Sinadurak

Fito Rodriguezen iritzi artikulua: "Kultura eta merkatua"

Astelehena, 2018-11-26

(Irudia: Farah Ben Mansour, 2017)

Euskaldunok, nonbait, Durangoko Azokaren bezperan, goian agerian dagoen binomiari buruz idatzi beharra daukagu ezinbestean. Giroa prestatzeko edo, ELKAR enpresak SIADECO ikerketa taldeari eskatutako emaitzak zabaldu zituen urte honen hasieran eta honakoa ondorioztatu zuen: “euskaldun gehienek ez dute euskarazko produktuetara jotzen. Laurdenek ere ez dute ohiturarik euskarazko hedabideak eta liburuak leitzeko”(BERRIA, Garikoitz Goikoetxea, 2018ko martxoak 15).

Irakurketa arloan, ordea, egoera askoz okerragoa omen da: “Euskaldunek nabarmen gehiago irakurtzen dute erdarazko prentsa: %59k irakurtzen dituzte erdarazko kazetak, eta euskarazkorik ez” eta “Liburuak irakurtzeko ohiturari dagokionez, badute prentsaren datuen traza. Euskaldunen %23k daukate ohitura euskarazko liburuak irakurtzeko —euskarazko liburu bat azken hilean—; erdaraz irakurtzeko ohitura, berriz, euskaldunen %54k.”

Merkatu datuak dira baina, kultura merkatutik aztertu behar dugu soilik?.

Ekonomia azoka besterik ez al da?...

Georges Bataillek “gastu-nozioa” izeneko testua argitaratu zuen 1933ko urtarrilean “La critique sociale” aldizkariaren 7.alean eta goiko bi galderei ezezko biribila eman zien.

Bere aburuz, ekonomia ezin da ulertu gasturik gabe baina, aipatu gastuak, aurrezkiak, mozkinak baita ekoizpen moduak, etekinak eta salerosketak bezain funtsezkoak izan arren badu, eduki, funtsezko ezaugarri bat: gastua xahutzailea da, berez.

Hau da, gastua, galera izatearekin batera, dohaintza edo, besterik gabe, parrastatze hutsa izan daiteke.

Azken honetan kokatu ohi du Bataillek kulturaren berezko eremua. Eta horretan, kulturak bat egiten du gizarte harremanetarako oinarrizkoak diren portaerekin, demagun, ugalketarako asmorik gabe egiten den sexuarekin, gerrarekin, erlijioarekin, adiguriekin edota bezuzekin. Izan ere, kultura herri erreprodukzioa bada ere, sexua bezala, libertitzeko bakarrik egin daiteke eta hura litzateke bere jatorrizko esanahia eta funtsa.

Beraz, beste modu batez adierazita, kulturak ekonomiaren zuhurtzia beharrean, zarrastelkeria (edo tasuna…) edukiko luke oinarritzat.

Horixe dira, Bataille gogoan, euskaraz eskaintzen ditugun testuak: merkatuaren ardatzetatik at, opariak, berez.

Eguberrien esperoan ez da ikuspegi makala, gero.

fitorodriguez.eus

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)