Sinadurak

Aintzane Galardi: “Fikzioa egin daiteke poesian, istorio bat kontatu edo beste ahots batekin hitz egin”

Ostirala, 2019-01-25

Aintzane Galardi Porturen (Oiartzun, 1969) laugarren poema liburua da Hegodun poemak (Denonartean, 2018). Aurretik beste hiru poema liburu publikatu ditu, guztiak lehiaketak irabazi ondoren: Itoti urdinarean azpian (2005), Zirrikituak (2007) eta Mendafin usaineko iluntzeak (2015). Euskara irakasle ere badenez, hezkuntzan poesiak duen tokiaz ere aritu gara berarekin.

Aintzane Galardi: “Fikzioa egin daiteke poesian, istorio bat kontatu edo beste ahots batekin hitz egin”

Iruña Hiria Nazioarteko lehiaketako euskarazko atala irabazi zenuen iaz. Sari horrek eman dizu zure laugarren poema-liburua argitaratzeko aukera.

Hilabete batzuk lehenago Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen Xabier Lete lehiaketara aurkeztu nuen lan hau. Juanjo Olasagarrek irabazi zuen. Hala ere, pozik geratu nintzen, finalisten artean aipatu zutelako nire izenburua. 31 lanen artean finalista izan nintzen. Gehienetan, lehiaketetan irabazten duenaren izena esaten dute eta ez dakizu zure lana nolakoa den, zer iruditu zaien… Interesgarria iruditzen zait, lehiaketa honetan bezala, finalistak edo beste lan batzuk aipatzea. Idazlearentzako garrantzitsua da informazio hori: ongi ari zarela, epaimahaiko norbaiti gustatu zaiola jakitea… Lana egina neukanez, Iruña Hiriara bidali nuen. Eta han kanpaiak jo zuen. Publikatzen delako hartu nuen pozik handiena.

Ez zara animatzen zure kabuz argitaletxeengana hurbiltzera?

Behin egin nuen hori eta ezezkoa eman zidaten. Jende askori esaten diote ezetz, badakit. Ezezkoa jaso ondoren, lehiaketa batera aurkeztu nuen lan hura eta irabazi egin nuen. Erosoagoa egiten zait lehiaketetara bidaltzea beste ezetz bat jasotzea baino. Irabazten bada ongi, eta bestela ba hurrengora bidali…

Aurreko poema-liburua, Mendafin usaineko iluntzeak, 2015ean argitaratu zenuen. Tarteko hiru urte hauen fruitua da Hegodun poemak?

Hura bukatu nuenean, poema berriak hasi ziren sortzen. Hegodun poemak iazko apirilerako bukatuta neukan. Bi urte eta erdiko tarte horretan sortu da.

Aurreko poema-liburutik hona, gai aldetik erregistro aldaketa izugarria da…

Hala uste duzu?

Idazteko moduan, ez. Baina gaiaren aldetik bai…

Bai, ados nago. Gaia erabat desberdina da, baina estiloa mantentzen dut. Motzekoa naiz ni. Ahalik eta hitz gutxienekin, adierazi nahi dudana adieraztea gustatzen zait. Nahiz eta tartean poema luzeagoak sortzen diren, gehienak motzak dira. Aurreko liburuko gaia Marokoko bidaiak izan ziren eta orain Ameli da protagonista, adineko-emakume bat… Bai, gaia oso desberdina da.

Poesiari askotan egozten zaio ulertzeko zaila izatea. Ez dut uste zure poesiari hori egotzi daitekeenik…

Hainbeste estilo daude poesian, mota guztietako poemak daudela. Kaligramak, jolastekoak, limerickak, barregarriak, haikuak, sakonak, motzak… Nire estiloa ulergarria da. Ez ditut baliabide erretoriko zailak erabiltzen.

Hiru ataletan banatua dago Hegodun poemak liburua: “Paperezko hegazkinak”, “Altzairuzko hegoak” eta “Azken hegaldia”. Hiru kapitulu horiek prozesu bat kontatzeko baliatzen dituzu.

Lehenengoan, Paperezko hegazkinak, Ameliren gaixotasuna azaltzen da: adineko emakume bat da, memoria galtzen ari dena. Poemetan agertzen da memoria ondo duenean eta memoria galduta haur bihurtzen den momentua nahastuta; ondo dagoenean gai da txorimaloa eta elurretazko panpina maitemintzen direneko instante eternal hori harrapatzeko bere kamararekin. Hirugarren pertsonan deskribatzen da emakumea. Bigarren atalean, Altzairuzko hegoak, agertzen da lehenengo pertsona. Atal hau Ameliren koadernoan idatzitako poemak dira. Bidelagun dituen emakume hegazkinlari guztiak agertzen dira. Eta hirugarren atala, Azken hegaldia, bere gaixotasunaren degradazioa eta atzera bueltarik ez dagoela konturatzen denean hartzen duen erabakiari buruzkoa da. Uste dut metafora polita dela azken hegaldia. Hainbeste miresten dituen emakume horiengana doa, eta bere suizidioa kontatzen du, baina inolako tragikotasunik gabe. Suzidioa, heriotzaren gaia agertzen denean badirudi poemek ilunak izan behar dutela, eta nik ez nuen hala izaterik nahi. Erabaki bat da Amelik hartzen duena, eta iluntasunik eta misteriorik gabe azaldu nahi nuen, modu natural batean. Kezka neukan poemak ilunak aterako ote zitzaizkidan, baina Iruñan epaimahaiak esan zuen poema koloretsuak eta argiak direla. Azken finean, hainbeste miresten dituen emakumeekin bukatzen du bidaia, paradisuan bere zain dauzka! Ez da toki txarra!

Ez da ohikoena poema liburu batek fikziozko protagonista bat edukitzea, baina Ameli da poema-liburu honen ildoa.

Argi neukan beste ahots batekin hitz egin nahi nuela. Adineko emakume baten ahotsean sartu nahi nuen. Gaixotasuna, azken urteetako memoria-galtzea… gai horiek buruan neuzkan. Baina beste guztia, kasualitatea izan da. Behin Ameliri buruzko hasierako poemak idatzita -Paperezko hegazkinak atala-, uztailaren 2 batean egunkarian topatu nuen Amelia Earharti buruzko artikulu bat, bere azken hegaldia Pazifikoan desagertu zeneko urteurrena zelako, eta gai bat ikusi nuen aurreko poemekin lotzeko.

Amelik uztailaren 2 horren aurretik izen hori zeukan ala Amelia Earhartek eman zion?

Amelia Earhart topatu aurretik Ameli zen protagonista. Kasualitatea gustatu zitzaidan. Lehenengo atalaren bukaerako poemetako batean -“Ameli(a)”- ikusten da bien arteko lotura: Ameli euskalduna eta Amelia estatubatuarraren artekoa.

Uste zabaldua da poesia ni-tik idazten dela. Liburu hau da horrek ez duela zertan hala izan frogarik garbiena…

Poesiak bide asko ditu eta modu askotara egin daiteke. Fikzioa egin daiteke poesian, istorio bat kontatu dezakezu eta beste ahots batzuetatik ere hitz egin daitekeela uste dut. Hori nahi nuen: jolastu.

Poema batzuk zenbakiz izendatu dituzu, baina gehienek izenburua dute.

Normalean izenburuak jartzen dizkiet poemei. Beste liburuetan, sekula ez ditut zenbatu, baina hemen zenbatu egin nituen bata bestearen jarraipena zirela ikusten nuelako. Lotura bat dute poema horiek beraien artean: emakumearen egoera irudikatzen dute, gaixotasunarekin burua galtzen duen momentu hori, ume bihurtzen dena. Horrela atera zen, eta horrelaxe geratu da. Batzuetan, naturalki ateratzen dena bere horretan utzi behar da.

Sari banaketa

Zure poema liburuek badute berezitasun bat: zuk egindako marrazkiak izaten dituzte.

Liburu honetan ere sartu ditut batzuk. Askotan, idazten ari naizela irudia ikusten dut eta bizpahiru irudi sartzea erabakitzen dut, eta konturatu gabe gehiago ateratzen zaizkit. Ez diet poema guztiei marrazkia egiten. Liburuko irudi guztiak nireak dira: collage-ak, akuarelak… Benetako argazkiren bat ere sartu dut: Amelia Earhart eta Amy Johnson elkarrekin daudena sartu behar nuela iruditu zitzaidan, entrañablea da (Amy eta Amelia solasean poeman).

Ilustrazioak egiteko zaletasuna noizkoa duzu?

Ttiki-ttikitatik, marraztea zen nire zaletasuna. Poesia baino askoz lehenagoko zaletasuna da. Joxe Mari Isasa margolariarengana joaten nintzen ikastera. Berak Oiartzunen Margosoro akademia ireki aurretik, 8-9 urterekin lau haur bere etxera joaten hasi ginen. Izugarri ikasi nuen Joxe Marirekin: oleoa zer zen, akuarela zer zen, pastel-margoak... Oso oroitzapen onak ditut, oso urte ederrak izan ziren. Disfrutatu egiten dut margotzen.

Emakumezko izen eta erreferentzia dexente daude ‘Hegodun poemak’-en. Propio bilatu zenituen hegazkinlari emakumezkoak?

Bai. Ameliren istorioa pixka bat harilkatu eta bidean Amelia Earhart agertu zitzaidanean, esan nuen emakumeena izan behar du poema liburu honek. Gizonezkoak bestela ere nahikoa entzuten ditugu. Egia da aipuetan agertzen direla gizonezkoak, baina istorioa emakumeena izatea nahi nuen, Ameliren bidelagunak abiadora horiek izatea.

Amelia Earhart, Beryl Markham eta liburuan agertzen diren emakume pilotoak lehendik ezagutzen zenituen?

Batzuk bai. Beryl Markham ezagutzen nuen, Hemingwayk badituelako berari buruzko idatziak. Harriet Quimby eta Amelia Earhart ere entzunak nituen. Earharti buruzko pelikulak badaude, eta ikusiak nituen, baina besterik gabe. Lan hau egiteko piztu zait interesa. Amelia Earharten eta Beryl Markhamen liburuak irakurri ditut (Veinte horas, cuarenta minutos eta Al oeste con la noche), poemetan agertzen direnak. Eta zoragarriak dira.

Ez duzu abiazioarekiko lilura berezirik, beraz…

Berez, ez. Poema-liburu honetan paperezko hegazkinetatik altzairuzko hegazkinetara pasatzea jolas bat izan da.

Hegazkinlarien erreferentziak bilatzea, haien bizitzak arakatzea lan handia izan da?

Erreferentziak bilatzen ditut, baina beti; beste liburuetan ere egin dut hori. Internet hortxe daukagu, oso erosoa da eta ez da lan handia begiratzea.

Zure poema-liburuen beste ezaugarrietako bat aipuak izan ohi dira. Aldarrikatu izan duzu aipu horiek poemaren parte direla.

Nire laugarren liburua da hau eta jarraitzen dut aipuak baliatzen. Poema-liburu bat irakurtzen dudanean gustatzen zait azpimarratzea, eta aipuak nire lanaren osagarri edo abiapuntu izatea naturalki ateratzen zait. Adibidez, Goytisoloren katuaren aipua (“Katuak begiratzen dit/andre aristokrata ingeles baten antzera./Zer espero du nigandik? Zergatik finkotasun hori?”, Ariel poeman): Amelik katua topatu du eta izena jarri behar dio. Gogoratu nintzen Goytisolok bazuela katuei buruzko poema bat eta bilatu egin nuen.

Liburu honetan Goytisolo behin baino gehiagotan aipatzen duzu…

Juan Goytisolo izugarri maite dudan idazlea da. Mendafin usaineko iluntzeetan ere aipatzen nuen poema batean. Azken urteetan Marrakexen bizi izan zen eta El Fna plazako terrazetan irakurtzen eta tea hartzen egoteko ohitura zuela banekien. Hara joaten nintzen bakoitzean, eta oraindik joaten naizen bakoitzean, bera etortzen zait akordura. Ilusioa neukan noizbait han topatzeko, beti begiratzen nuen, baina ez nuen zorterik izan…

Afrikara, eta Afrika iparraldera, beti bueltatzen zara. Baita poema-liburu honetan ere.

