Martxan da DK poesia lehiaketaren 3. edizioa
Asteartea, 2019-09-24Balea Zuria argitaletxeak, Donostia Kulturaren laguntzaz, DK poesia lehiaketa jarri du martxan hirugarren aldiz, euskarazko poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada emateko asmoz. Abenduaren 31n amaituko da lanak aurkezteko epea. Albiste honetan bildu ditugu lehiaketaren oinarriak.

Hona hemen DK poesia lehiaketaren hirugarren edizioaren oinarriak:
1. Deialdi honetara poesia bildumak aurkez daitezke, euskaraz eta bakarka idatziak, originalak, inon argitaratu gabeak eta inongo literatura-lehiaketatan saririk eskuratu gabeak. Baldintza hauetakoren bat bete ezean, lehiaketatik kanpo geratuko da egilea, horretarako epaimahaiak eta Donostia Kulturak berariazko erabakia hartu eta gero. Epaimahaiak, epaia publiko egin eta gero, frogatuko balu saritutako lanak ez duela baldintza horietako bat betetzen, jasotako saria itzuli beharko du egileak.
2. Deialdia adin nagusiak diren egile berriei zuzenduta dagoenez, baldintza hau bete beharko da: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea. Baldintza horren muga proiektuak jasotzeko unekoa da.
3. Lanen luzera, gutxienez 600 bertso-lerrokoa izango da, eta gehienez 1.000koa. Gaia, errima eta neurria libreak izango dira.
4. Lanak emailez aurkeztu beharko dira, honako helbide honetan: <dkpoesialehiaketa a bildua donostia.eus>. Lanaren egileak bi dokumentu bidali beharko ditu:
-Batetik, lehiaketara aurkeztuko den poesia bilduma PDF formatuan eta izenburuarekin, egilea nor den jakitera eman dezakeen inolako daturik jarri gabe.
-Bestetik, lanaren izenburuaz gain, egilearen datuak jasotzen dituen agiria: Izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta e-posta, NANaren fotokopia bat erantsita duela.
5. Lanak aurkezteko epea 2019ko abenduaren 31n amaituko da.
6. Eli Tolaretxipi, Aritz Gorrotxategi eta Itxaro Borda idazleek osatutako epaimahaiak jasotako lan guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2020ko martxoaren 21a baino lehen. Epaitze lan horretan Donostia Kulturak idazkaritza lana egingo du. Sari banaketa egun horretan bertan egingo da. Parte-hartzaileen lanak 15 egunez gordeko dira sari banaketa egiten den egunetik aurrera kontatuta. Epe hori gaindituta, egileek ezingo dute lana berreskuratu. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
7. Saria 1.000 euro izango da. Horrez gain, Imanol Larrinagaren margolan bat emango zaio irabazleari.
8. Sari ekonomikoaz gain, Balea Zuria argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik lau-bost hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.
9. Irabazlea Pentsamendua eta Poesia errezitaldian parte hartzera gonbidatua izango da.
10. Literatura Lehiaketa honetan parte hartze hutsak oinarrion erabateko onespena adierazten du. Oinarri hauetan aurreikusi gabeko gorabeheraren bat sortzen bada, epaimahaiak ebatziko du.