Booktegi: literatura irakurri, ikusi eta entzuteko aukera zabaltzen
Asteartea, 2020-03-31Edukiak pilatzen eta guztion eskura jartzen jarraitzen du Booktegi proiektuak, zaleon gozamenerako. Itxialdi garaiotan ere hainbat nobedade helarazi dizkigute, bideo eta liburu digital moduan. Jarraian duzue berrienen zerrenda bat.

Joseba Aurkenerena Barandiaranen BIDEETAN BARNA poesia liburua
Ikus HEMEN
Berrogeita hamaseiko otsailean sortu ninduten, elurte handiak Euskal Herria estaltzen zuenean. Hotz handia egiten zuen eta Jaizkibel mendiko basoak izoztu eta desagertu omen ziren. Horma-ziriak nonahi ikus zitezkeen. Horrela kontatu didate beti, bederen. Negu gorria igaro zelarik, udaberri ederra etorri omen zen eta kolore guztietako liliek euskal bazterrak alaitu zituzten…
Harkaitz Canoren AZKEN AURREKO MANIFESTUA
Ikus liburua HEMEN
Azken aurreko manifestua idatzi nahian zuzentzaile ortografikoarekin borrokan. Aldarri egin beharrean gaude aldarri, hitzak eta aditz taulak aldarrikatzeko sasoian oraindik. Manifesté bat idatzi nahi nuke baina ex dit unten sistemak…
Liburua aurkezteko ekitaldia egin zuten Donostian: Iraia Eliasek eta Idoia Hernandez "Hatxe"k Harkaitz Canoren 'Azken aurreko manifestua' interpretatu zuten, Anjel Lertxundik eta Harkaitzek berak lanaren inguruan hausnartu zuten.
Xabier Etxaniz Rojoren NIRE LAGUN FELIXEK DIO... zutabe bilduma
Ikus HEMEN
Har al dezakegu zutabegintza genero literariotzat? Ez dakit zein izango den zure iritzia irakurle, baina ez nuke gutxietsiko, inola ere ez zutabegilearen lana. Are gehiago, idaztearekin lotutako lanbideen artean, zailtasun gradurik handienetakoa, aitortuko nioke sormena hain baldintza estu eta maiztasun itogarrira egokitzeko trebeziari. Saiatu kontatzen nobela bat 1500 karakteretan, egunero, astero, bi astetik behin...
Ibon Larrazabal Arrate idazleari elkarrizketa
Emilio Salgariren URRUTIKO MENDEBALEKO MUGAK
Ikus HEMEN
— Gaua txarra izango dugulakoan nago — zioen Devandel koronelak. Ameriketako gobernuak bidalitako gizona zen hau, cowboy direlakoen kontra. Berak zaintzen zituen ba, inguruko mendi haiek —. Erne ibili indioekin, ze bestela gauza baitira mendi lepoa igarotzeko!