Erreportajeak

Queerretik Kuiarrera 10 urte

Literatur kritika Desira baino lehen eta geroOstirala, 2018-02-23

Zertan da euskarazko queer literatur kritika? 2010an 2007tik aurrerako lanak bildu zituen Desira Desordenatuak liburuak. Hamarkada igaro da, beraz, queer kritikak gurean indarra hartu zuenetik. Desirako partaideen eskutik, ikerbide horretan urteotan egindakoari erreparatzen dio erreportaje honek.

Queer desirak euskaraz

Queerra “errelazionala eta arraroa da”. Hitz labur horietan ulertu zuen, 1993an, Eve K. Sedgwick literaturaren ikerle estatubatuar erreferentzialak, sexu, genero eta sexualitateen sailkapen arautzaile bortitzak zalantzan jartzen dituen jarrera. Queer hitzak Estatu Batuetako herri mugimenduetatik eremu akademikora salto egin berritan idatzi zuen Sedgwickek esaldi hura. Zehaztu zuen askotariko erlazio arraroen antzinatiko korronte etengabe batek, momentu konkretu hartan, queer izena hartzen zuela, eta korronte hura “antiseparatista zen bezala ze[la] antiasimilazionista” –sailkapenari eta normalizazioari egiten ziola aurre.


"Marko teoriko hotz eta unibertsal gisa baino, Sedgwicken bidetik, askotariko erlazio arraroak pentsatzeko ekarri zuen Desirak queerra euskarara"


Egin 17 urteko aurrera saltoa. 2010 urtean Utriusque Vasconiae argitaletxearen baitan, Ur Apalategik zuzentzen duen “Kritika literarioa” sailean, eta Ibon Egañak koordinatuta, Desira Desordenatuak: Queer irakurketak (euskal) literaturan liburua irten zen argitara. Sarreran Egañak azaltzen zuenez, “heterosexualitateaz besteko sexualitateen inguruko irakurketak” bildu nahi zirelako aukeratu zen “queer” terminoa. Hortaz, euskaraz ere, queerrak zalantzan jarri nahi zuennormalizazioa eta sailkapena. Erlazionala eta arraroa zenari ematen zion izena. XXI mendeko lehenengo hamarkadaren bukaeran, marko teoriko hotz eta unibertsal gisa baino, Sedgwicken bidetik, askotariko erlazio arraroak pentsatzeko ekarri zuen Desirak queerra euskarara.

Desirak besteak beste, ordura arteko kritika literario queerra bildu zuen, gehienbat 2007tik aurrerakoa zena –Rikardo Diaz de Herediaren 2001eko hitzaldia bezalako salbuespenekin eta beste testugintza literario eta heterogeneoago bat lagun. Beraz, gutxienez hamarkada da, era kolektiboan, euskal literatur kritikaren alor aski kontserbatzailean, ikuspegi queerrak bere lekua egiteari ekin ziola, era gutxi-asko saretu baten. Erreportaje honetan hamar urteko bideari erreparatu diot –beste hitz batzuetan, queertik kuiarrera egindako bideari.

Hamarkada horretan gertatutako eraldaketez hobeto jabetzeko, Desirako koordinatzaile eta parte hartzaile batzuen iritziak bildu ditut. Solaskide izan ditut Amaia Alvarez Uria, Itxaro Borda, Ibon Egaña, Joseba Gabilondo, Iratxe Retolaza eta Juanjo Olasagarre, eta horien guztien erantzun eskuzabalekin josi dut testuaren zati handi bat. Guztien artean islatu dute bildumaren inguruko historia laburra; haren heterogeneotasuna eta ahotsen aniztasuna.

Hiru galderari erantzungo diot behar bezala jarraitzeko Joseba Gabilondo eta Itxaro Bordaren hasierako ibilbide bakarti eta periferikotik, beranduagoko “kuiar” eta “Trans-” erabileretara, edota Sareinakek datorren 2018ko maiatzerako antolatutako urteurrenera arteko ibilbidea. Lehenengoa, zer izan zen Desira liburua? Bigarrena, zein izan zen Desira baino lehenagoko egoera? Eta azkena, zer etorri da Desiraren ondoren? Hiru galdera horien erantzunetan euskal literaturaren, herri mugimenduen eta eremu akademikoaren arteko harremana azaleratu nahi dut; eta baita genero, sexu eta sexualitateen sailkapen arautzailearen aurka “errelazionalak eta arraroak” direnen ezagutzak euskaraz egin duen bidea ere.


Desira edo kritika armairutik kanpo

Liburuaren azalean daude bi gorputz biluzi, elkarren ondoan eserita, ukitzen, zuri-beltzean. Zentroan baino, ezkerretara, eta gorputzetako baten erdia markotik kanpo. Buruak ere eszenaz gaindi. Ez dira gorputz gazteak eta ez daude sasoian. Ezkerrekoak ilea du bular eta sabelean, eskuinekoak aldiz, ez du ilerik gorputzean.

Zein da bien arteko erlazioa? Gizonak dira biak, ala bietako bat emakumea da? Biak emakumeak balira? Eta, besterik gabe, ez balira? Galdetzeak berak jartzen du zalantzan esan gabe doan kontratu heterosexuala eta natural gisa ulertzen diren bi sexu-generoren esleipena. Beste ezer baino lehen, azalak eragiten zituen galderekin egin behar zuen topo Desiraren irakurleak, liburudendan paseoan zebilenak eta metroan, ondokoaren liburuaren portadari begiratzen zionak.

Jarraian, hitzaurrearen goiburuan, aipu bi. Axular euskal klasikoarena bat, Juanjo Olasagarre idazle garaikide eta bildumako partaidearen bestea. Irakurleak ulertzen du lehenengoarekin “desira desordenatuak” adierazpideak inkisizioaren bitartez “haragiaren pekatuari” egiten ziola erreferentzia. Bigarrenak berriz, “gizonezkoen bekatura” egiten zuen dei, “desira, maita eta desorden[era]”. Bien artean azaleratzen zen lau mendez, etenik gabe, askotariko erlazio arraroen antzinatiko korrontea. Batean, bortxazko sailkapen arautzailea ageri zen, bestean ordenarik gabeko erlazioen irekidura. Azaleko irudiarekin eta hasierako aipuekin bakarrik, irakurleak lekua egin behar zion (Sedgwicken antzera) errelazionala eta arraroa zen queer horri.


"Idazkera ezberdin guztiek batera, orotara, liburu arraroa egin zuten, testuen arteko erlazioan esanahi propioa hartzen zuena. Hala, liburua bera zen aski queerra"


Aukeratutako testuei zegokienez ere, antzera. Desirak ez zuen euskarazko queer literatur kritika bakarrik bildu. Kolekzio gisa, ez zen, zentzu hertsian, produkzio akademikoa. Testugintza heterogeneo eta promiskuoak gurutzatzen zuen liburua. Angel Errok urte batzuk lehenago euskaratutako “Gay poesiaren antologia bat”ek ireki eta manifestu, hitzaldi, itzulpen, eta pentsamendua lantzen zuten lanek osatu zuten Desira, euskarazko queer literatur kritikarekin batera. Kritikagintza literarioaren taldean, lehenago aipatutako Rikardo Diaz de Herediaren testuari jarraitzen zioten, besteak beste, Mikel Ayerberenak, Sareinakeko kideenak (Amaia Alvarez Uria, Gema Lasarte, Josune Muñoz eta Iratxe Retolazarenak), eta Kattalin Minerrenak. Idazkera ezberdin guztiek batera, orotara, liburu arraroa egin zuten, testuen arteko erlazioan esanahi propioa hartzen zuena. Hala, liburua bera zen aski queerra.

