Sinadurak

Jon Eugiren kolaborazioa, "Liburu gomendioak"

Astelehena, 2018-09-17

Liburu bat gomendatzeko eskatzen digutenean, ohikoa izaten da euskal herritarren artean, idazle ez euskaldun baten liburua gomendatzea. Arrazoi ezberdinak egon daitezke horretarako, baina, sarri askotan, arrazoia euskaraz ez irakurtzea da, ez baitugu egile euskaldunen liburu gehiegi irakurtzen. Azken ikerketek hala baieztatu digute; euskal hiztunek askoz gehiago irakurtzen dute erdaraz euskaraz baino.

Pertsona askori zaila egiten zaio euskaraz irakurtzea. Alde batetik, hori norberaren hizkuntzaren mailari lotua dago. Pertsona batek zailtasunak baditu, behar beste trebatua ez dagoen seinale da, seguru aski. Beste alde batetik, euskal literaturari oso intelektuala dela leporatzen zaio. Ene uste apalean, hor aurreiritziak zeresan handia du, eta ezjakintasunetik egindako iritzia den susmoa dut. Izan ere, hemengo egileen liburu eskaintza ez da murritza gai aldetik.

Dena dela, ideia hori neurri batean onartzeko prest egon naiteke. Goi mailako idazleak ditugu obra oso pertsonala gauzatzen ari direna. Hori ez da txarra, baina, gure letretan, noiztik ez da Joxean Sagastizabalen Kutsidazu bidea Ixabelen tamainako beste fenomeno bat egon? Bai, beste garai bat zen. Baina edozein hizkuntzatako literaturan obrarik irakurrienak, askotan, erraz irakurtzen diren pretentsio handirik gabeko liburuak dira. Zenbat umorezko lan agertzen dira gurean? Pertsonen kezka intelektualak asko apaldu dira eta askok errazkeriak nahi dituzte irakurtzeko. Guk euskaraz horrelako gehiago behar ditugu. (Euskaldunak kuxkuxeroak garela jakinda, bertako pertsonaien biografia edo testigantza liburuen falta deigarria da.) Ohiko irakurleek osatzen duten nukleotik haratago dauden irakurle okasionalak bilatzeko ahalegina egin behar da, (euskaltegietako ikasleak ditut gogoan, esate baterako). Horretarako, argitaletxeek ez liekete literatura lan bati exijitzen zaion maila altua eskatu behar mota horretako irakurgaiei.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)