Sinadurak

Jon Eugiren iritzi artikulua: "Mitoak, idoloak eta superheroiak"

Astelehena, 2018-12-17

Antzinako gizakiek, azalpen arrazionalen faltan, mitoak sortu zituzten mundua azaltzeko. Lurrari lotuta bizi zirenez, eta jan ahal izateko hark emandako fruituak behar zituztenez, uztetan eragina zuten elementuak (zerua, eguzkia, ilargia, etab.) jainkotu eta gurtu zituzten. Mundu ikuskera hori belaunaldiz belaunaldi transmititu zen eta mendetan iraun zuen. Miletoko Tales, greziar filosofoa izan zen lehena natura mitoen bidez azaldu ordez, arrazoiaren bidez azaltzen saiatu zena. Ondoren ere gizakiak jarraitu zuen bizitzaren fenomenoak ulertu nahian eta XVI. mendean gertatu zen iraultza zientifikoarekin aurrerapauso garrantzitsuak eman ziren unibertsoaren misterioak argitzeko. Copernicoren heliozentrismoaren teoria; “Big bang-aren” teoria (Hasierako leherketaren ideia), edo, Darwin-en espezien jatorriarena, esaterako, mugarrietako batzuk izan dira gizakiaren historian mitoak eraitsi eta sineskeriak albo batera uzteko.

XXI. mendean figura mitikoek zer leku dute? Haien beharrik ba al dugu? Gure gizarte modernoan kirolariak, eta batez ere, futbol jokalariak, idolotzat hartzeko joera daukagu. Kirolak gure artean daukan protagonismoa dela-eta gertatzen da hau. Kultura gutxiengo batentzat den bitartean, kirolek, ia beti, jende gehiago biltzen dute. Beraz, kulturak ezin du oro har kirolarekin lehiatu. Baina kultura parametro horietan neurtzea akatsa da, bistan da. Pertsona bakoitzak badaki batak eta besteak zer eskaintzen duen.

Ni, futbolzalea izan arren, ez naiz sekula mitomanoa izan. Gaur egun, estimu handiagoa diet idazleei, musikariei, zinegileei… artistei, oro har. Zer esanik ez euskarazko sortzaileei, horiek bai direla benetako superheroiak. Orduak eta orduak pasatzen dituzte artelanen sortze prozesuan, emaitza ahalik eta txukunena eskaintzeko baina gutxi batzuek baino ezin dute horretatik bizi. Eta hori gutxi ez balitz, sarritan euskaldunen axolagabekeriarekin egiten dute topo. Beraz, hona nire proposamena: euskaraldia amaitu den honetan, has dadila kulturaldia. Hartu dezagun jarrera aktibo bat, eta gure ahalmenen arabera, kontsumitu ditzagun sortzaile euskaldunen produktuak. Data hauek aproposak dira beraiei duten garrantzia aitortzeko eta beraien kultur lanekin gozatzeko.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)