'Hauts haietatik' nobela eta 'Hiri asko bere baitan' emanaldia
Asteazkena, 2016-04-06Martxoan aurkeztu berri du Hauts haietatik nobela Unai Villenak, Igartza Sariari esker. Lehen nobea du Villenak, baina lehenago ere ezaugutu ahal izan ditugu bere testuak, "Hiri asko bere baitan" proiektuaren barruan. Apirilaren 8an Bilbon emanaldi berezia egingo dute bi proiektuak uztartuta.

Bilboko Hikaateneon jarri dute hitzordua apirilaren 8an 19;30ean. Emanaldiaren egileek zabaldu dutenez, Unai Villenaren Hauts haietatik liburuko pasarteak txertatuko dituzte beren ohiko emanaldian: "Hiriak ezkutatzen dituen hiriekin batera, hautsak ere izango dira protagonista oraingo honetan, Hauts Haietatik nobelaren (Elkar, 2016) pasarteak txertatuko baitira ohiko ikuskizunean, liburua aurkeztu eta paperaren mugak hedatzeko helburuarekin".
2015eko otsailean estreinatu zuten oholtza gainean Hiri asko bere baitan emanaldia, Literatura, argazkigintza eta musika uztartzen ditu proiektuak, eta oholtza gaineko emanaldiaz gain argazki erakusketa batekin eta libruxka baten argitalpenarekin osatu zuten. Aitor Gomez, Unai Villena, Asier Olabarrieta dira proiektuaren bultzatzaileak, argazkien, testuen eta musikaren egileak hurrenez hurren. Zuzeneko emanaldietan beste lagun batzuekin osatu ohi da oholtza gaineko taldea: Kepa Errasti aktorea jardun ohi da "antzezabeslari" lanetan, eta Asier Olabarrietaren ahots eta gitarrarekin batera Andoni Alonso baterian, Aitzol Mujika baxua-tronboi-beatbox-ahots zereginetan.
Hauts haietatik nobela berriz martxoan aurkeztu zuten, HEMEN irakurri dezakezue prentsaurrekoari dagokion kronika.
Hauts haietatik
Bere lagun Anderren bizitza kontatu nahi digu Oierrek: gazte ausart eta bizialea, lana, ikasketak, sexua, parrandak⦠dena ondo doakiona, harik eta zurrunbilo batean sartu eta geldialdirik gabeko gainbeheran jausi arte: drogen kontrola galtzea, agerpen psikotikoak, ospitaleratzea, desintoxikazio-zentroa, psikiatrikoaā¦
Adiskidetasun-istorio bat da hau, lagunak lagunari egindako maitasun-keinua; baita gaixo mentalei ezartzen zaien estigma sozialaren eta psikiatrikoen salaketa hunkigarria ere; eta, horrez gain, 80ko hamarkada hasieran jaiotako belaunaldiaren kronika: promesaz betetako haurtzaro oparoaren eta gaztaro hedonista baten ostean, maiz, etorkizun argirik gabeko helduaroa topatu duena.