Sinadurak

Jon Eugiren iritzi artikulua: "Liburuak gozagarri ikastetxeetan"

Astelehena, 2018-10-15

Fernando Aranburuk, Patria nobelaren idazleak, behin baino gehiagotan kritikatu izan du idazle euskaldunok dirutxo bat jasotzen dugula ikastetxeetan hitzaldiak egiteagatik. “Idazleak ikastetxeetan” eta “Liburuak gozagarri” programetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzari esker, euskarazko liburuak argitaratu ditugun idazleok deitzen diguten eskoletara joateko zortea dugu. Nik parte hartzen dut programa horietan eta argi eta garbi esateko moduan nago esperientzia aberasgarria dela idazleontzat zein ikasleentzat.

Hasteko, ikasleek gure liburuak irakurtzen dituzte. Ondoren, haiek guri galderak egiteko aukera dute ikastetxeetara joaten garenean. Idazleok gure liburu horren sorkuntza prozesua nolakoa izan den azaltzen dugu. Izan ere, gu, liburuak irakurriz jaso duguna itzultzen saiatzen gara liburuak idatziz. Hala, hizkuntza lehengaitzat hartu eta modu ludiko batean jolas egiteko erabil daitekeela erakusten dugu. Bide batez, agerian gelditzen da ohiko irakasgaiak ikasteko ez ezik beste funtzio batzuk ere badituela euskarak. Idazleok gure hizkuntzari diogun maitasun eta atxikimenduagatik saiatzen gara obra eder bat sortzen euskaraz; beraz, gure literatur pasioa transmititzea dagokigu. Era berean, nik irudimena lantzearen garrantzia azpimarratzen dut: wifi uhinen kanala nola, hala izan behar genuke irudimenerako leihoa irekia, gauzak beste ikuspuntu batetik ikustea ahalbidetzen digulako. Horrez gain, liburuak aitzakia hartuta, heziketa osagarri bat ematen dugun ustea daukat, ohiko ikasgaietan ez dauden kontuak lantzen ditugun heinean.

Horren ondorioz ikasleei literatur zaletasuna piztuko zaien, hori beste kontu bat da. Pertsona bat ohiko irakurle bihurtzea ez da kontu erraza. Faktore askok hartzen dute parte: etxeko giroak eragina du; gurasoek irakurtzen badute, umeak ere errazago hartuko du liburua esku artean. Eta eskolak ere bai; estreinako aldian zein liburu leitzeko eskatzen zaion umeari funtsezkoa izan daiteke irakurketa gustuko izateko ala berriz liburu bat hartzeko gogoa ez izateko. Beharbada, irizpide gisa erabili beharko litzateke ume edo gaztearen unean uneko nahi eta kezkei erantzuten dieten liburuak gomendatzea.

Nolanahi ere den, programa hauek irakurtzeko aitzakia ematen diete ikasleei eta ez da gutxi. Hezkuntzako PISA txostenak, testuen ulermenari dagokionez, haien gabeziak azaleratu dituenean, horren konponbidea ez da irakurketa baino. Beraz, Aranburuk nahi duena esango du baina programa hauen onurak begi-bistakoak dira.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)