Mendebalde hurbilera begira
Galizia eta Portugalgo literaturetara hurbildu garaOstirala, 2015-05-22Antzeko egoeretan diren jendeei inspirazio bila erreparatzea kultura politikoan daramagu, eta horrela ibili da ahoz aho Kataluniako prozesua gure azken urteotako eztabaidetan. Ekialde Hurbilaz bestela ere nahikoa jarduten dugula pentsatuta, burua mendebalderantz norabidetu dugu, Galiziako borroka eta hausnarketei arreta ipintzeko, azkenaldian gurera iritsitako literatura ere hartuta aitzakia. Galizia eta Portugalekin kontaktua izan duten bi itzultzaile, ikerlari eta idazle batekin hitz egin dugu.
(Irudia: Iñigo Roque Eguzkitza)
Mendebaldekoak euskaraz
Portugesez idatzitako literaturaren puskatxo bat euskaratzen jardun du azken urteotan Iñigo Roque Eguzkitza itzultzaileak, hark ekarriak dira, besteak beste Fernando Pessoaren poema-antologia bat (Denonartean) eta Antonio Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala (Erein/Igela), 2014an Euskadi Saria jaso zuen obra, bide batez, euskararako itzulpen oneneri. Horrez gain, berandu baino lehen Clarice Lispector idazle brasildarraren Zorion klandestinoa ipuin-bilduma kaleratuko da, bere galbahetik pasata.
Itzulpen-proiektu zehatzik ez daukala dio, baina aitortu du Pessoa ekartzearen helburuetako bat bazela oinarri bat-edo sortzea, poeta hori giltzarria baita Portugalgo literatura ulertzeko. Era berean, Roqueren arabera, Europako literatura hitz egiten dugunean beti erreparatzen diogu Aturritik haragokoari, eta mendebaldean geratzen zaiguna ahazten dugu.
Roquek txikitatik izan du presente inguru hori: “Nire odolaren %50 portugaldarra da, aiton-amonek portugesez hitz egiten zuten etxean. Bestalde, nire herrian, Portugaleten, garai batean galego gehiago aditzen zen euskara baino. Ekialdera begiratzen badugu da klasista hutsak garelako, guk askoz gertuago ditugu-eta portugaldarrak eta galegoak, bai esperientzia politikoagatik bai auzoko ditugulako. Horri ezikusia egin diogu beti, beste modu batekoak izan nahi genuelako, sozial-demokrazian sinetsi nahi izan dugulako”.
Jatorria eta gertutasuna abiapuntu, hortaz, baina zer topatu du itzultzaileak portugesez idatzitako literaturan hain engantxatuta segitzeko? Bere esanetan, hainbat gauza interesgarri daude: portugesezko literaturan ez da sartzen bakarrik Portugalen idatzitakoa ezpada garai baten estatu horren kolonia izandako herrialdeetakoek sortzen dutena ere. Batetik, Mia Couto (Mozanbike) edo Pepetela (Angola) gisako autoreen lana azpimarratu du. Idazle horiek ez dute gazela berritsuei buruz idazten, ezpada Luandako aldiriez, adibidez. Puntu exotikoa erantzi eta Afrikako herrialde batzuetako egoera garaikideko alderdi batzuk ezagutzeko aukera ematen dute.
Bestetik, itzuleraren gaia dago. Gaur egun portugaldartzat jotzen ditugun idazle batzuk ez ziren penintsulan jaio, ezpada kolonietan. Lurralde kolonizatuek burujabetza lortu zutenean, portugaldarrek lurraldeok utzi behar izan zituzten, bertan jaiotako seme-alabekin. Belaunaldi horien deserrotze-sentimendua eta horri buruz idazten dutena ere interesgarri iruditzen zaio itzultzaileari.
Esportatu daitekeen zerbait? Roqueren ustez esperimentaziorako aukera gehiago dago portugesezko literaturan, adibide baterako, Gonçalo M. Tavaresek badu lan bat, irudietan oinarritzen dena. Letrara hain lotua ez dagoen literatura hori interesatzen zaio eta, baita ere, portugesez asko jorratzen den kronika-generoa, ez dena gure ohiko kroniken modukoa, ezpada gertaera baten kontaketa eta iritzi subjektiboa uztartzen dituen testua. Gertaera hori ezaguna izan daiteke, telebistan agertuko litzatekeen zerbait, edo auzoan jazotako gauza txikiren bat. Kronikagileak hori azaltzen du, galbahe subjektibotik pasata.
Galiziara etorrita, Txerra Rodriguezek lana dela-eta izan zuen mendebaldekoarekin lehen harreman estua. Unibertsitate-garaian galiziera ikasi zuen eta hizkuntza-teknikarien elkarlanerako elkarte bati esker joan zen bertara estreinakoz. Bertan ezagutu zuen Sechu Sende, Made in Galiza aurretik irakurria bazuen ere. Senderen kontakizun-bilduma hori fenomeno txiki bat izan zen Galizian eta ipuinetako batzuk oso baliagarri gertatu zitzaizkion Rodriguezi lanean, hizkuntzaren normalizaziorako hausnarketa-prozesuetan.
