Albisteak

Mattinen proposamena gailendu da Nekatoenean

Astelehena, 2018-07-09

Azaroaren 5etik aurrera, Iñaki Martiarena Mattin ilustratzaileak hilabeteko egonaldia egingo du Hendaiako etxean. Kamishibai estiloko ipuin bat idatzi eta marrazteko asmoa du.

Kamishibaia, 1945. urtearen ondoren Japonian bereziki garatu eta hedatu zen teknika narratibo bat izan zen. Hauxe du ezaugarri nagusia: Butaia edo egurrezko antzokia erabiliz, narratzaileak testua irakurri egiten du, ozenki, eta bitartean ilustrazioa erakusten dio publikoari.

Nekatoenea inguruko elementuak baliatuko ditu kontakizunean. Hala nola: sagastia, kaioak, itsasoa eta abar. "Ipuin hau, naturaren eta bereziki kostaldearen aberastasunaz ohartarazteko baliatuko du. Abiapuntu hori aurreikusten badu ere, egileak aipatu du egonaldian bertan sortuko diren emozio eta bizipenek ere lekua hartuko dutela kontaketan", Idazle Elkarteatik aditzera eman digutenez.

Euskal Kultur Erakundea, Euskal Idazleen Elkartea eta Nekatoenea Euskal Itsasbazterreko IEZIren sorkuntza arloa dira beka moduko honen sustatzaileak. Argazkian dira sustatzaileak eta Mattin ilustratzailea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)