Albisteak

Literaturaren itzalak bilduko du Zarautz

Asteartea, 2021-09-21

Literaturia jaialdia egingo dute asteburu honetan Zarautzen, hilaren 24tik 26ra, «Itzala, hitzaren ahala» lelopean: emanaldiak, mahai-inguruak eta ipuin-kontaketak antolatu dituzte, besteak beste, eta liburu-azoka ere egongo da, noski. Ekitaldietako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai. Irudia: Hiru Damatxoren spoteko fotograma bat.

 

«Itzala, hitzaren ahala» lelopean, Literaturia jaialdia antolatu dute Zarautzen. Era askotako emanaldiak izango dira, liburu-azokaz gainera, eta ekitaldietarako sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, hemen. Jarraian bildu dugu egitarauaren berri.


 

Hilak 24

Ostiralean abiatuko da, hilaren 24an, bi emankizunekin; batetik, ohikoa den moduan, Manifestu bat idazteko eskatu diote idazle bati Literaturiako kideek: oraingo honetan, Lutxo Egia hautatu dute. Haren irakurraldiaren ostean, ikusgarri dramatizatu bat izango da, Asiskoren Sugarren mende komikia oinarritzat hartutrik. Modelo aretoan izango dira bi-biak, 20etatik aurrera.

 


 

Hilak 25

Larunbatean, bi gune nagusi izango ditu jaialdiak. Lege Zaharren enparantzan, liburu-azoka eta Ahotseneako aurkezpenak izango dira, goizean (11:00-14:00 bitartean) zein arratsaldean (17:00-19:30). Bestalde, toki berean, azokaren irekiera-ekitaldia egingo dute, eta (H)ilbeltza jaialdia omenduko dute 12etan.

Modelo aretoan kontu ugari izango dira, goizez zein arratsaldez. 11etan, Literattipiaren barruan, Juan Kruz Igerabidek Laminen putzuan igeri ipuina kontatuko du 4 eta 7 urte bitarteko haurrentzat. 12:30etan, berriz, zientzia-fikzioari buruzko mahai-ingurua eskainiko dute Arrate Hidalgok, Danele Sarriugarte Mochalesek, Amaia Apalauza Ollok eta Kati Olaizola Gabirondo.

Arratsaldean, 17etan, beste mahai-inguru bat egongo da, saiakeraren itzulpenari buruzkoa kasu honetan, eta bertan parte hartuko dute Amaia Astobiza Uriartek, Maialen Berasategi Catalánek, Olatz Esteban Ezkatik eta Danele Sarriugarte Mochalesek. Segidan, Bekatorosak bertso-ikuskizuna emango dute Dom Campistron marrazkilariak eta Maindi Murua eta Andoni Egaña bertsolariek. Amaitzeko, Gotzon Barandiaranek eta Joseba Tapiak Apoaren itzala ikuskizuna eskainiko dute, 22etan.


 

Hilak 26

Igandean, Lege Zaharren Enparantzan, liburu-azoka eta liburu-aurkezpenak egongo dira 11etatik 14etara bitartean. Bestalde, 11etan hasita, Itzalekoak ibilaldi dramatizatuan antolatu dute (H)ilbeltzako kideek Santa Barbaran barrena (Musika plazatik hasita), eta Modelo aretoan, berriz, Hitzak josten ipuin-kontaketa eskainiko du Mireia Delgadok eta Galtzagorri elkartea omenduko dute. Amaitzeko, arratsaldeko 17etan Oraindik, orain eta oraingoz poesia- eta musika-emanaldia eskainiko dute Iñigo Astizek eta Jon Basagurenek Modelo aretoan.


 

Hona hemen Hiru Damatxo taldeak egindako spota:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)