Albisteak

Hori zen dena, Goiatz Labandibarren liburu berria

Osteguna, 2019-10-10

Hori zen dena izeneko ipuin liburua argitaratu du Goiatz Labandibarrek, Alberdania etxearen eskutik. Pasa den astean aurkeztu zuen prentsaren aurrean. Hamasei kontakizun labur bildu ditu bertan, hurbileko harremanak ardatz moduan hartuta.

Hori zen dena dugu Goiatz Labandibar (Oiartzun, 1985) idazlearen laugarren liburua. Aurrez, hiru lan hauek kaleratu ditu: Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar, 2013), Hala bazan… klixk! (Donostia 2016) eta Fotogramak (Elkar, 2016). Gure atariko kolaboratzailea ere bada Labandibar, pasa den astean argitaratu zuen lehen sinadura.


 

Xalotasun landua

Labandibarren ibilbidea nabarmendu du Jorge Gimenez Bech Alberdaniako editoreak liburuaren aurkezpenean: autorearen laugarren lan hau “literaturgintza umotu baten” emaitza da, eta Labandibarrek euskal letretan “leku propio, eroso eta dotore” bat eskuratu duela uste du.

Lanari dagokionean, egilearen xalotasun landua azpimarratu du. Xalotasun hori, Gimenezen arabera, lanketa literarioaren fruitua da. Bestalde, oiartzuarraren komunikatzeko trebezia, erraztasuna eta naturaltasuna goretsi ditu. Editorearen esanetan, Labandibarrek bizitzaren eta errealitatearen ifrentzuak erakusten dizkio irakurleari, ahotsa batere behartu gabe. Renoir margolaria nola, estilo inpresionistaren teknikak baliatzen ditu autoreak horretarako.


 

Laburrean eroso

Autoreak hartu du hitza, eta azaldu du azken hiru urtetan idatzitako aleak bildu dituela liburuan. Ohartu da, azkenaldian, laburrago idaztera egin duela, eta eroso sentitzen dela hor. Azkenaldian, historiak kontatzeko, “aski” izan du hitz gutxi batzuekin. Horrez gainera, kontakizun guztiz garaikideak direla adierazi du “hemen eta orain” gerta litezkeenak.


 

Harremanak horren zailak ote dira benetan?

Giza harremanak landu ditu Labandibarrek istorio hauetan, era askotakoak, baina hurbilekoak: familiak, bikotea, adiskidetasuna… Dramarik gabe begiratu die. Hain justu ere, izenburua, Hori zen dena, horregatixe hautatu du, ipuin batean baino gehiago agertzen delako esaldi hori, eta bukaera adierazteko balio arren, esaldiak orobat adierazten duelako, batzuetan, hori zela dena, hori baino ez, ez zela hain konplikatua. Autoreak uste du, zenbaitetan, guk geuk konplikatzen ditugula berez errazagoak izan zitezkeen gauzak.


 

Arrastoa utzi

Labandibarrek eskerrak eman dizkio Iñaki Zapirain lagunari –azala hark egin du–, idazketa-prozesuan babesa eman diolako. Azkenik, liburuari zer opa dion galdetuta, autoreak esan du poztuko litzatekeela baldin eta istorio hauek “arrastoa” uzten badiote irakurtzen duenari. Arrastoa izan daiteke “irribarre bat, edo zer pentsatua ematea.


Hori..

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)