Bai, baina kasu honetan gehiago izan da emakume horiek egindako hegaldietan Afrikatik pasatzen zirelako. Adibidez, Beryl Markham keniarra zen.

Poema bakoitzera behin eta berriz itzultzen den horietakoa zara?

Poema batzuek izugarrizko lana ematen didate. Koma bati mila buelta eman diezazkioket: aldatu, itzuli lehengo tokira… Beste batzuetan, berriz, lehenengotik ateratzen zaidanarekin lasai geratzen naiz.

Oiartzuarra zarela nabaritzen da poema-liburuko toki erreferentzietan: Ozentzioko ermita, Araso baserria…

Bai? Ez nintzen konturatua horrelako gauzak egiten ditudanik… Baina pozten naiz, ba. Ozentzioko ermitarekin eman nahi nion bertako ukitua, eta toki egokia iruditu zitzaidan. Araso nire aitaren baserria da, Irungo Bentetan, Gurutzerekin mugan (Oiartzungo auzoa). Ilusioa egiten zidan aipatzeak.

Baita hiztegian ere: itotia, estrata…. Argitaratu zenuen lehenengo poema liburua ere ‘Itoti urdinaren azpian’ izenburua zuen.

Akordatzen naiz hiztegian begiratzen aritu nintzela eta ez zela itoti hitza agertzen, baina nik hori erabili nahi nuen. Itogin agertzen zen, baina itoti ez. Poesian lizentzia gehiago hartzen dira, eta gainera, uste dut hartu litezkeela.

‘Ameli(a)’ poemako pasarte batek Joseba Sarrionandiaren ‘Martin Larralde’ dakar burura: “Ordu berberean/urrun, oso urrun/ bailara berdeko/ baserri zuri teila gorrian”. Barnean daramazun ‘sarrionandiazaletasuna’ ezin izan duzu ezkutatu?

Argi utzi nahi nuen, Euskal Herria zuzenean aipatu gabe, Ameli euskalduna dugula. Oso sarrizalea naiz, eta izan liteke horren eragina. Lastima da azkeneko urte mordoan ez duela poesiarik publikatu, beraz, lehengo poemekin konformatu behar dugu. Poesiara Sarriren poema liburuekin engantxatu nintzen. Askotan gertatzen da baten poema bat gustatzea, bestearen beste bat… Baina liburu oso bat, edo autore beraren liburu ezberdinekin txoratzea, lehenengo aldiz Sarrirekin gertatu zitzaidan.

Irakurleen iritziak heltzen dira zugana?

Ez zaizkit iristen. Sariketei buruz hitz egin dugu lehenago eta ematen dizuten poz pertsonal horri buruz. Baina hots mediatikoa, nire kasuan, ez dut ikusten. Lehiaketa irabazi nuenean, ekainean, euskal prentsan ez zen ezer atera. Sari banaketa urrian izan zen eta euskal prentsan ez zen ezer atera… Aurreko liburuarekin (Mendafin usaineko iluntzeak) Blas de Otero saria irabazi nuen eta euskal prentsan ere ez zen ezer atera. Liburua Ereinekin argitaratu zenean prentsaurrekoa izan zen eta orduan bai, baina sentsazioa daukat saria irabazi eta hortxe geratzen dela. Iaz, Oiartzungo Irakurketa Taldera hurbildu nintzen, lehen aldia zen halako zerbaitetan parte hartzera gonbidatzen nindutena, eta tertulia literarioa oso aberasgarria izan zen. Informazio asko jasotzen da, gauza batzuekin harrituta geratzen zara… Baina orain arte ez dut inolako hartuemanik izan irakurleekin. Kritikatxo batzuk egin izan dizkidate, eta hortik ateratzen duzu zerbait.

Idazteko asko irakurri behar dela esan ohi da. Poesia asko irakurtzen duzun poeta zara?

