Sinadurak

Aintzane Usandizagaren iritzi artikulua: "Esadazu gezurra"

Ostirala, 2019-10-25

ESADAZU GEZURRA

Esaten da Sokratesek filtro hirukoitza ezartzen zuela ezer kontatu nahi ziotenean: egiarena, onberatasunarena eta erabilgarritasunarena. Hau da, ez zuela esan nahi zioten hori entzungo egia ez bazen, ezer onik ez bazekarren eta ematen zizkioten datuek zerbaiterako balio ez bazuten.

Bistan denez, ez naiz Sokrates, eta agian horregatik, azken bi puntuekin ados egon banaiteke ere, neuk gezurrari beste erreparo diot Egiari. Letra larriz idazten den Egia horri,atzean armada eta hedabideak bere alde dituen ikuspuntu horri.

Zer da Egia zuretzat? Ezertxogatik ere ezbaian jarriko ez zenukeen hori?

Hainbat eztabaiden kalte-eremuetatik gertu suertatzea besterik ez da pentsatzeko, ez ote dugun Egia gure iritziarekin, arrazoi-nahi hanpatuarekin nahasten; gure egi txikiak zenbat gezurrez gizentzeko prest gauden Egia unibertsal bihur daitezen -unibertsaltasunaren kontzeptua bera hutsa eta haizea biltzen dituen plastikozko fardel zaratatsua dela ahaztuz; hau da, Gezurra-.

Gezur unibertsalak ere badira eta Egia honen parte, letra larrikoak hauek ere, Gezur sakratuak; esaterako, umeei sistematikoki esaten zaizkienak, esan behar zaizkienak besteen begietara onartuak izango bagara (berehala bururatuko zaizkizu gutxienez bi). Edo zeure buruari goizero ispiluan esan behar dizkiozunak kanpoko munduarentzat ezerosoa izango ez bazara.

Ahantzi egiten zaigu gaurko begietatik Gezur argi eta garbiak diren horiek, behinola Egia gisa itsu-itsuan sentitu eta borrokatuak zirela...

Ni gezurren beharra goraipatzera nator. Txikiena, ertainena. Ezer txarrik ekarri ez eta erabilgarriak izan daitezkeen horiena. Geure gezurren jabetze ahaldundu bat aldarrikatzera.

Hemen nire bosteko filtroa:

1. Biok baldin badakigu gezurra dela.

2. Bioi, gezurra dela jakinda ere, berdin bazaigu.

3. Biok gezurraren jakitun eta harekiko ezaxola izanda, bistakoa bada nola jokatu.

4. Biok dakigun gezur horrekiko ezaxola eta erreakzio egokiz, sabelean korapilorik gabe etxeratzen bagara.

5. Biok jakitun, ezaxola, jokaera egokiz eta korapiloz aske etxeratu eta sekula berriro horretaz hitz egiten ez badugu.

Aurreko bost puntuak betetzeko gai bazara, lasai esadazu gezurra.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)