Albisteak

Andre basa bat, Miren Amurizaren lehen eleberriko protagonista

Osteguna, 2019-04-04

Bere lehenengo eleberria aurkeztu zuen atzo Miren Amurizak, Basa, Elkar argitaletxearen eskutik. Orain bi urte eskuratu zuen Igartza beka Amurizak eta liburu hauxe dugu sariaren emaitza. Aurkezpenean, lagun izan zituen Elkarreko editorea, Xabier Mendiguren, Beasaingo alkatea, Aitor Aldasoro eta CAF enpresako euskara arduraduna, Joxe Begiristain. Hain zuzen ere, hiru eragileen artean antolatzen dute urtero, orain dela bi hamarkada luzetik, Igartza beka.

Igartza bekari esker argitaratu den hogeigarren izenburua dugu Miren Amurizaren Basa, eta Beasaingo alkate Aitor Aldasorok nabarmendu eran, kopuruak berak erakusten du sariaren “osasuna”. Bestalde, gogora ekarri du hogeita batgarren edizioa martxan dela –Erika Elizarik eskuratu zuen iaz, Zendabalitz proiektuari esker–, eta hogeita bigarrenaren oinarriak laster onartu eta argitaratuko direla. CAFeko euskara arduradun Joxe Begiristainek, berriz, azpimarratu du Igartza bekari esker publikatutako idazleek ibilbide oparoa jorratu dutela ondoren –idazlea gazte/hasiberriak saritzen ditu bekak–.


 

Zaintzaren ertzak

Ekintzen eleberri bat baino, “pertsonaien eleberri” bat dela azaldu zuen autoreak prentsaren aurrean eta, hala, Sabina protagonistaren eta haren inguruko beste hiruzpalau pertsonaiaren inguruan osatu du eleberri “trinko, hautemangarri eta direkto” bat. Hasieran, proiektua aurkeztu zuenean, hiru pertsonaiaren bideak uztartu nahi zituen; baina gero, lanean hasi eta, markoa eta historia soiltzera jo zuen.

Argumentu soil bat ondu du, beraz. Halaxe dakar liburuaren kontra-azalak:

Zaharra da Altzerreka, erreka-bazter ainube batean dagoen baserria. Zaharra bertako seme Henry, urte luzez Ameriketan artzain ibilia, zangoa anputatu ziotenez geroztik ohean datzana. Zaharra da Sabina Gojenola ere, koinatu elbarria eta etxaldea egoskorkeriaz gobernatzen dituen alarguna.

Seme-alabek egunerokoa erraztu nahi dioten arren, uko egiten dio modernitateari, erosotasunari, inork ezarritako arrastoan sartzeari... Behiekin, ardiekin, txakurrekin, katuekin bat egiten du ondoen Sabinak, animaliei baizik ez die gozotasunik adierazten. Etxekoekin dena du errezeloa, ika-mika eta tentsioa; auzoekin, dena liskar eta norgehiagoka.

Liburuaren hasieran, ospitalean datza Sabina, ebakuntza txiki bat eginda. Ondo dago, hala uste du berak, baina une horretatik aurrera ikusiko du nola doan bere eragin-eremua eta boterea apurka-apurka murrizten. Seme-alabek bere bizkar hartuko dituzte berari zuzenean eragiten dioten erabakiak. Deslegitimazio eta galera hori ez du erraz irentsiko, mehatxu gisa biziko du, eta talka eta tentsio horiek in crescendo joango dira eleberrian, lehertu arte.

Zaintza da liburuaren gai nagusietako bat. Bi dimentsiotan kokatzen da, eta gorputz bakarrean ardazten, Sabinaren gorputzean. Izan ere, Sabinak zaindu egiten du, baina, aldi berean, zaindu egiten dute. Amurizak azaldu duenez, zaintza ez da berdin ulertzen gaur egun eta lehen, eta talka horixe ikus dezakegu Sabinaren pertsonaiaren bidez. Sabinak, jendea zaindu ez baizik jendea “gobernatu” egin duela esango luke: jaten eman, azpiak egin, jantzi… Horiek denak ekintza isolatu gisa ikusiko lituzke. Ordea, bera zaintzen dutenean, seme-alabek telefonoz deitu edo zer jaten duen begiratu dezan esaten diotenean, “kontrola” sentitzen du.


 

Sabina, andre basa bat

Baserriarekin lotua egonagatik, Amurizak azpimarratu du Sabina ez dela basandre bat, ezpada andre basa bat. Izan ere, basandrea esan eta burura datorkigu halako aura mitologiko bat, gizakiaz gaindiko pertsona bat, kobazulo batean bizi eta animaliekin aritzeko sentikortasun berezia duena. Sabina, baina, ez da hori. Sabina oso humanoa da “hitzaren zentzurik gordinenean”. Eta zer da, orduan, andre basa bat? Bada, “enbor bat soka batekin lotu, soka gerrira lotu, eta enborra zelaian barrena” daramana, edo zauria egin eta botikekin garbitu beharrean, txakurrak miazka dezan uzten duena.

Baserri auzo batean jaioa da Amuriza eta umetan halako emakume asko ezagutu dituela kontatu du. Umetako irudi potente asko geratu zaizkio gogoan iltzaturik eta horiek denak bildu ditu Sabinaren pertsonaian “hor hazi naizelako eta horrek mugitzen nauelako”. Egilearen esanetan, andre baserritarrek eman dezakete idealizatzeko eta mitifikatzeko bidea, eta bestelako heroiak sortzea ere premiazkoa iruditzen zaion arren, “hau ez zen horretarako lekua”. Nobelan, hezur-haragizko pertsonaia bat, guztiz lurtarra, horixe erakutsi nahi zuen, horixe delako Sabina.

Edonola ere, Sabina ez da horrelakoa berez. Amurizaren helburua izan da aztertzea nola heldu daitekeen 80 urteko emakume bat hain basa izatera: zer gertatu zaion, zer bizipen izan dituen biolentziarekin eta nola eragin dioten horiek guztiek, gaur egun halakoa izateko.


 

Interpretazioak, irakurleen esku

Liburuaren kontra-azalak dakarrenez, “mundu ikuskera baten akabera” kontatzen digu Amurizak, eta horixe aipatu du hain justu ere Mendiguren editoreak, baserria bizitzeko era bat, bizimodu baten bukaera islatzen duela Basak. Egileak azaldu duenez, “diskurtsoak, interpretazioak” ez dira bere fuertea, eta digresiorik eta apreziazio emozionalik gabeko testu bat sortu du, fokua pertsonaietan guztiz jarrita. Lana “ahalik eta ondoen” egiten saiatu da eta, orain, “irakurlearen esku” utzi du.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)