"Bioi" testu irakurketa musikatua, Gabriel Aresti eta Joxe Azurmendi gogoan
Astelehena, 2021-01-11Urtarrilaren 14an bederatzi urte beteko dira Jose Luis Alvarez Enparantza "Txillardegi"ren heriotzetik. Egun horretan bertan, 19:00etan Donostiako Victoria Eugenia Clubean, "Bioi" emanaldia eskainiko dute, Gabriel Arestiren eta Joxe Azurmendiren belaunaldi literarioari omenaldia.

Testu irakurleak Fito Rodriguez, Oihana Maritorena eta Olatz Beobide izango dira. Musikariak Telmo Trenor eta Unai Pelaio (Pelax). Abenduan bertan aurkeztu zuten Fito Rodriguezek berak eta Karmelo Landak "Bioi" liburu parea, Joxe Azurmendiren eta Gabriel Arestiren obra poetikoak eta idazmoldeak lehen lerrora ekarri guran. Emanaldiak liburuen izen bera dauka, honatx arduradunek idatzi duten aurkezpena:
Azurmendiren Manifestu Atzeratua (1968) zentsuratuaren egiturari segitzen dion "Hitz modestu hatz eratua" olerkiak irekitzen du Bioi idazkia. Ondotik datoz "Aingeru Guardakoa Euskal Herrian", "Gorriak eta bi", "Gurutzebidea" eta "Arantzazutik Eara"rainoko poemak. Burutugabe dagoen continuum bat non, Aresti Bilbotik Azurmendirengana Arantzazura bisitan joan zitzaionean eta bien artean lotura estetikoak sortu zireneko giroa berrekuratzeko ahaleginak egingo ditugun. Bi autoreek, gaietan nola idaztankeran ekarritako «hausturak» euskal subjektibitate berri baten ardatzak ekarri zituzten euskal literaturara. Oinarri poetiko haiek berreskuratzen saiatuko gara ekitaldi honetan.
Ekitaldirako sarrera gonbidapen bitartez da, eta lortzeko, aldez aurretik izena eman behar da hemen: donostiakoliburutegiak@donostia.eus
Ikus hitzordua Donostia Kulturaren webean. Eta, jarraian, liburuaren aurkezpenaren bideoa: