Nik sinesten dizut izeneko saiakera argitaratu du Samara Veltek
Asteazkena, 2019-07-03San Ferminetako talde bortxaketa abiapuntutatzat hartuta, bortxaketaren kultura aztertu du Samara Velte kazetari eta ikertzaileak. Aleka bildumaren barruan kaleratu da lana –Txalaparta eta Elkar argitaletxeak, Jakin aldizkariak eta Berria egunkariak hauspotzen dute bilduma hori–.

Nik sinesten dizut izeneko saiakera argitaratu zuen pasa den maiatzean Samara Velte kazetari eta ikertzaileak. 2016ko San Ferminetako talde bortxaketa abiapuntutatzat hartuta, bortxaketaren kultura aztertu du bertan.
Testuingurua
2016ko uztailak ekarri zuen albistea: San Ferminak hasi berritan, bost gizon atxilotu zituzten Iruñean, denen artean neska bat bortxatzea leporatuta. Kasuak ohiko dimentsio guztiak gainditu zituen eta komunikabide guztien arreta eta herritarren gogoak bete zituen. Iaz atera zen kasuari buruzko lehen epaia, eta Nafarroako Auzitegiak erasotzat ez baizik abusutzat hartu zuenez gertaera, sekulako mobilizazioak antolatu ziren. Pasa den ekainaren 21ean, ordea, Auzitegi Gorenak saioa egin zuen lehen epaiaren harira aurkeztutako helegiteak aztertzeko, eta, azkenean, bortxaketa izan zela ebatzi du.
Nik sinesten dizut
Aipatu mobilizazioetan bolo-bolo ibili zen lemetako bat da, hain zuzen ere, Nik sinesten dizut. Epaileek bestela ulertu arren eta komunikabideek askotariko mezuak zabaldu arren, mugimendu feministak aldarrikatu zuen haiek bai sinesten zutela erasotuaren hitza eta salaketa. “2016ko sanferminetan gertatutako taldeko bortxaketari buruzko kronika” hutsa egin beharrean, saiakera honek “ikuspegi kritiko batetik aztertzen du auzia, eta agerian uzten du nola gurutzatzen diren indarkeria sexistaren hainbat forma kasu bakar batean: biolentzia fisikoaz harago, nola osatzen duten erasoa epaiketan ateratako argudio sexistek eta paraleloan zabaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak”.
Veltek, liburuan, hainbat baliabide erabili ditu gaiaz jarduteko. Batetik, komunikabideek gaia nola tratatu duten aztertu du, eta adituen teorizazioak baliatu ditu horren inguruan irakurketak egiteko. Bestalde, hainbat aditu elkarrizketatu ditu, hala nola …. Iruñeko jaien bezperatan, liburuaren gaztelaniazko itzulpena aurkeztu du Txalaparta argitaletxeak. Miren Iriartek egin du itzulpena.
Bihar, Donostiako Tobacco Days liburu-dendan aurkeztuko dute lana, 19etatik aurrera.
Azkenik, amu gisa, hona hemen Berria egunkariak liburuaren inguruan egindako bideoa: