Maiatz aldizkariaren 68. zenbakia kalean
Osteguna, 2019-07-11Maiatzarekin heldu da Maiatz aldizkariaren zenbaki berria, 68. zenbakia, behinolako beste maiatz hura gogoan hartzeko aukera aproposa. Ohiko moduan, buzoietan jaso dute egunotan harpidedunek kolaborazio anitzez betetako alea.

Narrazioan, itzulpenak, poemak, saiakera, komikia, liburu iruzkinak. Idazle hauen testuak jaso ditu Maiatzen 68. zenbakiak: Patrice Rouleau, Marikita Tambourcin, Mixel Etxekopar, Didier Agirre, Iñaki Esparza, Vincent Gilles, Jurgi Garitagoitia, Patrick Perrochon, Lucien Etxezaharreta, Eric Dicharry, Piarres Trounday, Jakes Sarraillet, Lander Zurutuza, Txomin Peillen, Joseba Aurkenerena, Eric Traonmilin, Jakes Lafitte, Lola Sarratea, Itxaro Borda, Juankar Lopez Mugartza, Eñaut Etxamendi, Josu Jimenes Maia, Paco Urondo, Inge Braeckman.
Honatx aitzin solasak dioena:
68raino heltzen gara eta zerbait da. Zenbaki honek adin bat dugunoi zerbait ere oroitaraziko digu, bereziki sei hilabete hauetan karrika, itzulgune eta bazter frangotan jende isil, apal eta umiliatuaren abotsa entzuten ari darelarik. Eta Eric Dicharryk Leteren poeta bere ezinezkoetan dabilala agertzen digu, hitzarma deritzanarekin.
Heriotz ezin jasanak ere gure artekoak hartzen ditu, maltzurki maiz. Patrice Rouleau marrazkilariak 1987an, Gernikaren suntsiketaren mende erdi baten buruko aldizkarirako bidalia zigun strip hure hirugarren orrialdean jarri dugu eta ere azalean, muturreko bat bazter eta bizi suntsitzaileei. Lagun jendakina zenari esker betikoak!
Kartzelatik ihes egiteko, musika eta idatzia erabiltzen ahal dela, Lannemezanekoek erakutsi nahi izan dute, hitzen gibelean ezin jasana senditzen dugu. Baina nolaz hainbeste aipamen kartzela edo heriotzaz, Alexandriako Hipatia lehen emazte matematikalari filosofoa, Paco Urondo argentinarra edo Betti Kaniko Piarres Troundayek gogora ekartzen diguna, hor ditugu, iraganetik ateraiak. Marikita Tambourcinek hemen berean jasan dugun bortzikeri politikoaren eta errepresioaren itzak ilunak ekartzen ditu ere. Guarda mobila lehengo baten hera euskaldun abertzaleen kontrakoa edo LBD erabiltzaileen eta beren agintarien jokoak, egingo munduaren ilunbeak dira ere.
Eñaut Etxamendik bere ikerketen berri ematen digu ere, euskara zaharrak Europako hizkuntza zaharren sustraiak dauzkala ere, gizadiaren batasuna nolazpeit agertuz.
Ingurumenaren eta bizidunen galbideek gogoetara bortxatzen gaituzte, non den lehentasuna galdezkatuz. Hemen idazten eta argitaratzen jarraitzen dugu. Hitza denei galdezkatuz, mugak gaindituz, gure neurrian biziari omenaldi xumearen ekartzen ari garela, haizeak epaituz Mixel Etxekoparek erraitea maite duen bezala.