"Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik" Oiartzunen
Asteartea, 2020-10-13Mikel Antzak idatzitako Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia antzezlanaren irakurketa dramatizatua eskainiko dute ostiralean Oiartzunen, udal aretoan 19:00etan. Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi aktoreak egongo dira oholtzan, Antza berarekin batera; Idoia Beratarbidek egin du kanpo begirada.

Martxoan estreinatu behar zuten Pessoak atera zuen Sarrionandia kartzelatik antzezlanaren irakurraldia, Loraldia jaialdiaren ekimenez. Estreinaldia iragarri eta berehala itxialdia etorri zen ordea eta, beste hainbat ekitaldi bezala, bertan behera geratu zen. Ekitaldian Portugaldik etorrirako fado kantari batzuek parte hartu behar zuten. Aurrerago emanaldia osorik estreinatzeko asmoa dute Loraldiakoek baina, bien bitartean, musikaririk gabeko irakurraldi dramatizatua taularatuko dute aurrestreinaldi modura. Ekitaldia Oiartzungo Ehuntze sormen espazioak antolatutako "21 aulki" zikloaren barruan antolatu dute. Oholtza gainean Erika Olaizola eta Ainhoa Alberdi egongo dira, Mikel Antza berarekin batera. Kanpo begirada Idoia Beratarbideren esku egon da.
Honatx emanaldiaren sinopsia:
"1984an Joseba Sarrionandiak Fernando Pessoaren O Marineiro koadro bakarreko drama estatikoa antzerki lana itzuli zuen. 1985ean Luar antzerki taldeak taularatu zuena, Mikel Antzaren zuzendaritzapean (edo kanpo begiradaren laguntzaz, gaur egun esango genukeen moduan).
Abiapuntu horrekin, Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia izeneko pieza txiki bat idatzi du Antzak. Antzezlan honetan, iraganerako eta ametsen mundurako bidaia baten bidez, Pessoa, Sarrionandia eta Antza beraren arteko harremanaren ikuspegi berri eta ustekabeko bat agertuko da.
Errealitatea eta literatura txirikordatzen dira antzezlan honetan. Gertakariak eta amets idatziak: etorkizunaren igarle bihurtuko zirenak.
Hori guztia, Marinela obrako hiru dontzeila-beilarien arteko biren eskutik jasoko dugu.
Bi baino ez baitira egongo agertokian, hirugarrenaren aulki hutsaren ondoan. Bi beilariek, ondo desberdindutako bi mailen bidez eskainiko dizkigute, batetik, aipu literarioak eta gertaera historikoak; eta, bestetik, Marinelan agertzen diren amets eta hausnarketa poetikoak.
Azkenerako, bizitzaren halabeharrak egin bezala, bi maila horiek gure gogoan bat egin dezaten asmoz."
Jarraian duzue 21 AULKI zikloko egitaraua osorik: