Abian da Igartza bekaren hogeita bigarren deialdia
Asteartea, 2019-04-16Abian da Igartza bekaren hogeita bigarren deialdia, "euskal kultura zabaltzeko eta idazle gazteen lanari laguntza emateko" helburua duen saria. Elkar argitaletxeak, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak antolatzen dute sari hori. 35 urte azpiko idazleek bakarrik har dezakete parte eta irabazleak 6.000 euroko diru-laguntza jasoko du. Soilik narratibako lanak aurkez daitezke, 2019ko ekainaren 30era bitarte. Albiste honetan bildu ditugu lehiaketaren oinarriak.

"Euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz" antolatzen dute Igartza beka Elkar argitaletxeak, CAF enpresak eta Beasaingo Udalak. Aurten, hogeita bigarren edizioa dute, eta, ohi bezala, 35 urte azpiko idazleek bakarrik har dezakete parte. Hain justu ere, 2017ko Igartza bekaren emaitza da orain bi aste Miren Amurizak aurkeztutako eleberria, Basa. Iazko edizioa, berriz, Erika Elizarik irabazi zuen, Zendabalitz izeneko proiektuari esker.
Jarraian dituzue aurtengo deialdiaren oinarriak.
Bekaren diru kopurua
Bekaren diru kopurua 6.000,00 eurokoa da.
Ordainketa
Ordainketa modu honetan egingo da:
.- 3.000 €, irabazle izendatu bezain laster.
.- 3.000 €, idazlana amaitu eta entregatutakoan eta epaimahaikoek onespena emandakoan, aldez aurretik zerga eta gizarte segurantza betebeharretan eguneratuta egotearen agiriak aurkeztuta.
Aurkezteko epea eta lekua
2019ko ekainaren 30a izango da proiektuak aurkezteko azken eguna.
Modu ofizialean entregatu beharko dira, hau da:
.- Udaletxeko sarreran erregistro ofizialean aurkeztuta, horretarako eskaria bete( I. eranskina)
.- On-line bidez, hau da, udaletxeko erregistro elektronikoa erabiliz: www.beasain.eus
Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak
Beka eskaerarekin batera ondorengo agiriak aurkeztu behar dira:
a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, liburuaren edukia (75 bat orrialde gutxienez), estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia.
Deialdian parte hartzeko baldintzak
a) 35 urte bete gabe izatea.
b) Aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea.
c) Aurreko edizioetako Igartza Beka sariaren titularra ez izatea.
d) Narratibako lanak izatea: eleberria edo ipuin-bildumak.
e) Lanak jatorrizkoak eta euskaraz sortuak izango dira.
f) Ez da onartuko lehiaketaren batean saritutako eta argitaratutako idazlanik ez osotasunean ez zati batean, eta ezta moldatutako idazlanik ere.
Epaimahaiaren osaketa eta eginbeharrak
Osaketa: Epaimahaia ondorengoek osatuko dute: Igor Estankona, Garazi Kamio eta Ana Jaka idazleek
Egin beharreko lanak: jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien artean irabazlea zein den izendatu 2019ko irailaren 15a baino lehen.
Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
Proiektua saritzeko ekitaldia
Epaimahaiak irabazlea izendatu eta Beasaingo Udalari jakinarazi ondoren, Beasaingo Udalak Igartza Literatur beka emateko ekitaldia antolatuko du eta irabazleari gehienez ere urtebeteko epea emango dio idazlana amaituta entregatzeko. Entregatutako idazlanak epaimahaikoen oniritzia jaso beharko du. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.
Beka itzultzea
Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.