Sinadurak

Jon Eugiren iritzi artikulua: "Nora goaz kulturarik gabe?"

Astelehena, 2018-11-12

Literaturaren eta beste arteen sorkuntzak, eta haietaz gozatzeko aukerek, aldaketa handia izan dute historian zehar. Gizakiak hizkuntza asmatu ondoren, kontakizunak ahoz aho transmititu ziren hasieran. Gero, literatura idatzia etorri zen. Erdi Aroan arteak klase pribilejiatuaren eskura zeuden bakarrik; erregeek eta nobleek soilik zuten, esaterako, musika kontzertuak ikus eta entzuteko ahalmena. Haiek zeuzkaten jauregietan beraien jabegoko liburuak eta artistek haien enkarguz margotutako koadroak. Herri xeheak nahikoa lan zuen ahora eramateko jakiak biltzen. Herritar gehienak analfabetoak, eta ezinbestean, kultura gabeak ziren. Noizbait, hiriren batean, kale antzerki baten ikusle izateko aukera bazuten zorionekoak ziren.

Baina gauzek erabateko aldaketa izan zuten Gutenbergek XV. mendean inprenta makina asmatzearekin batera. Originalen kopia azkar egin ahal izateak liburuen zabalkunde masiboa erraztu zuen. Hala, iraganean liburuak idaztea eta banan-banan kopiatzea elizgizonen kontua izan bazen ere, aurrerantzean Elizarekin loturarik ez zuten idazle gehiago agertu ziren. Eta inprenta hedatu ahala, ideiez jabetzea ez zen klase sozial batera mugatu. Geroago, liburutegi publikoen sorrerarekin liburu kantitate handiak jarri ziren herritarrek maileguan hartzeko moduan; zernahi noiznahi irakur zezaketen pertsonek, agintariak edo aristokratak izan beharrik gabe. Beraz, ondorioa argia da: mendez mende kultura demokratizatu egin da.

Gaur egun, XXI. mendean, teknologien aurrerapenak are gehiago erraztu du kulturara iristea. Interneti esker, botoi batzuk sakatzearekin sekulako eskaintza daukagu (musika, liburuak, filmak etab.). Gainera, kasu askotan dohainik; dirurik ordaindu gabe. Baina, halako erraztasunak dauden garaian, gizartearen zati handi batek bizkarra ematen die liburuei eta beste hainbat kultur adierazpideri. Hau gertatzen den bitartean, Mendebaldeko herrialde askotan depresio eta antsietate kasuek gora egiten dute. Jendeak ez daki edertasuna apreziatzen; jendea ez da konturatzen kulturak bizimodua eramangarriagoa egin dezakeela eta zoriontsu egin ditzakeela. Aldi berean, Europako lurralde gero eta gehiagotan alderdi ultraeskuindarrek gora egiten dute hauteskundeetan. Kulturak salba gaitzake? Ez nago ziur, baina neonazi horien bizitzetan liburuek duten tokia hutsaren hurrengoa dela asmatzeko ez da igarlea izan behar.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)