Erreportajeak

Marcos, zapatismoa eta errealitatea

Ostirala, 2014-09-12

Marcos azpikomandanteak maiatzaren 24an jakinarazi zuen amaitutzat jotzen zuela bere aroa, hogei urtez EZLNren bozeramale nagusi izan ostean. Marcos errealitatean existitu den fikziozko pertsonaia izan da, errealitatean eragiteko maskara, errealitateak dakarren gordinkeria astintzeko modu ezberdin bat. Erreportaje honetan Marcosek literaturan utzi duen arrastoa jarraitzen saiatu gara.

Asko da Marcos pertsonaiari buruz idatzi dena, eta haren erruz edo hari esker edo haren bitartez, baita zapatismo berriari buruz ere. Bi menderen arteko trantsizioa lotu duen altxamendua izan da zapatistena, XX. mendean iraultza ulertzeko egon diren moduak eta XXI. mendeko jendarte belaunaldi berriek sortu dituzten joerak uztartu dituen mugimendua. Tarteka, protagonismo handiegia hartu omen du bozeramaleak; nahikoa entzun ote da zapatisten berauen ahotsa? Azken urteetan, adierazpen hau iritsi aurretik, ugariak izan dira zurrumurruak: non dago Marcos, zergatik egon da azkenaldi luzean isilik? Chiapas mundu osoan ezagun egin eta hogei urtera Marcosek desagertzea erabaki du, erabaki dute; desegin, fikzioan atzera urtu, airean boza utzita bozeramaleak. Etapa berri bat hasi da zapatismoan, adierazpenean bertan irakurri daitekeen moduan, hor ere belaunaldi berriak tarteko.

90eko hamarkadan sekulako oihartzuna izan zuen zapatistek luzez prestatu ostean emandako pausuak. Armak hartu zituzten ahal bezain pronto armak uzteko; aurpegia estali ikusiak izateko, ikusgarri izateko. Eta munduak ikusi egin zituen, eta baita irentsi ere ia: Marcos aitzakia izaki, merchandinsing itzela sortu zen XX. mendeko azken iraultza deitu izan den horren inguruan. Erreferentzia gosea? Kontsumismoa ideologiara eramana? Publizitatearen indarra? Zapatistek haien ideiak zabaltzera bideratu zuten olatua, bide horretan Marcosen komunikatuetako eta idatzietako umorea, ironia eta autoironia aliatu fidelak izanik.

Errealitateak ezinbestekoa duen fikzioa ekarri zuen Marcosek, errealitatearen beraren krudeltasuna, gordinkeria, bortizkeria nabarmenago utziz. Tarteka, ezustean hartu gaituzten pausuak ere eman zituen fikzioa eta errealitatearen arteko bide horretan (2002-3. urteetan euskal gatazkan izan zuen esku hartzea gogora ekarrita, adibidez). 1994eko altxamenduaren osteko lehen hamabi urteetan izan zuten Marcosen esanek oihartzunik zabalena; ordutik zapatismoak berak hainbat etapa bizi izan ditu, autogestioa eta barne egiturak egonkortzeko bidean, eta azken urteetan Marcosen itzala desegiten joan da, Galeanoren -komunitate zapatista bateko eskola-maisuaren- hilketa kari azken agurra eman duen arte, ohi izan duen moduan lerro artean jostalari.

Fikzioan jaio, errealitatean bizi

“Marcos” izenak berak fikzio batean du iturria: Mario Benedettiren Juan Angelen urtebetzea liburuan, poesia moldean idatzitako nobelan, “Marcos” pertsonaia baten izena zen. Marcos azpikomandanteak izenpetutako adierazpenek asko dute literaturatik. Haietan etengabe uztartu izan dira munduaren ikuspegi indigena, ironia, metafora, fabulak, ipuinak, literatur erreferentziak… “El viejo Antonio” pertsonaiaren esanak izan dira sarri erabili izan dituenak, hitzen akuilu. Marcosen inguruko legendak dio maskararen azpian Rafael Sebastián Guillen Vicente izeneko gizon bat bizi dela: mexikar irakaslea bera, hain zuzen ere.

