Albisteak

Sarako Idazleen Biltzarra antolatu dute asteburuan

Asteazkena, 2021-10-06

Asteburu honetan literaturaz beteko da Sara: hilaren 8an eta 9an, Ikusi Makusi haur eta gazte literaturako azoka egingo dute, eta hilaren 10ean eta 11n, berriz, Idazleen Biltzarra. Albiste honetan bildu ditugu hitzorduari buruzko xehetasunak.

 

Udaberrian egin ohi da Sarako Idazleen Biltzarra, baina koronabirusak hankaz gora jarri zuen iazko edizioa. Aurten berrartu dute asmoa, eta, hitzordua urrira ekarrita, 38. edizioa antolatu dute. Urriaren 8an eta 9an, Ikusi Mikusi haur eta gazte literatur azokaren txanda izango da –eskolen eguna izango da ostirala, eta familiena, berriz, larunbata–; ondoren, 10ean eta 11n, Biltzarra egingo dute.

Hiru gune nagusitan banatu dituzte Biltzarreko lehen eguneko ekitaldiak. Urriaren 10ean, igandearekin, liburu-aurkezpenak izango dira karpa handian, 10etatik hasi eta 16:30ak bitarte. Sarrera dohainik da, eta aurkezpenak, aurrez aurre ez ezik, Kanalduderen bitartez jarraitzeko modua egongo da. Karpa txikian, bestalde, irakurketa musikatuak eskainiko ditu Kiribil konpainiak, 10:30etan, 11:30etan eta 16etan. Jean Aniotzbehere gelan, berriz, idazleak beren lanak saltzen eta sinatzen arituko dira.

Urriaren 11n, egitarau oparoa antolatu dute Sarako Biltzarrak, Bilketa sareak, Euskal Kultur Erakundeak eta Biblio64-k elkarlanean. Jean Aniotzbehere gelan izango da, eta «Emazteak eta euskal literatura» hartu dute gai gisa.

9:30etan «Emakume ahotsak euskal literaturan» hitzaldia eskainiko du Iratxe Retolaza literatura-kritikari eta Emagin elkarteko kideak. Jarraian, gai feministen argitalpenaz arituko dira Eskafandra eta Lisipe bildumetako eta Katakrak argitaletxeko kideak, Danele Sarriugarteren gidaritzapean.

Ondoren, 11:45etan irakurketa antzeztua emango du Kiribil konpainiak, eta antolatzaileek bazkaria eskainiko dute dute horren ostean.

Bazkalostean beste bi emanaldi izango dira. Lehenik, 14:30etan «Asfaltoa zartatzeko moduak», euskal emakume sortzaileen obran oinarritutako performantza artistiko-literarioa, eskainiko dute Txakur Gorria kolektiboak eta Peru Galbetek. Ordubete beranduago, 15:30etan, «Euskal idazle eta emazte Ipar Euskal Herrian, zein bizipen?» mahai-inguruan parte hartuko dute Maialen Hegi-Lukuk, Marikita Tambourinek, Maddi Ane Txoperenak eta Maddi Zubeldiak. Nora Arbelbide idazle eta liburuzainak gidatuko du saioa.

Halaber, egun osoan zabalik egongo da Biltzarreko ostatua. Antolatzaileek gogorarazi dute Biltzarrean sartzeko ezinbestekoa izango dela pass sanitarioa izatea. Informazio guztia hemen eskura dezakezue.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)