Albisteak

“Piztutako etxea” poesia liburua aurkeztu du Felipe Juaristik

Asteartea, 2014-04-08

Pasa den astean aurkeztu zuen Felipe Juaristik Piztutako etxea poesia liburu berria, Erein argitaletxearen eskutik. Bere lanetan konstanteak diren ardatzak topatuko ditu bertan ere irakurleak.

“Itxaroten nago, oraindik;

itxaroten nago, aspaldi,

zuk noiz une hau salbatuko,

jazarka duen ahantzitik”.

Aurreko poesia lana argitaratu eta hamar urtera kaleratu du Felipe Juaristik poesia lanik berriena. Denboraren iragatea, pentsamendua, filosofoen aipu ugari, Spinozaren presentzia nabarmena haietan. Serie laburretan, poema luze eta laburrak tartekatuta; titulu beraren pean, hiru, lau, bost testu aldiro. Aforismora gerturatzen dira laburrenek:

“Inoiz izan ez garen tokira

Itzultzea.

Hori da oroimena”.

Poesia eta krisiari izan zituen hizpide Juaristik aurkezpeneko lehen hitzetan:

“Poesia krisian dagoela diote, ez da esaten krisia berezkoa zaila poesiari. Poetak kaosa bizi du bere baitan eta horregatik saiatzen da nolabaiteko ordena ematen bere barnetik atera nahi duen indar nahaslea pasioz josita eta goranahi horri. Krisiari aurre egiteko edo krisiari beste aurpegi bat jartzeko hartu beharra dago errealitateak errauts artean utzi dituen ikatz gori puskak. Erre daiteke noski, baina ez dago beste modurik gertakizunen argazki osatu samarra marrazteko”. Poetaren kokalekuaz egin zuen gomuta ostera, errealitatearen zentzura ekarri nahirik “izan ere, poeta galdu egin da askotan errealitatetik kanpo dagoen lurraldean. Ahantzi du edo ahantzi zaio poetak errealitatea sortzen duela beste errealitate baten gainetik”.

Poesia bera pentsamendu-gai gertatu zen poetaren berbetan: “Piztutako etxean erakutsi nahi izan dut pentsamendua zehatzagoa dela mundua osatzen duten bestelako gaiek baino. Liburu honek poesia forma hartu aurretik, saiakera tankera zuen hartuta, giza pasioei buruzkoa. Ez nuen saiakera burutu, iruditu zitzaidan poesiak berezko duen indar eta argiak hobeto adieraz zezakeena esan nahi nuena. Ez dut uste saiakerak edo poesiak munduaren handitasuna adieraz dezaketenik, eleberriak adierazten duen modura, poesiak hausteko eta osatzeko duen ahalmen horren bidez munduaren oinarriak zein diren adieraz dezake”.

Piztutako etxean gorputza dago presente, eta harekin, gizatasunaren aldarria “gizatasuna denok gara, elkarrekin hitz egiteko gauza garen neurrian. Gizatasuna politikaren oinarrietako bat da baina dena ez da politika, edo hobe esanda, politika ez da dena. Maitasun harremanak ihes egiten dio politikari”.

Liburua gehien bat Madrilen idatzita dago, La Casa Encendida arte-guneko kafetegi txiki-beroan “gauzak han beste modu batera ikusten dira. Nire ikuspegia neurri batez erbesteratu batena da, bere lurraldetik urrun, iragana ezin ahantzi, euskal hitzei eutsiz gal ez daitezen. Jakina, ez nintzen erbesteratua, baina distantzia behar nuen ideiak antolatzeko eta hitzak aukeratzeko”.

Aurkezpen egunean liburuko hiru poema musikatu irakurri eta kantatu zituzten Juaristik eta Aldeta taldeko kideek. Txitxo Lopez, Monika Refojos eta Juanra Unamunorekin batera Aldeta taldea osatzen du Felipe Juaristik. Intxaurrondoko bizilagunak dira lauak eta duela gutxi taldea osatzea erabaki zuten. Bi gitarren doinuek eta ahotsek osatzen dute Aldeta. Lopez eta Unamuno dira gitarra-jotzaileak, Refojosek ahotsa jartzen die abestiei, eta Juaristik poemak sortu eta irakurtzen ditu.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)