Saiatzen naiz jendea zer idazten ari den jarraitzen.

Eta noiz hasi zinen poesia idazten?

Lehenengo poema-liburua 2004ko Euskaltzaindiako lehiaketara aurkeztu nuen, eta 2005ean publikatu zen. Bizpahiru urte lehenago hasi nintzen fundamentuz poesia idazten. 30 urte banituen ordurako, ez nintzen gaxte-gaxte hasi. Akordatzen dut neska koxkorra nintzela, 6-7. mailan edo, atera berriak ziren euskarazko liburuak ekartzen zizkigula Antton Kazabonek ikastolara. Ez zait inoiz ahaztuko Artzeren kaligramen liburua ekarri zuenekoa. Eragin handia izan zuen nigan. Gaur egun liburu hori agortua dago eta gustatuko litzaidake edukitzea. Ea norbait animatzen den editatzera…

Alfonsina Storni, Adrienne Rich…-en aipamenak egin dituzu liburuan. Zure mesanotxean dauden poetak dira?

Susak egiten duen Munduko Poesia Kaieraki esker, zoragarria da emakume hauek euskaraz irakurtzeko aukera izatea. Alfonsina Storni, Nijolè Miliauskaité eta Adrienne Richen itzulpenak Uxue Alberdik, Leire Bilbaok eta Maialen Berasategik eginak dira. Luxu bat da. Idazle zoragarriak dira… horietatik zitak atera behar dira bai edo bai!

Atzerriko poetak euskarara ekartzea beharrezkoa da?

Pena litzateke autore horiek galtzea hizkuntza ez ezagutzeagatik. Itzulpenak behar dira. Nik, hizkuntza ulertzen badut, nahiago dut jatorrizko hizkuntza horretan irakurri. Baina itzultzaileek izugarrizko lana egiten dute. Poesiaren itzulpengitza izugarrizko meritua da. Narrazioak itzultzea baino zailagoa da, nire ustez.

Nafarroako institutu batean Euskara irakasle zara. Hezkuntzan literatura eta poesia lantzea zaila da?

Ez da erraza. Eta poesia lantzea zailagoa. Euskara irakasleok programazio bat daukagu, bete behar dena. Ikasleei irakurketa liburuak bidaltzen dizkiegunean, oraindik ere zabalduagoa dago ipuinak eta eleberriak bidaltzea. Ikastetxe desberdinetan aritu naiz eta horrela da. Gainera, irakasle talde bat egon ohi da, ez zaude bakarrik eta taldean erabaki behar da zein liburu aukeratu ikasleentzat. Eleberriek eta ipuinek zale gehiago dituzte. Ni saiatzen naiz, baina… Faktore asko daude. Gainera, ikusten dudana da adin konkretu batentzako ez daudela poesia liburuak. Txikientzako poema liburu asko idazten dira, ilustrazioekin. Helduentzako ere bai. 2018an 27 poesia liburu argitaratu ziren euskaraz, eleberriak baino bat gutxiago. Eta ipuin-liburuak 12, askoz gutxiago. Eleberriak eta ipuinak izanik gehien irakurtzen dena -askoz gehiago eleberria-, argitaratzeko momentuan, asko izan da poesia. Baina helduentzako. 14-15 urteko ikasleentzako materiala falta da. Badaude batzuk: Juan Kruz Igerabideren Maite poemak hasiberrientzat ongi dago edo Joxantonio Ormazabalen Ilunorduak eta argilaurdenak ere bai. Joxanton Artze ere fijo bat da: haren kaligramak eta ispilu-jokoak oso ondo sartzen dira ikasleen artean… Konturatzen dira poesia jolasteko ere badela. Egokiak aukeratu behar dituzu. Helduentzako poemak ez dituzte ulertzen, zailak gertatzen zaizkie.

Ez duzu inoiz probatu zure poesia ikasleekin lantzea?

Egia esaten badizut, kosta egiten zait. Lankideek esan izan didate, eta akaso egin beharko nuke, baina beti besteengana jotzen dut. Badirudi zure liburua saltzen ari zarela, eta itsusia iruditzen zait.

