Apirilaren 30ean amaituko da Eztena antzerki laborategietan izena emateko epea
Ostirala, 2019-04-26Apirilaren 30ean amaituko da Eztena antzerki laborategietan izena emateko aukera. Hiru sormen egonaldi antolatu dituzte, proiektu bakoitza zuzendari batek gidatuta. 20 antzezlek izango dute aukera egonaldietan parte hartzeko, eta ondoren, ekainean ospatuko den Eztena jaialdian sormen egonaldietako emaitzak erakutsiko dira. Aktoreeek ez ezik, arte diziplina ezberdineko sortzaileek ere izena emateko aukera izango dute.

Honako hauek izango dira gidariak: Espe Lopez, Legaleon-T. eta L´Alacran taldeetako kide ezaguna; Horman Poster, Lehergailuaren teoria eta Iragan perfektua bezalako lanetan dramaturgia berriak landu izan dituen Bilboko taldea; Metrokoadroka sormen laborategia, Miss Karaoke edo Zanbuia! bezalako lan kolektiboen egile den Oiartzun/Orereta inguruiko kolektiboa. Haiek izango dira izena ematen duten sortzaileekin elkarlanean aurtengho Eztena jaialdiaren egitaraua osatuko duten lanen egileak. Helburua, nolanahi ere, ez da izango emaitzaren nolakotasuna, sormen prozesuaren kjalitatea baizik. Horregatik, helburua izena ematen dutenen sortzaile izaera propioa sakontzea izango da, laborategietan formazio bat jasotzea baina norbera egiten ari den balizko sormen-bilaketan oinarritua. Hartu eman bat izango dira laborategiak, baina hiru gidariek proposatuko dituzten lengoiaetan murgiltzeko aukerarekin.
Proposamen arriskatua eta ausarta da Eztenako antolatzaileek proposatzen dutena. Jaialdi gisa egindako hamar urteko ibilbidearen ostean, formatua eraberritu eta jaialdia indarberritu nahi izan dute bultzatzaileek, ohiko helburuei fidel hala ere: sortzaileen arteko harremanen sareak bultzatzea, dramaturgia berriei dagokienez edo taldeak antolatzeko moduei dagokienez arriskuak hartzen dituzten proiektu eta sortzaileen erakusleiho izatea, arte eszenikoen inguruko gogoetagune kritikoa izatea.
Espe Lopezen tailerra aktore profesionalei dago zuznedua batez ere (IKUS HEMEN), Horman Posterren proiektuan familia batek eman dezake izena (IKUS HEMEN), Metrokoadroka kolektiboaren laborategian aktoreek ez ezik beste arte diziplinetako kideek parte har dezakete: idazle, dantzari, musikari, pintore... (IKUS HEMEN).
Honela aurkeztu dute antolatzaileek proiektua:
Antzerkiaren izurritea zabaltzera gatoz aurten EZTENAn.
Hiru sormen egonaldi antolatu ditugu. Proiektu bakoitza zuzendari batek gidatuta. 20 antzezlek izango dute aukera egonaldietan parte hartzeko. Hilabete batez Errenteria-Oreretan lan egitera gonbidatuko ditugu. Bertan bizi eta herriaren bizitzaz elika daitezen.
Zuzendari gonbidatuek euren lengoaiak eta poetikak partekatuko dituzte parte-hartzaileekin. Izurrite baten moduan pasioa, sormenaren izaera kritikoa eta batez ere jolasa kutsatuko dituzte. Antonin Artaudek zioen bezala “teatroa erritual bat delako,
erraietatik bultzaka datorren izurrite gordin eta eder bat”.
Ekainaren 21, 22 eta 23an erakutsiko dira laborategien emaitzak, Eztena jaialdian.
Izurritea badator. Kutsatu nahi?
Informazio gehiago Oarsoaldeko Hitzan: "Eraldatuta, antzerkiaren izurritea zabaltzen jarraituko du Eztenak"