Albisteak

Nobela errealista bat, Joxean Agirreren lan berria

Asteartea, 2020-05-19

Nobela errealista bat (Elkar, 2020) izeneko eleberria aurkeztu zuen pasa den astean Joxean Agirre idazleak. Jarraian bildu ditugu liburuari buruzko xehetasun batzuk.

Zarautzen, Argińanoko terrazan jarri eta itsasora begiratuz gero ikusten den parajea, horixe erakusten du Joxean Agirreren nobela berriaren azalak –Nobela errealista bat– eta toki horrexetan garatzen dira liburuko hainbat eszena. Pasa den astean aurkeztu zuen Agirrek bere azken lana, ohikoa bilakatzen ari zaigun modu ezohikoan: telematikoki. Liburua jada egina eta banatua zegoela, aurkezteko zorian zirela hasi zen osasun-larrialdia, eta jarduna pixkana-pixkana abiatzen ari den honetan, Elkarrek aurkeztu jendaurrean aurkeztu duen lehen liburua izan da.

Eleberri ugari argitaratutakoa da Agirre; oraingo honetan, ordea, bere ohiko ezaugarri literarioez gainera, berritasun batzuk ere ekarri ditu. Lehena, errealismoa, nobelaren izenburuak berak dakarren moduan. Izan ere, liburuko protagonistetako batek, Agirrezabala idazle zarauztarrak –zeina autorearen trasunto bat omen baita, Agirrek berak esan zuenez–, behingoz nobela errealista bat idazteko enkargua jaso du. Esan eta egin, Mikel Lejarza El Lobo poliziari buruzko nobela bat idatziko du Agirrezabalak, baina testua bukatu eta berehala, hil egingo da, modu misteriotsuan.

Horren ondoren, nobelak oihartzun eta ondorio handiak ekarriko dituela pentsatzen dutenez, argitaletxeak eleberria ixteko eta Agirrezabalaren heriotzari buruzkoak argitzeko eskatuko dio Loiuko taxilari bati –bi gizonen arteko lotura, emakume bat: taxilariaren emaztea, izan ere, Agirrezabalaren maitalea baitzen–. Taxilariak enkargua onartuko du, eta argitaletxeko langile baten laguntzarekin –Leire–, kasua ikertzeari ekingo diote.

Eta horixe da Nobela errealista baten beste ezaugarri bat: “abiadura”. Thriller kutsua izan dezakeela aipatu du Agirrek, eta bere aurreko nobeletan ez bezalako abaila hartu duela nabarmendu du. Bestalde, taxilariaren ahotik jasoko ditu irakurleak Euskal Herriko gatazkarekin zerikusia duten pertsonen pasadizoak eta esperientziak.

Azkenik, literaturaren eta eleberrien funtzioari buruzko gogoeta bat ere egin nahi izan du Agirrek. Izatez, hausnarketa eszeptiko samarra da, Agirrek uste baitu eleberriek, gaur egun, ez dutela indarrik gatazka sozio-politikoari buruzko ikuspegiak emateko eta zabaltzeko. Edonola ere, eleberri honetan bada parodiatik ere: autoreak berak azpimarratu duenez, asko gozatzen du pertsonaia bati bere buruaren maniak eta ezaugarriak ipiniz eta hari egurra emanez. Horretarako ohiturarik ez badu ere, eleberria berrirakurri du orain gutxi, eta algara batzuk egiteko modukoa dela iritzi dio.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)