Osatuz doa Urrezko Biblioteka
"Hamlet" eta "Gulliverren bidaiak" argitaratu dituzte egunotanOsteguna, 2012-11-08Literatura Unibertsala bilduman plazaratuak izan ziren liburu asko deskatalogatuak zeuden. Merkatutik kanpo zeudenez, eskuraezinak ziren. Honen aurrean, EIZIEk "obra horiek paperezko liburu forman berreskuratzeko plangintza diseinatu zuen". Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin duen lankidetza-hitzarmenaren bitartez, Urrezko Biblioteka izeneko bilduma osatzeari ekin zion EIZIEk. Elkar argitaletxeari esleitu zitzaion argitaratzeko lana, lehiaketa publiko bidez, eta dagoeneko sei dira plazaratuak izan diren itzulpenak. Azkenak, William Shakespeare idazlearen "Hamlet" (Juan Garzia Garmendiak itzulia) eta Jonathan Swift-en "Gulliverren bidaiak" (Iñaki Mendigurenek itzulia).

Literatura Unibertsaleko liburu haiek berreskuratzeaz gain, itzulpenak garai berrietara egokitzea ere bada EIZIEren helburua: hizkuntza aldetik gaurkotzeko ahalegina eginez. EIZIEk dioenez, "aspaldi itzulitako obrak direnez eta bitarte horretan euskarak berak hainbat gauza finkatu dituenez, orrazketa edo zuzenketa beharra dute itzulpenok, eta horretarako prozedura ere finkatu da berrargitalpen planaren barruan".
Iazko udazkenean Urrezko Bibliotekako lehen bi erreferentziak plazaratu ziren: Jon Muñozek itzulitako Eugène Ionescoren "Emakume abeslari burusoila" eta Anton Garikanok itzulitako Katherine Mansfielden "Lorategiko festa".
20 izan dira aukeratu diren liburuak
Pasa den udaberrian, Edgar Allan Poek idatzitako eta Koro Navarrok itzulitako "Kontakizunak" eta Daniel Defoek idatzitako eta Aintzane Ibarzabalek itzulitako "Robinson Crusoe" argitaratuak izan ziren hizpide dugun Urrezko Bibliotekan. Eta aurreko astean, bildumako erreferentzia berrienak: William Shakespearen "Hamlet" (Juan Garzia Garmendia) eta Jonathan Swiften "Gulliverren bidaiak" (Iñaki Mendiguren).
Hauek dira lehen sei liburuak. Baina gehiago iritsiko dira. "20 izenburuko sorta hautatu zen (estekan topatuko dituzue 20 klasikoak) eta horiek izango dira datozen bost urteetan berrargitaratuko direnak", EIZIEren arabera. Arestian esan bezala, obra bakoitzari dagokion zuzenketa eta eguneratze lana egin ondoren.
Juan Garzia Garmendia eta Iñaki Mendiguren, aurreko astean eskaini zuten prentsaurrekoan.
Urrezko Bildumaren lehen erreferentziak
1 Eugène Ionesco, "Emakume abeslari burusoila" (La cantatrice chauve). Itzultzailea: Jon Muñoz.
2 Katherine Mansfield, "Lorategiko festa" (The Garden Party and other stories). Itzultzailea: Antton Garikano.
3 Edgar Allan Poe, "Kontakizunak". Itzultzailea: Koro Navarro.
4 Daniel Defoe, "Robinson Crusoe". Itzultzailea: Aintzane Ibarzabal.
5 William Shakespeare, "Hamlet". Itzultzailea: Juan Garzia Garmendia.
6 Jonathan Swift, "Gulliverren bidaiak" (Gulliver's Travels). Itzultzailea: Iñaki Mendiguren.