Albisteak

"Auskalopitekus" Don Inorrez taldearen kanta berria entzungai

Asteartea, 2020-04-07

Martxoan Loraldian estreinatzekoak ziren Zaharkitze programatua ikuskizuna, literatura, musika eta bertsoa uztartuta. Beste proiektu askorekin gertatu bezala, hura ikusteko aukera linbo batean geratu zen, balizko etorkizun batean programatua izateko zain. Hala ere, edukiak jendaurrean aurkezteko prest ziren, haien artean “Don Inorrez” taldeak emanaldirako sortua zuen kanta berria. Jarraian entzun dezakezue kanta hori.

Asko dira koronabirusarekin bertan behera geratu diren emanaldiak, tartean batzuk estreinaldiak. Martxoan Loraldian eskaintzekoa ziren, kasu, Zaharkitze programatua ikuskari berria, Garbiñe Ubedaren testu batetik abiatuta hainbat artistek elkarlanean taularatu behar zutena. Artista horien artean zen Don Inorrez taldea. Emanaldian jo behar zituzten kanten artean bazen emanaldirako berariaz konposatutako bat, jarraian entzun dezakezuen “Auskalopitekus”:

Bide Ertzean taldeak atsedenaldi mugagabea hasi ostean, Don Inorrez proiektuarekin ibilbide berria hasi zuen Imanol Ubeda musikari eta, urte luzez, Hitzen Uberaneko bidaideak. Pop doinuak konposatzeari eta poesia musikatzeko ohiko trebeziari beste dohain batzuk gehitu zizkion proiektu berrian, haien artean, ironiaren zirtoa. Don Inorrez doinu eta ñabardura berriz janzteko asmoz aukeratu zituen bidaideak: Imanol Ubedak berak jarri ohi ditu ahotsa eta gitarra, Karlos Aranzegik bateria, Lutxo Neirak baxua eta Ruben Caballerok gitarra.

don inorrez

“Auskalopitekus” kantu berri honi ere ez zaio ez zaio umorerik eta ironiarik falta. Kanta kokatzeko, Imanoli berari eskatu diogu aurkezpen testu bat idaztea:

“Iragan martxoaren 29an, Zaharkitze programatua izeneko ikuskizuna eskaintzekoak ginen Bilbon. Non eta areto arranditsu batean: Guggenheim Museoaren auditorioan. Tumatxa! Garbiñe Ubeda, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Amaia Agirre bertsolarien konpainia noblean. Gauza bitxi bat. Loraldia style.

Iazko abuztuaren amaieran hasi zen dena. Garbiñe Ubeda idazlearen deia jaso genuen. Loraldia Festibalakoek testu bat idatzi eta horrekin performance moduko bat egitea proposatu zioten. Baldintza bakarra ipini zioten: idazlanak etorkizunari buruzkoa behar zuen izan. Jendaurreko irakurraldia girotzeko musika talde bat aukeratzea proposatu ziotela eta ea animatuko ote ginen.

-Irakurraldian hiru bat kanta tartekatu beharko zenituzkete. Ah, Alaia Martin, Onintza Enbeita eta Amaia Agirre bertsolariek ere hartuko dute parte.

Ezohikoa bezain kuriosoa iruditu zitzaigun proposamena.

-Eskerrik asko gurekin akordatzeagatik, Garbiñe. Ilusio handia egiten digu gainera. Baina zer kantatuko dugu guk? Don Inorrezen kantutegia tematika horretara lotzea ez zaigu batere erraza egiten.

-Lasai, Mugiro bila diskoko kantu pare bat ditut buruan. Uste dut ondo egokituko direla istoriora.

-Zer ondo, Garbiñe. Taldekoekin hitz egingo dut lehenbizi, ea nola ikusten duten.

Oso erraz jarri zizkigun gauzak. Beraz, berehalakoan onartu genuen idazle tolosarraren proposamena:

-Behin hasita, polita litzateke abesti berriren bat egitea. Zer iruditzen, Garbiñe?

-Fenomeno!

-Dena den, ez dakit nola ibiliko garen. Entseatzeko egunak topatzeko ere lanak ditugu. Baina saiatuko gara. Testua bukatzen duzunean, bidaliko?

-Ados.

Loraldiko emanaldia urruti zegoenez, bakoitza bere zereginetara lotu zen. Duela bi hilabete edo, lehen zirriborroa iritsi zitzaigun. Uste baino gehiago kostatzen ari zitzaiola aitortu zigun Garbiñek. Zirriborro bat baino ez zela, eta ea zer itxura hartzen ote genion. Gustura jasoko lukeela gure iritzia.

Hura sorpresa hartu genuena. Zaharkitze-programatua-lehen-bertsioa.doc artxiboa harribitxi moduko bat begitandu zitzaigun. Bazuen ironia, bazuen umorea, literatura arloko erreferentzia agerikoak zein subliminalak, jakintza dosi txikitan, kritika… Eta denaren itsasgarri, Garbiñeren idazkera zuzen eta bizia. Gainera, gure hiru kanta txirikordatuta ageri ziren kontakizunean!

Garbiñe Ubedak gure ahalegintxo bat merezi zuen eta lanari ekin genion. Idazteko abileziarik ez dugunok, NOLAri ematen diogu lehentasuna. Horregatik, kantaren hezurdura musikala eraikitzen dugu beste ezer baino lehen. Gero hasten gara ZER esan nahi dugun makinatzen. Hala izaten da ia gehienetan. Kasu honetan ordea, ZER kantatua bagenuen. Zaharkitze programatua kontakizuna ixten duen esaldi biribila:

Auskalopitekus bat besterik ez naiz, nire behe-lainoa noiz saretuko zain.

Auskalopitekus bat besterik ez naiz, nire behe-lainoa noiz saretuko zain.

Neurria, metrika, eginak zetozen. NOLA argitzea baino ez zitzaigun falta. Berehala hartu genion itxura. Gure ekarpenak, entzungo duzue, kantatik baino deklamaziotik du gehiago. Mantra moduko zerbait da, melodia sinple batekin lagunduta. Honakoan, NOLA baino garrantzitsuagoa baita ZER. Eta ZER eder horri traba gutxien egiten saiatu gara. Ez dakigu asmatu ote dugun. Auskalo. Gu ere konfinamenduak ekarri digun behe-laino hau noiz saretuko zain gaude-eta.”

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)