gabriel-garcia-marquez-con-el-zapatista-subcomandante-marcos

Marcos Gabriel Garcia Marquezekin

Garaian garaiko cool-moda zurrupatzailea edo elkartasun adierazle zintzoa izan, mundu osoko idazle askok luzatu izan diote begirada zapatismoari, eta bereziki Marcosen literatur erakargarritasunari. Idazletza kazetaritzarekin uztartzen zuen idazle batek izenpetu zuen 1999an, hain zuzen ere, Marcos: el señor de los espejos elkarrizketa liburua, Manuel Vazquez Montalbanek. Liburuaren hastapenean aitortzen dio Marcosek Montalbani oihanean altxamendua prestatzen ari zirenean hiriburutik liburuak bidaltzen zizkietela, haien artean Pepe Carvalhorenak:

“Literatura onak ezusteko zubiak luzatzen ditu, mende amaiera ilun hau are gehiago iluntzen duten elite intelektualen zirkulu itogarrietatik oso urrun”.

marcos montalban

Montalban eta Marcos

Zubia eraiki zuten biek, elkarrizketan Montalbanek bere pertsonaiatasunaz itaundu zuen Marcos, era honetan:

MONTALBAN: “Edozein sormen prozesutan, izan literaturan edo politikan, politika sorkuntza den kasuetan bederen, subjektuak –izan idazlea edo politikaria- pertsonaia bilakatzeko joera du. Eta pertsonaiak literaturan eta politikan errealitatea ikusteko modua baldintzatzen du. Lenin adibidez, lider bat eta iraultzaile bat izateaz gain pertsonaia bat da, Castro pertsonaia bat da, Guevara edo Mandela pertsonaien moduan jokatzen zuten, zu pertsonaia bat zara”.

Erantzuna elkarrizketa gehiagotan ere entzun izan diogu Marcosi:

MARCOS: “Gu ere Marcos pertsonaia bat dela ohartu gara, pasamontañasari buruz ari naiz, denbora pasa ahala haren azpian dagoenaz gogoeta zabaltzen doa. Inporta duena pasamontañasa da, agerian uzten duelako salbuespeneko erabaki baten beharra”.

Marcosek etengabe botatzen ditu kulturari, literaturari, elite intelektualei, ezkertiar ohiei buruzko zirtoak:

MARCOS: “Ez digute barkatzen literaturaren munduan atzeko atetik sartu izana. Ez omen genuen irakurriak izateko eskailera-maila igo, eta begira, irakurri egiten gaituzte. Eta ezin dute jasan guk ezusteko balio kultural erreferentzialak erabiltzeak, Machadoren Juan de Mairena, adibidez. Juan de Mairena ez al zen liberal bat? Zergatik aipatzen du pasamontañas batekin mozorrotutako iraultzaile horrek?”.

Motalbanek ekingo dio berriz Marcosen deskribapenari,

MONTALBAN: “Maisua da literatur joko posmodernoan, collagearen erabileran, bi literatur kulturen arteko intertestualitatean: kultura indigena eta latinamerikarra. Metafora indigenak eta Lewis Carrollen Aliceren abenturak lurralde miresgarrian uztar ditzake lasai asko”.

Manuel Vazquez Montalban aipatu dugu, eta haren eskutik egin behar zuen Marcosek, hain zuzen ere, fikziozko literatura idatzian inkurtsioetako bat. Montalbanek eta Marcosek elkarrekin nobela bat idazteko asmoa zuten. Heriotzak eraman zuen Montalban 2003an, eta Paco Ignacio Taibo II-k hartu zuen haren lekukoa proiektuan. Muertos incomodos izeneko nobela izan zen emaitza.

