Albisteak

Komikigintzaz ikasteko hiru aukera

Gasteizen, Hendaian eta BartzelonanAsteazkena, 2015-04-15

Azkenaldian, bixi dabil komikigintza gurean, atari honetan bertan horrekin lotutako hainbat hitzorduren berri eman dizuegu (Katakrakeko komiki irakurle-taldea, esate baterako), eta baita azken boladan argitaratutako komiki jakingarrien amu-bilduma ekarri ere. Oraingo honetan, komikigintzaz ikasteko eta gozatzeko beste hiru aukera proposatuko dizkizuegu.

Irudia: Persepolis eleberritik (Marjane Satrapi)

Rockomikiak erakusketa

Non: Gasteizen, Oihaneder Euskararen Etxean

Noiz: maiatzaren 3ra arte

Aurrez Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean egindako erakusketa Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxera iritsi zen joan zen martxoan. Hilabete pasa darama zabalik, baina oraindik ere hurbiltzeko aukerari izan ez baduzu, lasai, ez da ezer gertatzen, maiatzaren 3ra arte egin dezakezue. Horrez gain, erakusketarekin lotutako bi hitzaldi datozen egunotan egingo dituzte.

Batetik, Harkaitz Canok hitzaldia emango du musikak euskal literaturan eta komikigintzan izandako eraginaz. Gaur bertan, arratsaldeko 19etan.

Bestetik, Badok musika atariaren aurkezpena izango da ostiral honetan, 19:30etan. Jon Eskisabel proiektuaren arduradunetako batek azalpenak emango ditu atariaren zoko guztiei buruz. Ondoren, Amoranteren kontzertua izango da.

Asisko Urmenetaren saioa Literatura Eskolan

Non: Hendaian, Eskola publikoan

Noiz: Apirilaren 25ean

Asisko Urmenetan marrazkigile ezagunak saioa eskainiko du Literatura Eskolaren 2014-2015 Trukeurtearen barruan, "Hostoak ostuz. Literatura, komikiaren ixtoriborda" izenburupean. Literatura eta komikigintzaren arteko loturak izango ditu hizpide lau orduko saio honetan, goizeko 10etan hasi eta eguerdiko 14ak arte. Aurrez ere antzeko saio bat gidatua da Urmeneta, UEUko udako ikastaro batean, Eibarren.

Literatura Eskolan izena emateko informazio gehiago topa dezakezue hemen.

Iratxe Retolazaren hitzaldia Literaldian

Non: Bartzelonako Euskal Etxea

Noiz: maiatzaren 8an

"Euskal komikiaren historia literario baterantz" izenburupean, hitzaldia eskainiko du Iratxe Retolaza literatur kritikari eta irakasleak, Bartzelonako Euskal Etxeak urtero antolatzen duen literatur jaialdiaren barruan: Literaldia. Sarrera doan izango da, eta hitzaldia iluntzeko 20etan izango da.

Aipatu berri dugunez, Urmenetak komikigintzari buruzko saioa eskaini zuen UEUn. Hain zuzen ere, Retolazak eta Amaia Serranok antolatu zuten ikastaro baten barruan izan zen hori. Komikigintza eta literaturaren irakaskuntza zuen izenburu ikastaroa, eta horri buruzko informazioa gehi bertan erabilitako baliabideetako batzuk eskuragai dituzue hemen.

IRATXE_RETOLAZA

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)