Literaturari loturik, oholtzarako bi proiektu aurkeztu dituzte aste honetan
Gabrielen lekua sentikaria eta Kafkaren lekua proiektuek oholtza ezagutuko dute aurki
Osteguna, 2013-10-10Generoen eta formatuen muga (batzuetan) estuetatik harago, literaturak sarri topatzen ditu oholtzara doazen bideak. Horren isla izan daiteke aste honetan bi proiekturen berri jaso izana: Gabrielen lekua aurkeztu zuten asteartean, Kafkaren aulkia asteazkenean.(Argazkia: Bertsozale).

Gabrielen lekua sentikaria
Gabrielen lekua izeneko sentikaria aurkeztu zuten asteartean. Sentikari honek musika, irudia, bertsoa eta antzerkia elkartuko ditu oholtzan. Aurrestreinaldia egingo dute urriaren 12an Intxaurrondoko kultur etxean, eta estreinaldia Bilboko Arriagan urriaren 29an.
Gabriel Aresti elkarte sortu berriak bultzatuta elkartu ziren urte hasieran Andoni Egaña, Oier Guillan, Rafa Rueda eta Alain Urrutia sortzaileak. Jaso zuten proposamena honakoa izan zen: Gabriel Arestiren literaturak, jarrerak eta pentsamenduak haien sorkuntzan izan duen garrantziaz hausnartzea, eta ostera lan eszeniko batean islatzea. Horren bitartez Gabriel Arestiren lanak egun duen lekua topatzea zuten xede bultzatzaileek.
Lau sortzaile horiek elkarrekin hasitako gomuta-sormenari gehitu zaizkie ostera, sentikariaren sormenaren harira, beste izen batzuk ere, honako taldea osatuz:
Bultzatzailea: Gabriel Aresti kultura elkartea
Musika: Rafa Rueda
Bertsolaria: Andoni Egaña
Deklamatzailea: Oier Guillan
Ikus entzunekoak: Alain Urrutia
Aktoreak: Ainhoa Alberdi, Iraia Elias
Musikariak:
Rafa Rueda: Gitarra eta ahotsa
Iban Urizar: Tronpeta, korneta, klarinetea eta ahotsa
Naia Membrillera: perkusioa
Testua:
Gidoia: Oier Guillan eta Andoni Egaña, Gabriel Arestiren testuetatik abiatuta
Dialogoak: Oier Guillan, Ainhoa Alberdi, Iraia Elias (eta Hedoi Etxarteren ‘Hogeita bat proletario’ poema)
Zuzendari artistikoa: Jabi Barandiaran, Dejabu panpin laborategiaren kolaborazioarekin.
Arropa eta atrezzoa: Marodi Sorkuntzak
Soinu teknikaria: Jonan Ordorika
Argi diseinua eta teknika: Ander Fernandez
Oholtzarako lanaz gain disko-liburu bat argitaratuko dute aurki, sentikariaren sortze prozesua izan den gomuta-ildoen isla izango dena, eta sentikarirako Rafa Ruedak sortutako kantak jasoko dituena.
Aurkezpenaren uberan: Irutxuloko Hitza, Berria, Naiz, Noticias de Gipuzkoa.
Kafkaren aulkia bertso, irakurraldi bertsotua
Uxue Alberdi eta Andoni Egaña bertsolariek bultzatutako ideia batetik sortu da Kafkaren aulkia izeneko proiektua, Pello Ramirez eta hainbat idazleren parte hartzearekin osatuko dutena. Bertsoa eta literatura uztartuko ditu emankizunak.
Kafkaren aulkia emankizunean ordu eta erdi inguruko jarduna txirikordatuko dute idazle batek eta bi bertsolarik, Pello Ramirezen txeloaren eta akordeoiaren doinuen gainean. Hitza izango da emanaldiaren ardatza: hitz idatzia eta kantatua, neurtua eta laua, bat-batekoa eta patxadaz hausnartutakoa. Bertsolarien jarduna inprobisatua izango da eta idazleak sorturiko errelatoan txertatuko da hark agindu ahala.
Idazleak osatuko du emankizunaren ardatz izango den errelato nagusia, berak hautaturiko genero, molde eta tonuan. Narrazioak askotarikoak izango dira, idazle bakoitzaren estiloaren araberakoak: poema-errezitaldiak, ipuinak, hitzaldi literarioak, nobela bateko pasarte hautatuak... Bertsolariek pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute, narrazioari koloreak, atmosferak eta kanpo-begiradak gehituz.
Hauexek izango dira proiektuan parte hartuko duten idazleak: Andu Lertxundi, Eider Rodriguez, Harkaitz Cano, Oier Guillan, Arantxa Urretabizkaia, Unai Elorriaga, Miren Agur Meabe, Lander Garro, Itxaro Borda, Jon Sarasua, Iratxe Esnaola eta Xabier Mendiguren.
Lehen emanaldiak:
Urriak 1: Bilbo. Bidebarrietako liburutegian. 19:30. Idazlea: Miren Agur Meabe
Azaroak 3: Ondarroa. Kofradia Zaharrean 12:30. Idazlea: Eider Rodriguez.
Azaroak 27: Donostian, Casares kultur etxean 19:30. Idazlea: Arantxa Urretabizkaia
Abenduak 11. Deustuko udaltegian 19:30. Idazlea: Harkaitz Cano.