiko esparrua da, gure barnean isildurik dugun iluntasunari ateak irekitzeko bidea, gizakiaren grinak eta desira ezkutuak egi bihurtzeko modua.

Ohikoa den bezala, esparru ezberdinetan dago zatitua parkea. Bisitatu nahiko duzuen lehen eremua Sexuarena izango da ziur aski. Mugarik gabeko katalogoa, zure begien aurrean, etengabe paseoan. Badaude bereziki prestaturiko espazioak, inoiz atrebitu ez zaren munduan murgiltzeko, hainbat adin, hainbat arraza, sexu ezberdinekoak, berekoak, bi, hiru, bost lagun, bikote aldaketak, bikote konbinazioak, nahi beste laguneko orgiak. Zure itxura edo gaitasunak nahikoak ez direla uste baduzu lasai egon, Visa eta Mastercard ere onartzen dituzte. Aretoetan jartzen dituzten pelikula gehienetan ere sexua da protagonista, bai eta bortizkeria ere. Eros eta Kratos. Biolentziak ere bere esparrua baitu atrakzio parke handi honetan, erraza da borroka bat hastea, denak daude barruko gorroto eta indarkeriari irteera emateko gogoekin. Nola? Bai, hori da, Fight club pelikularen antzera, baina horrenbesteko araurik gabe, modu basatiagoan. Ostatuko irteeran “nire nexkari ipurdia begiratu diozu?” bota eta adrenalina jaurti zure ukabilean, “zure arrazakoek ez dute lekurik hemen” esan eta aukera ederra duzu patrikako labaina eta barneko gorrotoa ateratzeko.

Agian gehiegi iruditzen zaizkizu eremu horiek, oraindik ez zaude prest, hobe zerbait arinagoarekin hasi. Kontsumoaren esparrua bulebar zabal eta amaigabe baten inguruan eraikita dago, argiak, koloreak eta musika gure zentzumenak pizteko 24 orduz. Behar ez dituzun nahi beste artikulu eros ditzakezu hemen, erosketak ematen digun orgasmo bakoitzarekin gozatuz. Bestelako drogak ere aurki daitezke, alkohola eta tabakoa sozialki (eta legalki) onartuak daude eta erraz lor ditzakezu, beste batzuk sozialki (eta legalki) onartuak ez egon arren erraz lor ditzakezu ere, baina garestiago. Hala ere adikzioek beste formak har ditzakete mundu honetan, hamaika monumentu daude selfieak egin eta sare sozialetan elkarbanatzeko, atsegin dut mezuekin mozkortu arte, beti joan zaitezke milaka lagunez beteriko estadiora eta ahotsik gabe geratu arte garrasi egin, eta dosia nahikoa ez baldin bada, kantoiko tabernan zure aurrezkiak jokatu etxeko taldearen golaren alde.

Reincidentes, ¡Hola! eta gin-tonic. Tinder, Mc Donalds eta sotamanoa. Tekno, galgoak lasterka eta abiyua. Titiburuak miazkatu, neoiak eta gasolinaren usaina. Odola, maria eta regetoia. Txio-txio, kiniela eta gaindosia. Bakoitzak aurki dezala bere bidea, eta egin dezala ihes ordu pare batez.

Parke tematiko berria sortu dute, handia eta argitsua, gizakiaren desirei erantzuna emateko pentsaturikoa; hiria.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)