Sinadurak

Goiatz Labandibarren iritzi artikulua: "Seko erotutako voyeurrak"

Astelehena, 2019-11-25

Voyeurismoa gaixotasun psikikoen zerrendan dago (oraindik). Hala irakurri nion Diana J. Torresi Pornoterrismo saiakeran, duela gutxi. Gaixotasun gisa tipifikatuta dago, beraz.

Beraz, idazleok erotuta al gaude?

Asko idatzi da psikiatrikoetan egon diren idazleez. Duela gutxi Berriak igandeko erreportaje oso bat eskaini zion artista, arte eta erotasunaren arteko harremanari.

Batzuek lehen pertsonan, Euskal Herrian eta atzerrian (Alaine Agirre, Alejandra Pizarnik, Leonora Carrington, Kate Millett…), autofikzioan e beste batzuek hirugarrenean (Itxaso Martinek Ni, Veran) hitz egin dute erotasunaz. (Itxoin, itxoin… Zergatik dira guztiak emakumeak? Zergatik…?)

Baina, kasu honetan, ez naiz eromen horri buruz ari. Ez naiz ari, diagnostikatutako gaixotasun psikikoez.

Idazle guztiek praktikatzen duten (dugun) voyeurismoaz nahi nuen aritu. Izan ere, guztiak begiratzen diogu gure inguruari, gure ingurukoei eta haien bizitza, jokaera, jarrerei, eta, zelofan paperean bilduta, hitz politez apainduta, fikzioanatuta eta metaforak aukeratuta, literatura sortzen dugu horiekin.

Beraz, voyeurismoa gaixotasun psikikoen zerrendan badago, onartu beharko dugu idazle guztiak garela gaixo psikiko. Diagnostikatuak, edo diagnostikatu gabeak.

Eta agian… agian bai. Onartzen dut: agian pixka bat pitzatuta egon behar duzu idazteko… Edo seko erotuta.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)