Albisteak

Gaur eta bihar, Leire Bilbaoren eta Nahia Zubeldiaren errezitalak Poesia Orduetan

Astelehena, 2021-09-06

Donostia Kulturak eta EIEk Poesia Orduak egitasmoa antolatu dute beste behin ere: gaur eta bihar, Leire Bilbaoren eta Nahia Zubeldiaren poesia errezitalak izango dira, hurrenez hurren, Donostiako Viktoria Eugenia Cluben. Irudia: LUMI taldeko kide Manu Matthys eta Nahia Zubeldia.

 

Poesia Orduak egitasmoa antolatu dute, beste behin ere, Euskal Idazleen Elkarteak eta Donostia Kulturak. Euskarazko poesiari leiho bat irekitzen diote ekitaldi hauek. Aurtengo edizioan, urari loturiko bi emanaldi izango dira. Gaur, Leire Bilbaok irakurriko ditu bere poemak, eta bihar, berriz, Nahia Zubeldiak.

Bi errezitalak Victoria Eugenia Cluben izango dira, iluntzeko 19:30etan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak jaso beharko dira antzokiko leihatilan, emanaldien egunetan arratsaldeko 17:00etatik aurrera.


 

Gaur, Leire Bilbao eta Etxeko urak

Batetik, gaur bertan, Etxeko urak (Susa, 2020) poema-liburuko poemak irakurriko ditu Leire Bilbaok, Maite Larburu musikariaren laguntzarekin. Iaz argitaratu zuen liburua Bilbaok, helduentzako kaleratu duen hirugarrena, amatasunetik idatzia.

Hala dio liburuaren sinopsiak: «“Horrek etxeko urak dauzka” esaten da Ondarroan etxetik edan duela esateko, etxeko izaera dakarrela. Bada beraz iturburu bat. Amatasunetik idatzitako liburu bat bainoago, leku batetik idatzitako liburua baita Etxeko urak, amatasunetik. Urak botaz hasten da, umearen eta amaren erditzearekin; listua eta hizkuntza datoz gero, kolektibotasunaren marea, eta harraska inguruko domestikotasuna. Liburua ez dago amatasun idiliko batetik idatzita, ezta amatasunaren ukaziotik ere. Badira pozak eta minak, badago samurtasuna eta ama izatearen pisua, disidente izateko nahia eta ordena soziala mantentzearen arduraduna izatearen kontzientzia, dena alde batera botatzeko gogoa eta norbere ama ulertzeko saiakera».

Hona hemen Irakurrieran saioan Bilbaori egindako elkarrizketa.


 

Bihar, Nahia Zubeldiaren poema likidoak

Bihar, berriz, Nahia Zubeldiaren txanda izango da. 2020ko azarotik abendura bitarte, sormen-egonaldia egin zuen Nekatoenean, eta egonaldi horren emaitza dira bihar aurkeztuko dituen aleak. Idazlea ez ezik musikaria da Zubeldia, eta Manu Matthys LUMI taldeko beste kidearekin batera eskainiko ditu bere lanak.

«Poema likidoak» deitzen da emanaldia, itsasoarekin loturiko poemak dira-eta. Izan ere, Getariako Elkano 500 Fundazioaren partaidetza izan zuen 2020ko Nekatoeneako deialdiak, eta egilearen lanak, modu batera edo bestera, itsas bidaia harekin izan behar zuen zerikusia. Honela azaldu zizkigun bere asmoak Zubeldiak elkarrizketa batean.

«Olerki bilduma bat sortu nahi nuke, itsasoaren aurpegi gazi-gozoez. 1519an Elkanok mundu bira hasi zuenetik 2020ra, itsasoa eta bere erronkak errotik aldatu dira. Garaian, itsasoak euskaldunei mundua zabaldu zien. Egun, mundu zabala ttipi bilakatu da, eta ondorioak garbi agertzen ari zaizkigu. Itsasoak baditu milaka aurpegi. Funtsean, egun batetik bestera, kasik segundo batetik bestera ere aldatzen zaio bisaia, begiratzen duenak xerkatzen duenaren arabera. Horrekin jostatu nahi nuke olerkiak sortzeko. Eta gero, bilduma ene gustukoa ateratzen bada, Lumirekin musikaz biziarazteko ideia ere banuke».


 

Mutuberria_Kartela_2021

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)