Albisteak

Ińigo Astizek “Analfabetoa” poesia liburua plazaratu du

Asteartea, 2019-05-14

Poema liburu baten aurkezpena beti da nolabaiteko poesiaren beharrari buruzko aldarrikapen bat”, hitz horiekin abiatu zuen Ińigo Astizek liburuaren aurkezpena. Poesia liburu honetan sentsazioek, emozioek, ingurura luzatutako barne begiradek gidatzen dute Analfabetoa (Susa): mundua ez ulertzearen eta -hala ere, edo horregatik- bizitza ospatzearen bulkadak gidatuta. Etorkizun den jendearentzat, orainaldia bizi dugunontzat, hitzezko mapa bat. (Argazkia: Susa).

Hiru ataletan banatu du liburua Ińigo Astizek. Leire Lopez Ziluaga editoreak honela azaldu zuen Analfabetoa liburuaren aurkezpenean: “Astizen aurreneko liburuko gaiak ageri dira hemen ere, besteak beste maitasuna, heriotza, adiskidetasuna, politika. Lehenengo bi ataletakoak poema soilak dira, tonua konpartitzen dute, hirugarren atalekoa apur bat ezberdina da, hogeita sei orrialdetan bilduta dago eta apabullanteagoa da”.

‘Analfabetoak’ omen gara denok, Lopez Ziluagaren esanetan “askotan ondokoa gutxiesteko erabiltzen da ‘analfabetoa’ hitza, nahiz eta euskaldun gehienok analfabetoak izan garen atzo arte gure hizkuntzan, eta orainean ere bagaren pixka bat. Gainera egoera batzuetan denok gara ‘analfabetoak’, zorionez igual, adibidez iberieraz eginiko inskripzio baten aurrean, baina horrek ez du esan nahi gaur egun inguratzen gaituzten mezuak guztiz ulertzen ditugunik”. Sentsazio horren arrastoak topatu litezke liburu osoan zehar “Mezuak eta kodeak ulertzeko saiakera ageri da liburuan, batzuetan ulertzeko ezintasuna, beste batzuetan bat batean ezusteko zerbait ulertzeak ematen duen poz txikia. Izan ere, esango nuke, ‘analfabetoa’ hemen hitz egiten ari garen zentzuan edo liburuan ageri den zentzuan zorionez dela ‘analfabeto’, dena jakingo balu eta guztia ulertuko balu ez litzatekeelako harrituko, eta Szymborskak dioen bezala ‘harrituko ez bagina pertsona bera izango ginateke baina aldi berean norbait guztiz ezberdina’”.

Atzoko eta gaurko mapak biharkoei zuzenduak

Duela 13.660 urte inguruko mapa bati erreferentzia eginez hasten da liburua. Astizen esanetan “Arraizko kobazuloetan topatutako ondare arkeologikoen artean, bazen harri berezi bat: hasieran ez zuten uste ezer berezia zenik, baina bat batean jarri zuten inguruan zituen mendiei begira eta ohartu ziren harri horretan zeuden marrek marrazten zutela aurrean zuten mendiaren magala. Besterik gabeko harri hori Europa mendebaldeko maparik zaharrena zela konturatu ziren”.

Maparen egileak marraztu egin zuen bere ingurua, baina zertarako? Galdera horri tiraka ibili zen Astiz bera “Bertakoa naiz ni ere, gurutzatzen ditudan inguru berdinak marraztu zituen maparen egileak. Mapa bat ustez marrazten dugu ez galtzeko leku batean, baina garai hartako pertsona hark segur aski ez zuen horretarako behar, bazekien non zeuden marraztu zituen gauzak. Zertarako marraztu zituen orduan gauza haiek? Galdera horri bueltaka ibili nintzen eta ohartu nintzen gaizki planteatua nuela, ez zelako ‘zertarako’ baizik eta ‘norentzako’. Berak ez zuen behar, bazekien zer zegoen hor, beraz marraztu zuen ondorengoentzako, etorriko zirenentzako. Bere mapa horretan azaltzen zigun une horretan momentu horretan nolakoa zen bizitza. Uste dut poema liburu honetan saiakera hori dagoela: onartuta orainaldiak gain egiten digula, orainaldiak ezinbestean ihes egiten digula, hala ere orainaldia harrapatzeko ahalegina orainaldiak eskaintzen dituen tresnen bidez”.

Lehenengoan mapa horri buruzko poemarekin zabaltzen den bidea hirugarren ataleko poema luzearekin ixten da, ‘Hogeita bat’ izenekoa “poema horretan ni ere saiatzen naiz nolabait mapa bat marrazten etorkizun diren jendeentzako. Arraizko kobazuloko harria bezala, saiatzen naiz irudikatzen zer den bizitzea orain eta hemen. Poema hori idatzi nuen aita izango nintzela jakin berritan, akaso horregatik poema horretan saiatzen naiz mapa bat marrazten oraindik jaio ez den ume horrentzat, eta horretarako aipatzen ditut mundu hau mehatxatu eta populatzen duten munstro eta gauza eder guztiak”.

Bigarren atalean berriz, tartekoa, estruktura horrek lagunduta doazen poema laburragoak, poema solteak... Astizek dio ez duena poesia libururik idazten, poemak baizik, alez ale. Horrela dago eraikia Analfabetoa, urratsez urrats, eta orainaldia harrapatzeko ahalegin horretan,ez ulertzearen sentsazioarekin talkan. Hortik omen dator titulua, “analfabeto emozionala, analfabetoa euskaraz... analfabetoak gara denok pixka bat”. Ez ulertzeko sentsazio horrekin batera bada beste bat: zorion sentsazioa, “badago ospakizun tonu bat, epifanikotasun bat, niretzat garrantzitsua delako zoriontasun une horiek nabarmentzea, azpimarratzea eta biltzea. Hala ere ez da sentsazio naif-a: mundu konplexu batean posible den zorion bakarra zorion konplexu bat da. Aipatzen dudan zorion hau ez da arrazakeriaz, matxismoaz, gerra egoeraz edo zapalkuntza ekonomikoaz aparte dagoena, ez ditu ebitatzen errealitate horiek, esango nuke errealitate horien zirrikituetatik sortzen dela”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)