Iaz publikatutako poema-liburuen kopuruak argi erakusten du euskaraz idazten duzuen poetak egon, bazaudetela…

Idatzi, idazten da. Eta idazten den guztia ez da publikatzen, argitaletxeek aukeratu egiten dutelako. Beraz, esan nahi du idatzi asko egiten dela; publikatu, dexente; baina irakurleak falta zaizkigula. Batzutan, sentsazioa daukat gure artean irakurtzen ari ote garen publikatzen dugun 28 horiek.

Badaukazu ohitura idazten ari zarena partekatzeko?

Ez naiz ausartzen. Gainera, iruditzen zait batzutan molestia izan daitekeela. Familian badut beste idazle bat eta oinarrizko zuzenketa batzuk egiteko eskatzen diot, baina poesian aditua den inor ez daukat inguru-inguruan.

Sarri izan zen zure poesia zaletasunaren giltzarria. Eskerrak hari…

Hasierako deskubrimendua izan zen. Bere poma liburuek txundituta utzi ninduten. Hasieran garrantzitsua izan zen baina gero beste poeta asko deskubritu ditut. Poeta desberdinak gustatzen zaizkit, bat arrazoi batengatik eta bestea bestearengatik: gaia, estiloa… Karmelo Iribarren donostiarra asko gustatzen zait. Bere poesia errealista, oso zorrotza eta era berean oso hunkigarria, barrenera sartzen zaidana da. Ez du batere baliabide erretorikorik erabiltzen, oso argia da, eta nire poesiatik oso desberdina. Horrek adierazten du gustatzen zaizkizun poetak ez dutela zertan izan behar zure antzekoak. Iribarrenek 2018ko Euskadi Saria jaso du, gazteleraz, (Mientras me alejo lanarekin). Pila bat poztu nintzen, ez delako oso ohikoa izaten poesiari Euskadi Saria ematea.

Beste gomendio edo poeta kutunik baduzu?

Juanjo Olasagarraren Ia hemen-ek irabazi zuen Xabier Lete Saria iaz. Olasagarre nire lankidea izan zen. Irakaskuntzan hasi nintzen urtean, astean behin Iruñatik Tuterara elkarrekin joaten ginen astean behin, maisuei ikastaroak ematera: berak literaturari buruzkoa eta nik haur hizkerari buruzkoa. Orduan ezagutu nuen, eta oso oroitzapen politak ditut, kotxean joan-etorrian tertulia literarioak izaten genituen. Pila bat ikasi nuen berarekin. Ordurako traiektoria bat bazeukan, Gaupasak lehenengo poema liburua argitaratua zeukan. Xabier Lete Saria irabazi zuenean poztu nintzen. Traiektoria handiko poeta da, lan zoragarriak ditu eta hau lan bikaina da. Merezita irabazi du. Hau ere gomendio bat da.

6-X Urruneko hegaztiei

NOR DA NOR POETIKOA

Amelia Earhart (1897 Kansas, AEB -1937, ?)

AMELIAREN SOROA

“Zerua da Ameliaren soroa,

Electraren motorrak goldatua”

1923an, piloto lizentzia lortu zuen 16. emakume estatubatuarra izan zen. Errekor dexente egin zituen abiazio munduan. Atlantikoa gurutzatu zuen lehenengo emakumea izan zen (1928an). Ekuatoretik munduari buelta ematen saiatu zen lehenengoa izan zen, 1937an. Bidaia hori egiten ari zela desagertu zen. Ez da topatu ez bere ez Electra hegazkinaren arrastorik.

Amy Johnson (Kingston upon Hull, Erresuma Batua 1903-Londres, 1941)

LONDRES

“1941eko urtarrilaren 6a.

Bezperako istripu lazgarriaz mintzo da

Amy Johnsonek erosi duen egunkaria.

Haize kolpeak, ustekabean,

Tamesis ibaira hegatu du lehen orria.

Orduan, jakin-minez, presaz,

azken orrialdeetara jo du,

bere eskelarik ageri den begiratzera”

Piloto eta hegazkin mekaniko tituluak atera zituen 1928an. Hegaldi luzeetan espezialista zen. II. Mundu Gerran, Aire Armadako ofiziala izan zen. Hegazkin istripuz hil zen gerra hartan.

