Agur, Eako Poesia Egunak
Asteartea, 2019-06-18Pasan den astean, 2019ko ekainean, Herrijeri emon arnasa elkarteak iragarri zuen ez zuela gehiago poesia egunik antolatuko Ean. Pasa den urtean bete ziren hamabost urte Poesia Egunak lehenengo aldiz antolatu zirenetik, eta aurten iragarri dute pausatzeko beharra dutela. Adioa porrot eder bat dela adierazi, eta azken agiri bat argitaratu dute, agurraren zioak azaltzeko.

Ez da Eako Poesia Egunik egongo aurten. Iaz hamargarren hamabostgarren bete, eta hamaseigarrenean esan dute agur. Poesiaren pausa deitu diote agurrarekin batera argitaratu duten agiriari –hemen irakurri dezakezue, osorik–, izan ere, antolatzaileen iritzian, “pausatu beharra [baitago] igartzeko zertan ari garen”. Agirian, 15 urteotako ibilbidearen errepasoa egin dute, eta, horrez gainera, eskerrak eman dizkiote bertakooi zein gurera urtez urte etorri zareten sortzaile, hizlari, ilustratzaile, bidelagun, artista, editore eta zaletuoi. Erabakia minez hartu dutela aitortu dute: “Minez, baina pozarren, ibilbide luze honetan ikasitakoagatik, eta utzitako arrastoagatik. Minez, baina gogoz, gorputzak atsedena eskatzen digulako, eta buruak egitasmo berrietan arakatzeko gogoa”.
Porrot eder bat da adioa
Nola ez, Eako Poesia Egunei agur esateko orduan, poesiak izan du tokirik. Adioa porrot eder bat dela aldarrikatu dute.
PORROT EDER BAT DA ADIOA
Pausatu, ziklo baten amaiera heldu dela sentitzen dugulako.
Pausatu, eraldatzeko gaitasuna ez agortzeko.
Pausatu, berritzaile izateak haustura dakarrelako.
Pausatu, garai berriek modu berriak eta gogo berriak eskatzen dituztelako.
Pausatu, hutsunea eta zuloa sentitzeko eta sentiarazteko.
Pausatu, euskaraz sortutako eta euskarara ekarritako kulturan sinesten dugulako.
Pausatu, literatur plazan konfiantza osoa dugulako, mila adierazpidetan berreraikiko dela badakigulako.
Pausatu, kultura ez delako kudeaketa hutsa.
Pausatu, kultura etengabeko mugimenduan bizi delako.
Omenaldiak
Albistea zabaldu eta gutxira, euskal kulturzale asko agertu zuten atsekabeak, eta laudorio-hitzak ebaki jaialdiari eta antolatzaileei buruz. Adibidez, Iñigo Aranbarri idazleak, ekainaren 9an, Berriako zutabe batean, egitasmoaren amaieran aipatu, eta antolatu dutenen egiteko moldeari egin zion azpimarra:
Denbora beharko dugu ohartzeko zer ez dugun gehiago izango, ezen Arestiren etxean haren bi munduak biltzea lortu baita urte hauetan guztietan: herrikoitasuna eta berrikuntza. Poesia zentzurik zabalenean hartuta, idazleak ez ezik musikariak, artista plastikoak, aktoreak bildu izan dira uztailero. Hitzaldiak eman dira, errezitaldiak, kontzertuak, dantza ikuskizunak, emanaldi bakarreko antzezlanak eta jendeak behin eta berriz gogoratu nahi dituen lagun arteko otorduak eta hitz-aspertuak. Ean, bazterrak jarri dira erdian.
Hori guztia eta gehiago joan zaigu, baina batez ere gauzak egiteko era bat lausotu da. Borondatezkoa izan baita lan guztia, egitarauaren diseinutik aulkien garraiora, dena ondo atera zedin, gonbidatuak eta herrira bildutako guztiak etxean senti zitezen. Zortziehun lagun bizi dira herrian. Milaka lagunentzako etxea egin dute. Nik neuk behintzat inoiz nahikoa eskertu ezingo diedan ahalduntze zoragarria.
Amuak
Eako Poesia Egunak amaitu dira, baina haien ondareak bizirik jarraituko du. Besteak beste, sarean irakur eta deskargatu ditzazue azken 10 ediziotan egin diren Zaldiarri liburuxkak, baita nostalgiari tartetxo bat egin ere, eta argazkiak errepasatu.
Hona hemen pasa den igandeko Berrian Ainhoa Larrabe Arnaiz kazetariak egindako erreportakea: Zaintzearen poesia.
Azkenik, hementxe daukazue Metrokoadroka Sormen Laborategiak iazko edizioan egindako Zanbuia! antzezlana, osorik: