Eako Poesia Egunei buruz jakin beharreko guztia (edo ia guztia)
Hitzaldiak, errezitaldiak eta kontzertuak, uztailaren 11ko asteburuanAstelehena, 2014-06-30Bilbon jaio zen Gabriel Aresti baina azken urteak Ean igaro zituen. Aurten, Eako Poesia Egunak jardunaldien hamaikagarren edizioan, leku berezia izango du poeta bilbotarrak: bi hitzaldi antolatu dituzte haren lana berrirakurri eta aztertzeko, eta Gabrielen lekua sentikariaz gozatzeko azken aukera izango dugu. Herrijeri Emon Arnasa Kultura Taldeak ekitaldi bete asteburu prestatu du eatarrentzat eta egun horietan hurbilduko diren bisitarientzat.

Eako Poesia Egunak, uztailaren 11, 12 eta 13an
Hamaika eta bat Ea poesiari
Uztailak 11 barikua
Hitzaldia: Gabriel Arestiren Harri eta Herri: Nondik dator harria?
Harri eta herri liburua argitara eman zenetik 50 urte bete direnean, Gabriel Arestiren Harriaren zikloa deitu izan denaren ezagutzarako klabeak argitu guran, hitzaldi-elkarrizketa, Karmelo Landa eta Laura Mintegiren artean.
Karmelo Landa eta Laura Mintegi. 20:00etan Udaletxean
Sentikaria: Gabrielen lekua
Gabriel Arestiren pertsona eta lana eguneratzea du helburu sentikari honek. Lekuak hartu dituzte horretarako ardatz: Bilbo, Baiona, Arantzazu, Ea... Eta haren izaeraren zein obraren alderdirik garrantzitsuenak leku ezberdinekin lotuko dituzte: haurtzaroa, euskara ikasteko erabakia, justizia sozialarekiko kezka, obra literarioa, gutun trukeak, euskara batuaren sorrera, ideologia... Arestiren obraren pasarteekin batera, sortzaileek beren beregi sorturiko lanek osatuko dute sentikaria; eta hainbat kultur adierazpide elkartuko dira oholtzan: musika, bertsolaritza, deklamazioa, ikus-entzunezkoak…
Rafa Rueda, Andoni Egaña, Oier Guillan, Alain Urrutia, Iraia Elias, Ainhoa Alberdi, Naia Membrillera eta Iban Urizar.
22:30ean Eskolondon
Uztailak 12 zapatua
Hitzaldia: Itsasoa da bide bakarra
Joseba Sarrionandiaren lanetan, itsasoa ez da baliabide koloretsu huts bat, ez eta atrezzo lanak betetzen dituen paisaia —batzuetan basati, beste batzuetan etsipenezko— bat ere, bere obren muin-muinean txertaturik dagoen gaia baizik, batzuetan metafora, beste batzuetan sinbolo esanahiz kargaturikoa. Obra guztien artean osatutako amaraunetik, itsasoaren esanahi ez literalak eratortzen dira, zeinak ezinbestekoak diren Sarrionandiaren obraren sakoneko dimentsioak azalera ekartzeko. Horiek horrela, Joseba Sarrionandiaren 1981-2001 bitarteko lanen irakurketa proposamen bat eskainiko digu Eider Rodrigezek.
Eider Rodriguez. 11:00etan Eskolondon
Poema errezitaldia: Parisen bizi naiz
Gentrifikazioaz ari zaigu Koldo Parisen bizi naiz liburuan. Nola Antigua bezalako langile auzoguneetan, inoiz izan ziren fabriken arrastorik dagoeneko ez den, burgesia ertain bat kokatu delarik berriro maoizko prakak nekez ikusiko dituzten plazetan. Turismo kulturala eta turismo gastronomikoa. “Perla polit biribila/dendarien hiri hila”. Eta turismoak morrontza dakar, inbasiboa baita. Turismo horren menera suntsitu dute Donostian popularra dena edo langileen munduarekin zerikusia duen guztia. Bitartean, zelatari dugu “bekatuak banatzen dizkigun sacré-coeur ankerra”, Urgulleko begia. Donostiak bere historia asumitu beharra dauka, eta zer izan nahi duen erabaki, nortasunik gabe geldituko ez bada.
Koldo Izagirre. 13:00etan Talan
Herri-bazkaria 15:00etan Bedaronan
Poema errezitaldia: Idazleak irakurle
Mikel Etxaburu (Ondarroa, 1969). Gazte-gaztetatik literaturak eta hizkuntzak erakarrita, Euskal Filologian doktoratu zen orain urte batzuk. Gaur egun, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultatean egiten du lan. Hodeiak zapatetan da argitaratu berri duen bigarren poema-sorta. Lehenengoa Zu zara orain txoria izan zen.
Mari Luz Esteban Burgosko herri batean jaio zen (Pedrosa de Valdeporres, 1959). Gizarte antropologia irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta hainbat argitalpen ditu egindako ikerketen ingurukoak, hala nola, Antropología del cuerpo. Género, itinerarios corporales, identidad y cambio (Bellaterra, 2004) eta Crítica del pensamiento amoroso (Bellaterra, 2011). Iaz bere lehen poema liburua argitaratu zuen, Amaren heriotzak libreago egin ninduen (Pamiela, 2013).
Jule Goikoetxeak (Donostia, 1981) hamasei urterekin plazaratu zituen lehen poemak (Talde Plastikoa, 1997), baina bere lehen poesia liburua, Tractatus, aurten argitaratu du (Susa, 2014). Filosofian doktorea eta zientzia politikoko irakaslea da. Politikako Cambridgeko aldizkariko editorea da, eta Euskal Herriko hainbat egunkaritako kolaboratzailea.
Luis Gardek (Iruña, 1961) Filologia ikasi zuen. Zazpi poema liburu argitaratu ditu: Oihan nabarra (BBK-Euskaltzaindia, 2004), Haize hegoaren aroak (Pamiela, 2007), Gertakarien urtzea (Alberdania, 2008), Unplugged (Kutxa, 2009) Maizter arrotza (Erein, 2013), Trenen abiadura (Pamiela, 2014) eta Eremuen birkalifikatzea (Pamiela, 2014).
Felipe Juaristi (Azkoitia, 1957) idazle eta kazetaria da. Hogeita bost baino gehiago dira argitaratutako liburuak. Horien artean aipatzekoak dira poesia arloan: Denbora, nostalgia (1985), Hiriaren melankolia (1987), Galderen geografia (1996) eta Piztutako Etxea (2014). Bere obra gazteleraz, ingelesez, italieraz eta frantsesez itzulita dago. Poesiaz gain, aipagarriak dira honako lan hauek: Animalien inauteria (1999), Airezko emakumeak (2003) eta Ez da gaua begietara etortzen (2007).
Joseba Irazoki, jakin-mina bere baitan errotua duen joera askotariko gitarrista polifazetikoa, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Hainbat musikarirekin gitarra jole fin eta irudimentsu gisa luzaroan ibili da Joseba: Mikel Erentxun, Atom Rhumba, Xabier Montoia, Petti, Anje Duhalde, Bide ertzean, Terry Lee Hale, Maixa eta Ixiar… Kantugile eta abeslari moduan agertu zen duela urte batzuk Onddo bere pop-rock taldearekin eta Do inprobisazio proiektuarekin.
17:00etan Bedaronan
Kontzertua: Etxepare RAP
Literatura, Rap oinarrietan kantatua. Bernard Etxeparek 1545ean argitaratu zuen euskarazko lehen liburutik abiatuta gaur egunera artekoa. Axularrek, Oihenartek eta Mirandek zer kontatu asko dutelako gaur egun ere. Etxepare RAP: musika bidaia bat gure konstelazio familiarretara.
Imanol Epelde. 20:00etan Eskolondon
Dantza emanaldia: Mu-To: Txinaraino tunel bat zulatu
Mu-To: Txinaraino tunel bat zulatu emanaldian, Azkonak ideia baten bueltan eginen du dantza: ezinezkoa da lehenaldia izan zen moduan gogoratzea, oroitzea beti baita orainaldian egiten den eraikin arrazionala. Abiapuntu hori hartuta, bidaia bat proposatu nahi dio ikusleari, norberaren bizipenetan hasi eta fikzioraino, oroitzapenaren eraikuntzaraino doan bidaia. Sortzera bultzatu nahi ditu ikusleak. “Ezin badugu lehenaldia objektiboki jaso, asma dezagun”. Eta bera bezain protagonista nahi du ikuslea. Dantzariaren eta ikusleen arteko nahasketa horretan, memoria pertsonala eta kolektiboa lotu nahi ditu.
Laida Azkona. 22:30ean Eskolondon
Kontzertua: Oso banda
Oraingoan bakarka dator, one man band formatuan. Kantatzeaz gainera, hainbat soinuren efektuak eta programazioak maneiatuko ditu, eta gitarrei, harmonikari eta bonboari hitz eginaraziko die. Zein izanen den azken helburua? Erritmo eta soinuen anabasa neurtu bat sortzea, hainbat kalibretako konposizio genuinoak disparatuz. Folka, bluesa, psikodelia eta tresnen esperimentazioa: proposamen artistiko bikain bat, harrigarria eta sailkaezina aldi berean.
Joseba Irazoki. 23:30ean Eskolondon
Uztailak 13 domeka
Hitzaldia: Arestiren imajinario poetikoa eta genero-eraikuntzak
Iratxe Retolaza eta Danele Sarriugarte. 11:00etan Eskolondon
Kontzertua: Kantu bat zure minari
Bide Ertzean. 13:00etan Moilan
Herri-bazkaria
15:00etan Natxituko bolatokian
Poema errezitaldia: Hondakindegia
Iñigo Astiz eta Mikel Ayerbe. 17:30ean Natxituko bolatokian