Igor Estankonak “Moskito” poesia liburua kaleratu du
Osteguna, 2020-03-19Udaberriko nobedadeen aurkezpenak parentesi egoeran gratu dira, baina berrogeialdiaren aurreko egunetan hainbat liburu plazaratu ahal izan dira. Igor Estankonaren Moskito poesia liburua haien artean. Oraindik eskuratu ezin izan dutenen pozerako, Susako ohi duen moduan liburua kaleratu orduko sarean jarri du osorik. Irakurtzeko aitzakiarik ez, ondoren paperean eskuratzeko gogoa piztearekin batera. (Argazkia: Susa).

Poesia zaleen artean izen ezaguna da Igor Estankonarena. Bosgarren liburua du egunotan plazaratu duena, Moskito (Susa). Hamaika urte pasa dira aurrekoa plazaratu zuenetik, Iratzeen esporak (Susa, 2009), baina bitartean ez da geldirik egon. Estankonak Argian publikatu ditu urte luzez poesia liburuei buruzko kritikak, oso ez ohikoa den gogoeta hari bat zabalduz literatur genero honen zaleen artean. Oraingo honetan, berriz, sormen propioko ahotsetik datozkigu berbak. Argitaletxeko kideek honela aurkeztu dute:
“Moskito Igor Estankonaren bosgarren poema liburua da, azkenekotik hamaika urte igaro ondoren argitaratutakoa. Gai eta erreferentziaz beterik dator, hainbat irakurketa posible iradokiz.
Bizitzaren bideak bezain zabala eta ustekabekoa, Moskito aitatasunaz ari da, bikoteaz, nazioaz, heriotzaz. Estankonak badaki zinikoa izaten, baina badaki esperantzari eta poesiaren edertasunari eusten ere.”
Berria egunkariak jaso ditu aurkezpeneko hitzak idazlearen ahotik, “Agerian ez dena ere bada” artikuluan: «Moskito da nire egia, gezurrekin eta hondakinekin egina, eguneroko bat edo biografia bat baino egiazkoagoa, poesia delako».
Egilearen anaiak, Borja Estankona musikariak, egin dio azala. “Gero infinitoa” izeneko poema ekarri digute kontrazalera, jarraian duzuena: