Albisteak

"Iluntzen" estreinatuko du Mairu antzerki taldeak

Astelehena, 2021-02-22

Gaizka Sarasolaren testu batetik abiatuta, Iluntzen antzezlana estreinatuko du Lesakako Mairu antzerki tailerrak, larunbatean 18:00etan Harriondoa antzokian. Udaberrian, Ganbila antzerki bildumaren barruan irakurri ahal izango da.

Gaizka Sarasola idazlearen testu batetik abiatuta Iluntzen antzerki lana estreinatuko du Mairu Antzerki Tailerrak. Larunbatean (otsailak 27) 18:00etan Harrionda antzokian izango dute estreinako aldia eta, ondoren, martxoaren 28an 18:00etan Berako kultur etxean ikusi ahal izango da.

Gaizka Sarasola aspalditik ezagutuko du antzerkizaleak, besteak beste, EDO! argitaletxearekin plazaratu zuelako Erleak, satorrak, beleak (2016) antzerki bilduma. Udaberri honetan bere beste bi testuk ikusiko dute argia Ganbila bilduman, Txoriak eta zauriak eta orain estreinatzen den Iluntzen, biak Mairu Antzerki Tailerreko bidaideekin taularatuak. Cafe Bar Bilbao saria ere jaso zuen 2013an Lurrazpikoak lanarengatik.

mairu

Hauxe da antzezlanaren sinopsia:

Ibai baten ertzean dagoen herri batean bizi dira Erramun Joakin, Mari Pili eta Shepherd Jauna. Beraiekin dago Cristobal ere, ibaia gurutzatu nahi duen jendea laguntzeko prest dagoen erraldoia. Kezkaturik daude herria husten ari delako; jendez gutxitzen… Garai batean aberatsa izandako lekua, iluntzen ari da. Iluntasuna nagusitzen ari da. Ez da ontzirik gerturatzen aspaldian. Ez dute bisitaririk jasotzen. Eta Enara, argia ematen dien gaztea ere, kanpora joatekoa dela jakitean, etsipena eta kezka nagusitzen dira. Nola eragotzi herria itzaltzea? Nola biziraun?

Zaharkitzen dira herriak. Gazteek ihes egiten diote, halabeharrez, zerbait hobearen bila, edo ez dutelako bertan beraien lekurik aurkitzen. Garai batean aberatsa izandakoak, aberastasunak zabaldutakoa, kanpotik aberatsak ere erakarritakoak, isolaturik gelditzen ari dira; bizirauteko ia esperantzarik gabe. Bazterreko jendeari mugak itxi nahian ibiltzen gara, eta mugatuak bilakatu gara gu ere. Abiada bizian mugitzen den mundu honetan, bazterrean gelditzen dira lekuak; bazterrean gelditzen da jendea.

Lantaldea:

- ZUZENDARITZA: MAIRU antzerki tailerra.

- KANPO BEGIRADA: Manex eta Ximun Fuchs.

- TESTUA: Gaizka Sarasola.

- AKTOREAK: Iban Garro, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi, Ritxi Abril.

- SOINU DISEINUA: Ibai Gogortza.

- ARGI DISEINUA: Andoni Mendizabal.

- AHOTSA eta BAREA: Josune Etxepare.

- TXOTXONGILOAK eta ELEMENTUAK: Battitt Halsouet.

- ATREZZOA: Eduardo Conde eta Beñat Saralegi.

- ARGAZKIAK eta KARTELA: Maider Arrieta.

Soinu ekarpenak: soinumapa.net; J.S.Bach, Alessandro Marcello.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)