Zu zortzigarren?
Astelehena, 2018-06-11Patxi Zubizarretak iritzi artikulu berria idatzi du Uberanen: Zu zortzigarren?. Bertan, Hendaiako Nekatoenea proiektuko urteurrenean egindako jaialdiaren kronika idatzi du.

Maiatzaren 25ean, Hendaian, Abadia gaztelupeko Nekatoenea egoitzak berriro ere beso zabalik aterpetu gintuen: mundu osotik itzulitako hainbat eta hainbat pintore eta eskultore, eta, haiekin batera, Amaia Hennebutte, Fernando Morillo, Aitzol Lasa eta laurok, nahiz eta sormenezko habia horretatik Ekhiñe Egiguren, Yolanda Arrieta eta Unai Oiartzun ere igaroak diren. Ederra izan zen bertatik bertara dugun aukera honek hogei urtez artista atzerritarrengan utzitako arrasto sakonaz jabetzea —meditaziorako, belgikar batek paisaia hau hautatzen duela aitortu zigun; askok liluramendua nabarmendu zuten, eta deskubrimendua, artelan edo proiektu bat garatzeko orduan Euskal Herrira lehenengoz etorri zirelako—; hunkigarria gertatu zen, halaber, Amaiak, kasik hitzik gabe, bere sorkuntza eta egonaldia deskribatzeko eskaini zigun antzezpen llaburra.
Hogeigarren urteurrena zaindua eta detailez betea izan zen —erakusketa, lekukotasunen liburua, otorduak…: 1001 esker berriro ere Aintzane Lasarte, Pantxoa Etchegoin, Elke Roloff eta bertako lagun orori— eta euskal idazleontzat solasaldi goxo baterako abagune paregabea gertatu zen. Alabaina, berriro ere sormenaren indarra erakutsi zidan ekitaldia beste solasaldi batekin lotua geratu da neure baitan, hain zuzen ere Ander Fernandez musikariaren eta Corine Cella orekariaren eskuetatik pago baten ingurumarian ikusi ahal izan genuen Conversation avec un arbre ikuskariaren bitartez. Esan bezala, gainerako arbola erraldoien artean apenas nabarmentzen den alimaleko pago baten ingurumarian elkartu gintuzten —Idoia Beratarbide eta Oier Guillanekin oraingoan—, zozo eta gainerako txori erneen firurikapean, arreta zuhaitzean ezar genezan, geure ezereza senti genezan, geure erroetara itzul gintezen; hori guztia Anderren gitarra elektrikoa eta Corinen mugimendu eta hegaldi delikatuak lagun, kasik hitzik gabe berriro ere, halako moldez non batak Italo Calvinoren Baroi igokaria eta besteak Luna sekuoiaren alde adarren artean urtebetez bizi izan zen Julia Butterfly ematen baitzuten.
Eta kontua da zortzigarren aldiz deialdia zabaldu berri dela —EIErekin batera, Euskal Kultur Erakunderen eta Euskal Itsasbazterreko CPIEren eskutik—, aurtengo udazkeneko lau astetan, gazte literatur lan bat helburu, euskal sortzaile batek atzera Nekatoeneko esperientzia egin dezan, lurrarekin eta itsasoarekin batera, bere baitara bidaia dadin. Zu zortzigarren?