Maddi Ane Txoperenak irabazi du Igartza Saria
Osteguna, 2020-09-17Maddi Ane Txoperenak irabazi du aurtengo Igartza saria, «Ez erran inori» nobela-proiektuari esker. Lide protagonistaren bidez, haurtzaroko sexu-abusuen gaia landuko du Txoperenak. Albiste honetan bildu ditugu xehetasun gehiago.

Maddi Ane Txoperena Iribarren idazle, kazetari eta bertsolari hendaiar-lesakarrak irabazi du Igartza saria, «Ez erran inori» nobela proiektuari esker. Aurtengo edizioan, 16 lan aurkeztu dira, eta Txoperenarena nabarmendu dute Garazi Kamio, Irati Jimenez eta Ana Jaka epaimahaikideek. Txoperenaren bigarren eleberria izango da hauxe; aurten bertan, Ene baitan bizi da kaleratu baitu, Elkarren eskutik hori ere. Hemen irakur dezakezue Alaia Martin gure kolaboratzaileak argitalpenaren harira egin zion elkarrizketa.
Haurtzaroko sexu-erasoen itzala, haurtzarotik harago
Eleberriko protagonista Lide da, emakume gazte bat. Umea zela, sexu-eraso bat jasan zuen, eta hori izango da nobelaren gai nagusia. Nolanahi ere, nobela ez da haurtzaroan kokatuko; aitzitik, gaztaro eta helduaroan «erasoak nola eragingo dion» kontatuko da. «Lideren bizipen, emozio eta gorputzetik» aritu nahi du Txoperenak, «horretarako, asmoa dut Lideren kontakizunarekin paraleloan beste pasarte txiki batzuk idazteko».
Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak aipatu du ezen gaia «pil-pilean» dagoela. Bat etorri da Txoperena; hala ere, aldi berean gaia nahiko «tabua» dela iruditzen zaio: «Estatistikek esaten dute bost umetatik batek jasa izan duela noizbait sexu-erasoren bat, eta niri asko iruditzen zait, horrek esan nahi duelako gure inguruan jende askok bizi izan duela halako zerbait, baina ez da asko hitz egiten». Elizaren barruan gertatu diren sexu-abusuez hitz egin da azkenaldian, eta horiek oso larriak izan arren, instituzio baten babespean gertatzen direlako, Txoperenak azaldu du, estatistiken arabera, «familian, etxean edo ingurune hurbilean gertatzen dira» eraso gehienak. Lideren kasuan ere hala izango da, «hurbileko pertsona» batek egingo dio erasoa.
Bestalde, Txoperenak aitortu duenez, badaki «gai potoloa» dela, «konplikatua izango dela idaztea» eta «halako zauriak irekitzeak mina sortu dezakeela»; edonola ere, iruditzen zaio «landu beharra dagoela eta isiltasunak min gehiago eman dezakeela». Horrela laburtu du gaiari heltzeko bere manera: «Ardura handiz idazten saiatuko naiz. Esajeraziorik egin gabe, baina garrantzia kendu gabe».
Herri txiki… infernu handi
Kokalekuari dagokionean, Donapaleun eta Baionan kokatuko da istorioa. Protagonista, izan ere, Nafarroa Behereko herri horretan jaio eta hazi zen, eta, gaztaro-helduaroan, berriz, Lapurdiko hiriburua joan zen bizitzera. Hautu horri buruz galdetuta, hainbat arrazoi aipatu ditu idazleak: «Argi nuen Euskal Herrian kokatu nahi nuela, tentazioa izaten dugulako halako gauzak beti kanpoan gertatzen direla sinesteko. Bestetik, aukeratu nahi nuen herri txiki bat, Donapaleu bezalakoa, horrek Lideri arazo gehigarri bat ekarriko diolako bere erasoa gainditzeko garaian, oso ingurune txikia delako mundu guztiak ezagutzen duelako elkar eta erasotzailea ere bertakoa delako. […] Ipar Euskal Herria aukeratu dut, ezagutzen dudalako, eta interesgarria iruditzen zaidalako bertako errealitatea ikusaraztea pixka bat, batez ere hegoaldekoentzat, bertako erreferentziak eta gure iruditegiaren parte izan daitezen».
Igartza beka osasun betean
23. aldiz antolatu dute aurten Igartza saria Beasaingo udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak. Sariaren «osasun ona» azpimarratu du Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak, eta eskerrak eman dizkie beste bi antolatzaileei. Adierazi du, gainera, iazko irabazleak bukatu duela lana, eta ziur dela «emankorra» izango dela. Hain zuzen, Irati Goikoetxeak eskuratu zuen saria iaz, «Herriak ez du barkatuko» proiektuarekin. Indarkeriari eta bizikidetzari buruzko proiektu bat da. Bestalde, Erika Elizarik, orain bi urteko irabazleak, aurten plazaratu du Zendabalitz eleberria.