Transgeneroak ostertzean
Astelehena, 2018-10-01
Tradizio literarioak, anglosaxoiak batik bat, fikzioa eta ez-fikzioa bereizi ohi ditu idazkerak sailkatzeko ardatz gisa. Ene aburuz, ordea, entsegu/poesiaren eta narratiba/antzerkiaren arteko bereizketa horrek ez du balio .
Fikzio erabiliz edo ez, bizitzari buruz idatzi ahal izana dugu literaturaren funtsa. Askotan, aldiz, ez-fikzioa filosofiarekin batera ulertu ohi da nahiz eta, berez, ezin izan filosofiarekin erkatu.
Saiakera literarioa edo poesiaren ezaugarriak ez dira filosofiarenak. Filosofiaren idazkerak zehaztasuna eskatzen badu ere, entseguak malgutasuna nahiago du. Pentsaera zientifikoak analisirako joera hobetsi arren, saioak iritzia emateko jarrera sintetikoa maiteko du. Nahiz eta Epistemologiak metodologia konbergentearen aldeko hautua ezinbestekotzat jo (hipotesi-dedukzio bidezko arrazonamendua) poesiagintzan dabilen idazleak pentsaera dibergentea landuko du (ondorio aniztasunera eramaten gaituena).
Metodo filosofikoak duen hizkera unibokoa eta berezitua erabili beharrean, mintzaira joria baina, halaber, arrunta aukeratuko du literatura arloan dabilenak. Poesia edo saiakera idazleak sortzaileak dira, ez jakintzaren metaketa egiten dabilenak. Eta, guztiaren gainetik, literaturak hizkuntzaren jariotasunari bidea eman behar dio idazkeran filosofiak eskatuko lukeen hizkuntza zurrunaren partez.
Horretaz gain, inoiz, aburu polemikoek eta berezko usteak plazaratu ahal izateko fikzioa bera ez-fikzioa baino aproposago suertatzen da. Hona hemen adibidea:
Tommasso Debendetti kazetari italiarra idazle famatuei egindako elkarrizketengatik sona handia hartu zuen. Besteak beste, Jean Marie Gustave Le Clézio, Herta Muller, José Saramago, Günter Grass, Toni Morrison, Philip Roth, John Le Carré, John Grisham edo Noam Chomsky eta E. L. Doctorow agertu ziren berak sinatutako elkarrizketa literarioetan. Denak faltsuak izan ziren, ordea… eta une jakin batean jendearen eskura geratu zen egindako iruzurra.
Halako belzkeriak argitaratu arren publikoak maite zituen bere idazlanak eta hark, harro, “gustatzen zait gezurraren txapelduna izatea” dio1. Bere ustez informazio guztia moldatua da eta, nola edo hala, faltsua edo fikzioa izaten da neurri batean.
Beraz, bere hitzetan: “joku hori amaieraraino eraman dut dagoen egoera salatu nahian”.
fitorodriguez.eus
(1) http://lapiedradesisifo.com/2013/03/11/tomasso-debenedetti-el-mayor-mentiroso-de-la-historia-del-periodismo/