Sinadurak

Goiatz Labandibarren kolaborazioa: "Atzazalak margotutako mutikoak"

Astelehena, 2019-09-30

Duela egun batzuk twitterren aita bat kexu zen semearen gelarako Donostiako ikastola batean irakasleak irakurgai gisa aukeratu duen liburu bat dela eta. Antza denez, liburu horretako protagonistetako bat Bilbora joaten da euskal presoen aldeko manifestazio batera.

Aita hau penatuta zegoen hari horretan El Mundok “gure hezkuntzari buruz” esaten dituen “astakeriak” egia direla konturatu delako. Izan ere. Noski: hezkuntza ez da objektiboa. Inon. Erabat da subjektiboa. Erabakitzen den momentutik zein izango diren erakutsiko diren mapen mugak; zein testuliburu erabiliko diren; zein erreferentzia kultural eta historiko irakatsiko diren; zer ospatuko den eta zer ez; zein hizkuntzatan irakatsiko den.

Euren semeei haur eskolan atzazalak margotzen badizkiote haien semeak marikita izango diren beldur diren gurasoak. Skolae hezkidetza programa auzitara eraman duten guraso elkarteak euren seme-alabak feminazi izango diren beldur. Zangotzako eskola publikoan gorputz hezkuntzan herri kirolak ez egiteko eskatzen duten gurasoak, alaba separatista bihurtuko ote zaien beldur. Eta orain, ipuin batek semea terrorista bihurtuko dioten beldur diren gurasoak.

Sikiera kexatu izan balitz irakurgaiaren kalitateaz (eta ez naiz ari liburu honi buruz, ez baitut irakurria, beraz, ezin dut haren kalitatea neurtu), poztuko nintzateke. Zer EZ den irakurri behar esatea baino eraikitzaileagoa izango litzateke, ziurrenik. Bere seme-alabengan literaturarekiko zaletasuna eta irakurzaletasuna sustatu nahi balitu aita horrek, ez du biderik aproposena aukeratu.

Abortoaz hitz egiten duen liburu bat (demagun, Egunero hasten delako) irakurtzea debekatu beharko litzateke abortoaren kontra dagoen familiaren bat badago ikasgelan? Emakumeek festak berdintasunean ospatzearen kontra dagoelako familia bat, Arantxa Urretabizkiaren Bidean ikasia ez al litzateke irakurri behar ikastetxeetan?

Irakurri dut Jonathan Trigellen Boy A. Eta ez dut adin txikikorik hil. Irakurri dut J.D. Salingerren Zekale artean harrapaka eta ez nuen etxetik ihes egin. Uda batez Kurdistanen ere irakurri nuen, eta ez naiz YPKn enrolatu.

Bide batez: eskerrak eman nahi dizkiet nire gurasoei eta ikastolan nire irakasle izan zirenei, ez didatelako sekula esan zer EZ dudan irakurri behar.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)