Beryl Markham (1902, Rutland, Erresuma Batua -1986, Nairobi, Kenia)

BIDE AMAIGABEAK

“Batzuetan ez dugu etxera itzuli nahi,

bide amaigabeekin amesten dugu.

Postalik ederrena erosi,

kaligrafia ederrez izkiriatu,

helbidea asmatu…

Beryl Markhamen gutun-zakuan

doan postalak ere,

bide amaigabeekin

amesten du”

Umetan Keniara bizitzera joan zen familiarekin. Ekialdetik mendebaldera, eskalarik gabe Atlantikoa gurutzatu zuen lehenengo emakumea izan zen (1932an).

Elinor Smith (New York, AEB 1911-California, AEB 2010)

“Hegoak zabaldu eta bazoaz Elinor

ilunabarrarentzat kolore bila.

Hor azpian ur gehiegiz eginiko

akuarela blaitua da guztia.

Teila gainean irristan doaz

Norbaiten malkoak eta

aska zaharreko ur azalean

isiltasuna ito du itotiak.

Euriaren erreinutik ihesi doaz hodeiak

izarrak beste aldetik ikustera.

Zu ere bazoaz beraien atzetik

ilunabarrarentzat kolore ederren bila”

Munduan piloto lizentzia eskuratu zuen pertsonarik gazteena izan zen: 16 urte besterik ez zituen. Errekor ugari hautsi zituen piloto gisa.

Élise Deroche (Paris 1882-Le Crotoy, 1919)

“Begira haizea,

azken sarraskien egilea,

neguan txarako zuhaitzak

errotik atera zituena.

Begira haizea

paperezko hegazkien segika,

jolasean irrika.

Begira haizea,

bihar gupidarik gabe

Éliseren hegaldia

irauliko duena”

Raymonde de Laroche gisa ere ezaguna. Munduan piloto lizentzia lortu zuen lehenengo emakumea izan zen -nahiz eta ez zen izan hegazkin bat pilotatu zuen lehenengoa-. Hegazkinarekin entrenatzen ari zela, istripuz hil zen.

Harriet Quimby (Michigan, AEB 1875-Massachussets, 1912)

“Noranahi noala ere,

trumoia ekaizpean.

Gaua sable distiratsuz moztu du.

Orpoz orpo dut segika,

eta kontrol-erlojuak dardarka dira”.

Piloto eta Hollywoodeko gidoilaria izan zen. AEBtan hegazkin piloto lizentzia lortu zuen lehenengo emakumea izan zen, 1911n. Urtebete beranduago, ACA lehiaketetan parte hartzeko baimena izan arren, ez zioten lehiaketa batean parte hartzen utzi; egun hartan, hegaldi eremuan hegan egiten ari zela, aeronabea erorita hil zen.

Hélène Dutrieu (1877, Tournai, Belgika -1961, Paris, Frantzia)

“Hélène Dutrieuren aireontziak

atzean utzi du belaontzia.

Alexandriako liburutegira doa

Apolonioren poemak

mailegatzera”

Txirrindulari arrakastatsua izan zen. Bidaiarien hegazkin bat pilotatu zuen lehenengo emakumea izan zen (1910ean). Abiazioko kirolari bezala, sari ugari irabazi zituen.

Jean Batten (Rotorua, Zeelanda Berria 1909- Mallorca, 1982)

“Arrats-haizea zelaiak orrazten hasia da,

izarrak elkarri urruneko ipuinak kontatzen,

ilargia badoa oinez zeruz zeru

gaueroko paseoan,

eta itzalak alfer-alferrik darrait oinutsik.

Ez dut jakingo zer erantzun

nora goazen galdetzen didanean.”

Emakumeen abiazioko aitzindarietako bat izan zen. Bidaia luzeetan espezialista izan zen; besteak beste, bera izan zen Erresuma Batutik Zeelanda Berrira hegaldia egin zuen lehenengo pertsona.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)