«Fiesta: Eguzkia jaikitzen da» itzuli du Koro Navarrok
Astelehena, 2021-03-29Literatura Unibertsala bilduma haziz doa poliki-poliki; gaur bertan, Ernest Hemingwayren eleberri ezagun bat aurkeztu dute: Fiesta: Eguzkia jaikitzen da. Koro Navarrok itzuli du, eta Ereinek eta Igelak argitaratu. EIZIE elkartea arduratzen da, berriz, liburuak hautatzeaz eta itzulpenak esleitzeaz, lehiaketa bidez.

Ehun eta hirurogeita hemeretzigarren izenburura iritsi da Literatura Unibertsala bilduma. Ernest Hemingwayren Fiesta: Eguzkia jaikitzen da eleberria itzuli du Koro Navarrok. Autore estatubatuarraren lehen eleberria izan zen hura, eta sona handia bildu zuen. Hain zuzen ere, autorearen lan klasikotzat jo ohi da.
«Parisen bizi diren eta idazle izan nahi duten kazetariamerikar batzuen ibilerak eta festarako gogoa kontatzenditu Jake Barnesek, liburuko narratzaileak». Horrela laburbildu du Anjel Lertxundik, hitzaurrearen egileak, liburuaren muina. Argumentuak oso konplexua ez dirudien arren, beste faktore batzuetan datza liburuaren balioa, Lertxundiren esanetan «Fiestan kontatzen dena ez litzateke bereziki in-teresgarri, ez balitz bertan gertatzen diren peripeziaegunerokoak kontatzeko moduarengatik. Kixoteari gertatzen zaio. Edo Denbora galduaren bilari».
Besteak beste, obraren askotarikotasuna azpimarratu du Lertxundik: «badu trama estilizatu bat, harinagusietakoa, zeina den Brett Ashley erizainak kuadrillan eragiten dituen erreakzio sentimentalen kontakizuna; baina liburuak asko du erreportajetik ere (sanferminak protagonismo handia du); bada, gainera, oroitzapen-liburua; eta bada, halaber, bidaia-liburua ere».
Liburuko beste alderdi aipagarri bat da idazketa-estiloa, «esaldi laburrak, sintaxi bihurririk ez», kontakizunaren erritmoa: «Nobela guztian zehar zinemaren aipamenik ez badago ere […] kamera baten begirada da narratzailearena. Gertakarien mugimenduak jasotzen ditu, baita sotilenak ere, eta kontakizun osoan erritmo bizi-bizia da nagusi […] Ez naiz jatorrizkoaren erritmoa juzgatzeko gai, baina Koro Navarrok euskaraz emandakoa eredugarria da euskarazko prosarentzat. Ekonomikoa bezain efikaza».
Navarrok, bestalde, itzulpenari buruzko gako batzuk aletu ditu, liburuaren hasieran, ohar batean. Izan ere, Fiesta: Eguzkia jaikitzen da roman à clef bat da, hau da, «egiazko gauzak kontatzen ditu» fikzioaren itxurarekin, eta, besteak beste, Euskal Herriko tokiak eta gertakariak deskribatzen dira bertan. Navarroren arabera, alde horretatik bereziki interesgarria da liburu euskaldunontzat: «Euskal Herrian garatzen da kontakizuna: Baionan, Donibane Lohizunen, Auritzen eta Irati ibaian, Donostian eta Iruñean. Euskal Herririk ez da hemen existitzen, ordea, Frantzia eta Espainia baizik. Euskaldunak bai: the Basques. Hemingwayrentzat, beste askorentzat bezala, baserritarrak».
Hemingwayren beste lan batzuk euskaraz
Hauxe da Hemingwayri euskarara itzuli dioten lan nabarmenetako bat; edonola ere, aurrez argitaratu dira, han eta hemen, haren kontakizun batzuk, eta bi liburu: Agurea eta itxasoa nobela itzuli zuten Gotzon Goenagak lehenik (Itxaropena, 1963) eta Joxemari Iturraldek gero (Elkar, 1986); bestalde, Francis Macomber eta beste zenbait ipuin narrazio-bilduma euskaratu zuten Javi Cillerok eta Xabier Olarrak 1998an, Igelaren eskutik.
Irudiak
