Albisteak

Zabalik dago Hitzaren Eskolan izena emateko epea

Asteazkena, 2020-05-13

Pasa den astean zabaldu zuten Hitzaren Eskolaren bigarren edizioan izena emateko epea, eta hilabetez egongo da zabalik, ekainaren 8ra arte. Albiste honetan bildu dugu egitasmoari buruzko informazioa eta izena emateko argibideak.

Pasa den astean zabaldu zuten Hitzaren Eskolaren bigarren edizioan izena emateko epea, eta hilabetez egongo da zabalik, ekainaren 8ra arte. Egitasmoaren antolatzaileak, Azpeitiko Dinamoa Sormen Guneak, Twitterren jakinarazi du ezen, dena aldakor bihurtu den eta denbora izoztuta geratu den honetan,  “inoiz baino behar larriagoa” ikusten dutela halako proiektuak bultzatzeko, eta  gero eta kontzienteago direla hitzaren ahalaz".

Hitzaren Eskolako parte-hartzaileek, 2020ko irailaren 9an hasi eta 2021eko martxoaren 27ra arte, era askotako diziplinetan hitzarekin lan egiten duten irakasleen eskolak jasoko dituzte. Aurten, hauek arituko dira irakasle-lanetan: Andoni Egaña, Maddi Barber, Iñigo Aranbarri, Haizea Barcenilla, Xabier Erkizia eta Arantxa Iturbe. Irakasle bakoitza hilabatez arituko da eskolak ematen. Saioak asteazken (18:00-20:00) eta larunbatetan (10:00-13:00) izango dira, Dinamoan bertan (Azpeitia). Matrikulak 375 euro balio ditu; langabe eta erretiratuek, berriz, 250 euro ordaindu beharko dituzte.

Hitzarekin lotutako sormen-adierazpenak elkartzea eta hitzaren lanketa integral bat eskaintzea dira Eskolaren helburuetako batzuk. Era berean, praktikaren bidez betiere, ikasleak hitzaren ahalaren jakitun izan daitezen nahi dute, eta mundua euskaraz kontatzen jarraitzeko tresnak eman.

Hemezortzi urtetik gorako euskaldunei, hitzaren lanketa sormenetik abiatu nahi dutenei, hitzaren eremuan trebatu eta sakondu nahi dutenei eta hitza ardatz duen komunitate bateko kide izan nahi dutenei: horiexei zuzentzen zaie eskola hau.

Izena eman nahi duenak, formulario hau bete behar du. Eta zalantzarik izatekotan, dinamoa@dinamoa.eus helbidera edo 635 738 760 telefonora jo daiteke. Nolanahi ere, Dinamoaren webgunean eskura dezakezue Hitzaren Eskolari buruzko informazio guztia.

 

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)