Izan ere, bat dator Rodriguez Roquerekin: “historikoki begiratuta ere nik uste dut zerikusi gehiago daukagula Galiziako hizkuntza-egoerarekin Kataluniakoarekin baino. Alde batetik, bai Galizian bai Euskal Herrian, salbuespenak salbuespen, eliteek uko egin diote bertako hizkuntza erabiltzeari, hemen azken hamarkadotan zelanbait buelta eman zaion arren, eta han ez hainbeste. Gero, era berean, hango hizkuntzaren aldeko mugimendua, hemengo euskalgintzaren antzera, herrikoiagoa izan da. Zentzu horretan han dauden arazoetako asko geureak ere badira, hiztunon autoestimari dagozkionak, arnasguneen inguruko kezka…”.
Esan moduan, kontakizunetako batzuk itzuli ostean, 2012an iritsi zen azkenik Made in Galizaren euskarazko itzulpena osorik, Txalaparta etxearen eskutik. Rodriguezen ekimena izan zen, Sende ezagutu eta hark kurduerazko itzulpena oparitu zionean di-da erabaki zuen obrak euskaraz ere behar zuela. Aurten bertan Senderen beste kontakizun bat euskaratu du Rodriguezek.
Esportatu daitekeenaren harira, umorea azpimarratu du itzultzaileak. Egoera latzenei ere “retranca” horrekin erreparatzeko gaitasunak kalterik ez ligukeela egingo uste du. Idazle galiziarren bat gomendatzeko eskatuta, Iolanda Zúñigaren Post-it bizitzak asko gustatzen zaiola esan du, eta beste izen bat ere eman digu amu gisa: María Reimóndez.
Mendebaldekoak euskal idazleengan
Itzulpenetatik landa, literaturen arteko zubiak bestela ere sortzen dira, eta Iratxe Retolaza literatura kritikari eta irakaslearen arabera historikoki harremanak eduki ditu euskal literaturak galegoarekin eta lusofoniarekin, literatur ideologiari dagokionez, nahiz eta harreman horiek ez diren aztertu. “Askotan aipatzen dira mugarri izan diren autore europarrak (Europa erdialdekoak), eta autore horiekiko harremanean edo horien oihartzunen arabera eman izan dira gureen obra ulertzeko gakoak, baina erreparatzen badiogu 60ko hamarkadatik honakoari, Arestirengandik hasita, badago harremana literatur eta ikuspuntu galegoarekiko, sator-lanaren antzeko korronte isil bat dago, ikusgarri egin ez dena baina sortzaileek egin dutena. Arestik, adibidez, harreman handia izan zuen Manuel Maríarekin, ez da bakarrik garaiko poesia sozialaren beste autoreen imajinario kolektiboak aipatzen dituela, baizik eta berak ere harremanak izan zituen zuzenean autore horiekin, gutun bidez eta abar. Emigratutako galegoen bitartez harremanak izan zituen, baina aztertzeko dago zer motatakoa”.
Poesia sarri landu izan duten zenbait euskal autorek harreman estua dute Galiziarekin eta erreferentzia gisa hartzen dute bertako idazketa: Joseba Sarrionandiak, Itxaro Bordak, Iñigo Aranbarrik… “Ez da kasualitatea. Galizian idazle nazional kanoniko izateko poeta izan behar da, hemen ez bezala, eta beharbada horregatik jo dute hemengo poeta askok hango iturrietara, ideologia literarioarekin identifikatzen zirelako eta poesiak sistema literarioan duen posizioa dela-eta. Galizian oso presente dago deskolonizazioaren diskurtsoa, nolabait, zapalduak hitza hartzearen ikuspegitik ulertzen da kultura eta poesia ere ikuspegi politiko horretatik egiten da. Poesia politikoaren ildo oso bat dago, poesia ulertzen duena gizartea eraldatzeko tresna bezala, eta inplikazio ideologikoa daukan zerbait bezala eta ez gauza estetiko edo indibidualista huts modura”.
Iñigo Aranbarri idazlea orain hamar urte pasa joan zen aurreneko aldiz Salvaterra do Minho herriko poesia-jaialdira, EIEren eskutik, Jose Luis Otamendi poetarekin batera. Zeharo maitemindu zen han ikusitakoarekin eta estreinako hartatik ia urtero joan da, zenbait urtez etenda egon zen arren arrazoi ekonomikoak zirela-eta. Kultur elkarte bat abian jarri, crowdfunding bat, eta horri esker ekin diote berriro lanari.
Jaialdia, beraz, herri-ekimenez antolatzen da eta garai batean sustatzen zuten gizonen alabek hartu dute orain lekukoa. Aranbarriren esanetan, igartzen da belaunaldi berriaren arnasa, edukietan eta horien tratamenduan bereziki. Jaialdia tematikoa baita, urtero hari bati egiten dizkiote poemak hainbat autorek. Azken urteotako lelo batzuk: Desobentzientzia; Bazterretan idaztea; Kapitalismoa egitate bat da, iraultza eskubidea… Ingurune eta egoera sozio-politikoan oso kokatua agertzen zaigu hemen poesia, munduan eraginik izan ala ez, Retolazak aipatzen zuen ildo poetikoarekin lot daiteke nahikoa aise.
Festa-giroan egiten da jaialdia urtero, musikarekin eta jan-edanarekin. Autentikotasuna aipatu du Aranbarrik, eta puntu basa bat, eta solemnitaterik eza. Herritarrek sortu izana da jaialdiaren arrakastaren beste gakoetako bat, bertan parte hartzen dute zahar, gazte, heldu eta umeek. Poesiarekin lotzen den elitismo eta seriotasunaren arrastorik ez.