DesiraDesordenatuak

Testuen mihiztadura horretan, literatur kritikak egiteko jakin bat bete zuen. Olasagarreren hitzak ekarriz, “Desirak suposatu zuen armairutik ateratzea. Ez literaturaren [armairua], baina bai kritikarena”. Literaturak egina zuen ordurako, kritikak oraindik egiteko zuen bidea. Desirak sortu zuen kritikak bide hori burutzeko lekua.

Armairutik irtenda ere, Ibon Egañak arrazoiz dio ordutik hona ez duela “ikusten ikerketa-lerro gisa sendotu denik eta kritika-bide bezala bereziki ibilbide emankorra izan duenik euskal literatur ikasketetan”. Alderantziz, dioenez, “inguru militanteetan (LGTB taldeak, gaztetxeak...) askoz interes handiagoa piztu zue[n] testuinguru akademikoan baino”. Akademiaren eta herri mugimenduen artean, arrakasta ezberdinarekin, Desirak lekua egin zion euskarazko queer literatur kritikari. Hurrengo ataletan bi eremuon artean literatur kritikak egindako bideari jarraituko diot, Desira baino lehen, eta gero.


Desira baino lehen. Blogak eta saretzeak

AEBn, 90 hamarkadan, queerrak egin zuen bidea herri mugimenduetatik akademiarakoa izan zen. LGBT aktibismoaren baitan ekintza zuzenerako talde antolakuntzatik, pentsamendu kritikorako tresna eta teoria izatera igaro zen unibertsitatean. Queerra Euskal Herrira hedatu zenean, teoria eta ekintzabide bidaiariek egiten ohi duten eran, ez zuen esanahi politiko finko batekin egin. Bizipen konkretuek inplikazio politiko ezberdinak eman zizkioten, nahitaez, esperientzia akademiko eta aktibista amerikarrari. Horrela, bada, hala Euskal literaturaren unibertsitateko kritikagintzan, nola bertoko herri mugimenduetan harrera gorabeheratsua egin zitzaion queerrari.

Konpartitzen dudan iritzia da elkarrizketatu batek baino gehiagok adierazitakoa. Hau da, euskal literatur kritikaren espazio akademikoak kontserbatzailetik eta tradizionaletik gehiegi duela botere borrokek eraginda. Sorkuntza literariotik hitz egiten du Itxaro Bordak dioenean “aspalditik gai horiek nire idatziak zeharkatzen [zituzten], baina luzaz nehork ez [zuen] ezer somatu eta somatu baldin ba[zuen] isilik geratu [zen]”. 2007ra arte itxaron behar izan zuen erreseinetan Amaia Ezpeldoi protagonista lesbiana zela irakurtzeko. Kritika literarioaren alorrean antzeko gorreria bizi izan zuen Joseba Gabilondok. Azaltzen du, “‘lesbiar/gay/homosexual’ 1994an argitaratutako artikulu batean […] aipatzen nuen”. Euskarazko testuinguru akademikoan argitaratu zen arren, testu hark bigarrenez publikatu arte itxaron behar izan zion euskarazko solaskideari –2006n Nazioaren hondarrak liburuaren baitan berrargitaratu zenean. Ustez, “queer testurik ez zegoenez, euskal kritika ez zen kezkatzen horretaz” baieztatzen du Olasagarrek.


"Aktibismoarena eta unibertsitatearena, bi eremuak habitatzen zituztenen eskutik hartu zuen forma euskarazko queer kritika literarioak"


Dena dela, eremu akademikoko jarrera nagusi hura ez zen jarrera bakarra. Are gehiago, akademia ez zen espazio erabat hermetikoa. Hau da, bazegoen unibertsitatearen eta herri mugimenduen artean elkarrizketa sortzen zuenik. Iratxe Retolazak gogoratzen duenez, “kritika Feministaren esparrura kritika instituzionalaren bidetik abiatu nintzen, unibertsitateko ikasketen bitartez”. Bestalde, Ibon Egañak LGBT mugimenduaren ekimenetara jo zuen, “Medeak edo EHGAMek antolatutako ekitaldi, hitzaldi eta liburu aurkezpenak izan ziren sarritan bidea Judith Butler, Beatriz Preciado, Itziar Ziga edo Javier Saezen lanen berri izateko”. Aktibismoarena eta unibertsitatearena, bi eremuak habitatzen zituztenen eskutik hartu zuen forma euskarazko queer kritika literarioak.

Sorkuntza lekune zentraletan baino, espazio lateraletan sortu zen euskarazko queer literatur kritika –aldizkarietan baino, blogetan. Desiran parte hartu zuten askok idatzi zuten lehenago Volgako Batelariak eta Sareinak feminismo Literarioak atarietan. Queer-ari erabat dedikatuta ez bazeuden ere, egin zioten lekua ikuskera eta jarrera horri. Sareinaki dagokionez, Retolazak adierazi bezala, atari horri esker “literatur kritika feministari buruz jarduteari ekin genion, egitura instituzional-akademikoez beste”. Amaia Alvarez Uriak eransten duenez, “feminismoa eta queerraren arteko lotura lehen ez zen hain argia euskal literatur sisteman (bai mugimendu feministan)”. Hortaz, instituziotik kanpora, kritika literarioaren, feminismoaren eta queerraren uztarduratik abiatu zen Sareinak.

Blogak lagun, Desira argitaratu baino lehenagoko urteetan, unibertsitate eta herri mugimenduen arteko euskarazko sare bat eratzen hasi zen. Ibon Egañak azaltzen duenez, ordura arte “queer mugimendu eta teoria gazteleraz mintzo zen gehienbat, baita Euskal Herrian ere.” Desira baino lehenagoko, sinergiek euskarazko queerrari egin zioten lekua. Retolazaren hitzetan, “sarea batik bat idazleekin zein irakurleekin osatu zen garai hartan (LGTB mugimenduko kideekin, mugimendu feministako kideekin, irakurle konplizeekin…)”. Saretze horretan, queerrak uztartu zituen LGBT komunitateak, feminismoa eta euskaltzaletasuna.

Saretzearen bi emaitza izan ziren, batetik irakurle talde feministak eta mahai-inguruak, eta bestetik, Desira Desordenatuak bera. Alvarez Uriaren hitzetan, irakurle taldeak osatu ziren “euskal literaturako emakumeek idatzitakoak eta teoria feminista berriena elkarrekin irakurri eta komentatzeko”. Desirari dagokionez ere, Alvarez Uriak gogoratzen du Volgako batelariakeko partaideen bitartez iritsi zitzaiela Sareinakekoei gonbita “hor ere hutsune bat betetzea zen helburua eta LGTBQ ikuspegiari leku egitea”. Eta horrela, Egañak liburuaren sarreran aipatu bezala, “heterosexualik ia ez zen pub batean geundela,” hasi ziren forma hartzen bilduma arraroaren ideiak.


sareinak

Desira eta gero. Arrastoak

2018ko maiatzaren 5ean, Gasteizko Oihaneder euskararen etxean ospatuko dute Sareinek urteurrena. Desira sortzera eraman zuten sareetako batzuk oraindik ere bizirik dauden seinale, mahai-ingurua antolatu dute irakurle talde feministei buruz. Haatik, orain dela hamar urte hasitako beste sare batzuk bidea dute egiteko. Elkarrizketatuak ados daude diotenean, oraindik orain, beste geografia batzuetan ez bezala, euskal queer kritika literarioari ez zaiola lekurik egin eremu akademikoan. Desirak utzitako arrastoak gaur egungo arrakastetan eta eginbeharretan jarraitu daitezke.

Lehenengo arrastoa herri mugimenduetan ikusten da. Militantzia ezberdinek beso zabalik hartu zuten Desira. Liburua argitaratu eta gutxira, spin-off gisa funtzionatu zuen Ez dok armairu errezitaldia izan zen horren adibide. Egañak gogoratzen du “errezitaldiak ere interes handia sortu zue[la], gure harridurarako, leku askotan”. Besteak beste, Soraluzeko Komite Arroxak ekarri zuen errezitaldia herriko Gaztetxera, 2011n, Sexu Askapenerako Jardunaldien baitan, eta ekitaldi zati baten grabazioa oraindik dago interneten ikusgai.

Eraginaren bigarren arrastoa, hezkuntza ez-arautuan atzeman da. Retolazaren hitzetan, “batik bat hezkuntza ez-arautu horretan hedatu da Queer Kritika Literarioa (irakurle-taldeetan, jardunaldietan, udako ikastaroetan…)”. Horietan sortzen dira eztabaida eta berrikuntzak. Euskarazko queer literatur kritikaren trebakuntza ere espazio ez-normatiboetan gertatzen da eremu akademiko arautuan baino gehiago. Hor sortzen da, azken batez, queer literatur kritikarien komunitatea, arraroa eta errelazionala.


"Queerraren ezagutza are gehiago kokatu zen, euskal arraro garaikidearen ikuspuntu bereizia, sortzen duen ezagutza, eta jasaten duen bortxa islatzeko"


Azkenik, Genero ariketak liburuan sumatzen da Desiraren arrastoa. 2013an, Desiran parte hartu zuten Amaia Alvarez Uria, Kattalin Miner eta Iratxe Retolazak egin zuten lan bilduma hartan. Retolazak koordinatu zuen Isa Castillorekin batera eta EDO! argitaletxeak publikatu zuen.

GeneroAriketak

Testuak transfeminismora egin zuen jauzi, matxinadari dei eginez, eta Alvarez Uriak “Euskal trans literarioak” landu zituen marko horren baitan. Joseba Gabilondo ere ados dago transfeminismotik ikasi beharra dagoela “neoliberalismoari eta kapitalismoari aurre egiten jaki[teko]”. Gainera, liburu horrekin, queerrak “kuiar”erako transformazioa bizi zuen. Josebe Alkortak erabili zuen “kuiar”, euskarazko ahoskerarekin transkribatuta, Ainhoa Güemesek idatzitako kapitulua itzultzeko. Eraldaketa horrekin, queerraren ezagutza are gehiago kokatu zen, euskal arraro garaikidearen ikuspuntu bereizia, sortzen duen ezagutza, eta jasaten duen bortxa islatzeko. Desira eta Genero ariketak bildumen bitartean beraz, queerretik kuiarrerako eraldaketa gertatu zen.

Desirako partaide batek baino gehiagok aipatu dit badirudiela kuiar mugimenduak indar kritikoa galdu duela, itzalduta ikusten dutela. Hala ere, Itxaro Bordak bide horretatik dioenean, “Gaur egun sexualitateen gaia hain da normala non ez duen balio aipatzeak ere”, jarraian galdetzen du, “Beste isiltasun txapa bat botako al du eremu horretara normalitateak”. Bordaren galderak Sedgwicken 1993ko definiziora bueltatzen gaitu. Kuiarra bada “antiseparatista bezala antiasimilazionista,” definizioz da mugikorra eta aldakorra. IHESA eta “sexu bereko ezkontza” deiturikoa onartu zirenetik, beraz, asimilazioak asimilazio, kuiarrak ekin egiteko beharraz dihardu; gurean ere genero, sexu eta sexualitateen sailkapenaren biolentzia jasotzen jarraitzen duten horien ikuspegitik eta normakultza salantzan jartzen duen posiziotik ekiteko beharraz. Itzali bada beraz, Desira berreskuratzeak piztu dezala.

Ibai Atutxa

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)