Marcosek sarri aipatzen duen Che Guevarak liburuak eramaten zituen beti atzera eta aurrera, oihanean zenean ere. Nobelista izateaz gain, Guevararen biografia ezaguna idatzi zuen Taibok berak. Montalbanek Pepe Carvalho detektibea zuen gisan, Taibok ere badu berea, Hector Belascoaran Shayne izenekoa. Oihaneko beste detektibe batekin elkartu zuten hura, Elias izeneko zapatista batekin, Marcosek asignatuta “comisión de investigación” funtzioa duena. Nobelako atalak txandaka idatzi zituzten egile biek, tramaren hariak elkarri lotuz, azpi narrazioak josiz. Emaitza ezinbestean irregularra suertatu zen, tramari eta osotasunari dagokionez herren, baina umorea dario alde guztietatik, liburuak hasieratik xede zuen Mexikoko gobernuaren ustelkeria salatzeko fikzio-tresna. Liburu honetan Marcos idazlea Marcos pertsonaiarekin ibili zen jolasean beste behin, narrazioan bertan Marcos bera sartuta egoera barregarrietan sarri.

SUBCOMANDANTE MARCOS HQ.jpg hq gv

Euskal Herritik begira

Bilbotik luzatu zion begirada Javier de Isusik zapatismoari: La pipa de Marcos liburua Astiberri argitaletxearen lehen erreferentzietako bat izan zen, Juan Sin Tierra pertsonaiaren harira Isusik garatuko zuen tetralogiako lehena. Bertan Marcos bera baino, Marcosek suposatzen zuen ispilua utzi zuen agerian, Marcos pertsonaia bikoiztuz, hirukoiztuz, laukoiztuz oihanean maskararen eraginaren poderioz.

Asko izan ziren zapatismoaren lehen hamar urteetan plazaratutako Marcosen testuen errekopilazioak, ipuin bildumak, zeharkako erreferentziak… Negu Gorriak taldearen kanta batean topatu dugu euskarazko lehen arrastoa. Ohikoa zen haien kontzertuetan, “Gora herria!” oihuaren erritmora “Viva Zapata” ere entzutea. Ideia zabaldu diskoko “Begirunea” kantako letran ere aipatu zuten, besteak beste, Marcos.

Literaturan ezin aipatu gabe utzi Iñigo Aranbarriren Zapataren oihana (Susa, 1997). Literatur kronika den liburu honetan egilea da narratzaile, in situ jarraitzen ditu zapatismoak emandako lehen urratsak, egilea La realidad-en izan zen EZLNk antolatutako Gizateriaren Alde eta Neoliberalismoaren Kontrako Topaketetan. Aranbarri ez zen kokatu zapatismoaren apologia hutsean: maitasunez beteriko distantzia bat hartu eta gertatzen ari zena ulertu nahiak hura begi zoliz jasotzera eraman zuen, tartean sumatutako kontraesanak ezkutatu gabe:

“XX. mendeko azken mitoaren aurrean zaude. Che-ren aurrean, Zapataren aurrean egoterik izan ez zutenen azken aukera da.

-Gora Marcos!”.

BERTAN irakurri dezakezue osorik. Marcosen agurra ekarri zuen hizpidera ekainean Aranbarrik berak, Berria egunkarian:

“Orain badoala dio. Ez dela gehiago Marcosen ahotsaren bidez mintzatuko EZLN. Isildu egingo dela. Pertsonaia triskatzea, porrokatzea, birrintzea erabaki dutela guztien artean. Eta lainoarekin bat egin aurretik izen berria hartu duela. Norena, eta ostera ere literatura bizitzarekin lotzen den puntu horretan, hildako batena. Jose Luis Solis Galeano komunitate zapatista bateko eskola-maisua zen, eta maiatz hasieran hil zuten. Hiru tiro eman zizkioten, eta aho aldea txikitu zion aihotz ukaldia”.

Egongo zen euskarazko beste erreferentziarik ere. Lerro hauen irakurleak zaretenok, baduzue gogoan artikulu honetara ekartzeko moduko besterik?

Albiste honen uberan:

Azken adierazpena

Argia: Chiapasko indigenek Marcos gabeko aro berriari ekin diote

Ainhoa Ezeiza, "Ahaluztea"

EZLNren gutuna Montalbani eginiko omenaldian

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)