"Munduko poesia kaia" gaur Iruñean
Osteguna, 2019-10-03Susa argitaletxearen MPK poesia bildumaren 30. alea ospatzeko sortu zen, Loraldia jaialdirako, "Munduko Poesia Kaia" emanaldia. Gaur Iruñean ikusi ahal izango da 19:30etan Civivox Kondestable aretoan. Azaroaren 2an berriz, 19:00ean Ondarroako Kofradia Zaharrean.

Iazko udaberrian estreinatu zuten Bilbon "Munduko Poesia Kaia" emananaldia, Susaren ekimenez Loraldia jaialdiaren baruan, Metrokoadroka kolektiboarekin elkarlanean. Oholtza gainean Noemi Vianaren dantza garaikidea, Iraia Eliasen aktore lana eta Jose Luis Otamendiren ahots errezitatzailea. Duela gutxi Donostian ikusi ahal izan dugu, EIEk Donostia Kulturarekin antolatu ohi dituen Poesia Orduetan. Gaur, berriz, Iruñean ikusi ahal izango da, eta azaroan Ondarroan, "Literatur amuak" ekimenaren barruan.
Emanaldiaren aurkezpena
Munduko Poesia Kaierak egitasmoa Susa argitaletxeak jarri zuen martxan 2014an eta 30. zenbakira iritsi da dagoeneko. Horren harira, bilduman argitaratutako poemek ardaztutako ikuskizuna dugu honakoa. Poesia eta itzulpenaren ospakizun bat azken hamarkadetako poeta handienetako batzuen piezez osatuta.
Emanaldi honetan ahotsez eta mugimenduz gorpuztuko dira bilduma osotik ateratako testuak: poesia errezitaldi hibridoa izango da, zeinean poesiaz galdekatuko duten umorez egileek, eta errezitatutako poemak gorputz mugimendu bilakatuko diren.
Poesiarekin batera antzerkia, dantza garaikidea, eta espazio eszenikoaren lanketa artistiko bat ikusi ahal izango ditugu oholtzan. Emanaldi ausarta eta ez ohikoa izango da honakoa, MPK bilduma bera izan den bezala: hamaika itzultzailek hizkuntzatik hizkuntzara egin duten bidea hizkuntzatik gorputzera egingo da ikuskizun honetan, poemak mugimenduen hizkuntzara itzuliz.
Funtsean, poema bakoitzak irakurlearengan sortzen duen uhin horretan sakontzeko xedez sortutako ikuskizuna da honakoa.