“Keinu leihoak” antzerki zikloa antolatu dute Lesakan
Asteartea, 2019-12-03Mairu antzerki taldeak “Keinu leihoak” antzerki zikloa antolatu du beste behin Lesakan, bakarkako hiru lanekin: Panpina, Satiro eta Uretako Ipuinak. Abenduaren 6, 8 eta 15ean izango dira emanaldiak.

Jarraian duzue Mairu antzerki taldeko kideek bidali diguten azalpena:
“Etxe zahar bat. Leihoak. Kontraleihoak gibelean. Norbanakoak barrenean. Normalean ezkutuan daudenak. Batzuetan agertzen direnak.
Izaki basati bat, aktore bat, eta arrantzale bat agertuko zaizkigu aurtengoan. Bakarkako hiru lan “Keinu-Leihoak” jardunaldietan. Bi gazteren proposamen pertsonala, eta pertsona gazteenei zuzendutako hirugarren bat. Antzerkizaletasuna sustatu eta berritzeko asmoz. Hiru leiho, hiru mundu … edo gehiago.
Abenduak 6, 18:00, Harriondoa
SATIRO – Xanti Agirrezabala
Satiroa: Sexu-instintu gordinenak irudikatzen dituen izakia. Gizonezko lizun, likits,zantar eta haragikoia. Basoetako jeinua, erdi gizona erdi animalia, giza enborra eta aurpegia, akerzangoak, adarrak eta isatsa zituena. Ardoa edaten, jostatzen eta dantzan ibiltzen zena.
Elizak dio gorputza erruduna da
Zientziak dio gorputza makina bat da
Iragarkiak dio gorputza negozioa da
Gorputzak dio: ni FESTA bat naiz.
Eduardo Galeano
IKUS elkarrizketa Hitzen Uberanen
Abenduak 8, 18:00, Harriondoa
PANPINA – Kamikaz kolektiboa
Antzezlan honetan gai sakonak topatuko ditu ikusleak,umorea eta performance kutsuko aktore lan klasikoaz lagunduta: noiz bilakatzen da norbera panpin eguneroko bizitzan? Zer pasatzen da panpin baten burutik? Noiz behar dugu begiratu gaitzaten, eta zergatik? Emakume oro da panpina? Besteen begiradak egiten gaitu panpin?
Panpina oholtza gainean Erika Rooibos aktorearen argilunak erakutsiko dituen lana da, baina era berean, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo bezain probokatzailean agerian jarriko dituena.
IKUS elkarrizketa Hitzen Uberanen
Abenduak 15, 17:30 Arrano, 4-9 urte
URETAKO IPUINAK – Eneritz Artetxe
Behin, itsasoaren erdian txipiroiak arrantzatzen nengoela, olatu txiki batek plastikozko botila bat ekarri zuen txalupa ondora. Ez da gauza arraroa, egunero batzen dut plastiko mordoa itsasotik zoritxarrez. Baina oraingo honetan botila hartzerakoan, barruan paper mordoa zegoela konturatu nintzen! Berehala ekin nion botila irekitzeari eta paperek zekartena irakurtzerakoan, ipuin mordoa zela konturatu nintzen... Uretako ipuinak ziren!