Erreportajeak

Ixiar Rozas: praktika eszenikoetan idazketa luzatuz

Asteazkena, 2012-01-25

Lehenbiziko aldiz Arrasaten egin zen, pasa den larunbatean, Literatura Eskola. Ixiar Rozasek Idazketa luzatuz. Begirada bat performatibitatea eta egungo praktika eszenikoei izeneko solasaldia eskaini zuen, egun oholtzarako idazteko orduan jarraitzen diren bideen berri emanez.

EHAZE-Antzerkizale eta Arrasate Euskaldundu Dezagun elkarteekin elkarlanean antolatu zen ekitaldia.


Egun zaila da esatea ezein erako sorkuntzan bide edo joera bat 'berria' denik. Oholtzarako idazteko orduan guztiz 'berriak' ez badira ere, ugariak eta anitzak dira egun jarrai daitezkeen bideak eta estrategiak. Ixiar Rozasek haietako batzuen berri eman zuen larunbateko Literatura Eskolan.

Ariketa batekin heldu zioten bertaratutakoek gaiari. Rozasek bost minutuz galderak idazteko eskaera egin zien, kopuruari edo gaiari mugarik jarri gabe. Ondoren galdera horiek hartu eta galdera-ikurra kenduta, baieztapen (edo erantzun) modura irakurri zituzten. Esaldi iradokitzaileak sortu ziren horrela 'kasu batzuetan inongo barne-logikarik gabeko testuak dirudite, baina esaldi guztietan irakurtzen da azpian badela zerbait gehiago. Imajina ezazue testu hori eszenan, lasai asko izan daiteke eszena bateko momentu bat. Hau adibide sinple bat izan da, esan nahi dudana da estrategia asko daudela material testuala sortzeko, ez soilik liburu bat edo poema bat idazteko normalean erabiltzen ditugun metodologiak'.

Antzerki post-dramatikoaz

Nolakoa da egun praktika eszenikoetan ematen den idazketa? Rozasek aipatu zuenez 'gaurko eszenan horrelako ariketa asko erabiltzen dira, testuak normalean sortze prozesuan bertan sortzen direlako. Lehengo antzerkian testuak askotan ziren aurretik idatzitako zerbait. Gaur egun ere badago antzerki mota hori, baina eszenaren parte batek behintzat ez du horrela lan egiten: testuak kreazio prozesuan bertan sortzen dira, taldekideek eginak batzuetan edo dramaturgo baten laguntzaz garatuak. Zentzu horretan egungo eszenak nolabait antzerkitik datozen arau estu horiek hausten ditu'.

Antzerkiaren eta dantzaren arloetan ematen da aipatutako joera, baina Literatura Eskolako saioan antzerkiari berari erreparatu zioten gehiago. Rozas 'antzerki postdramatikoa'z mintzatu zen 'terminoa aspaldikoa da, oso erabilia izan zen 60 eta 70eko hamarkaden artean; orain ez da erabiltzen, baina iruditzen zait joera hauek kokatzeko lagungarria dela'. Testuan oinarritutako antzerkiaren arauak apurtzen ditu egungo eszenaren parte batek, egun programatzen den asko lehengo hori den arren 'tamalez hainbat sortzailek egiten duten lana ez dago eskura, ez dago ikusgai, eta hori nire ustez kultur politika arazo bat da'.

'Idazketa luzatzeko' estrategiak

Testua sortzerakoan praktika eszeniko garaikideek arauak apurtzearekin batera idazketa luzatzeko estrategiak garatzen dituzte: aktoreak eta dantzariak ez dira pertsonaiak, beste harreman mota bat dago gorputzarekin, komunikazioarekin, hitzarekin, lengoaia berarekin, ahotsarekin, irudiarekin, denbora eta espazioarekin. Saioari titulua eman zion 'Idazketa luzatuz' kontzeptua hortik zetorren hain zuzen ere 'gorputzek nolabait eszenan idatzi egiten dute, mugimendua idazten dute, batzuetan isiltasunean besteetan hitz egiten. Ikuslearen begirada eramaten dute beren gorputzaren mugimenduarekin'. Rozasek berak azken urteetan bere idazle-esperientzia propioan 'idazketa luzatzen' aritu dela aipatu zuen, hala eszenan nola dokumentalen grabaketan eta ikerketa teorikoan 'fikzioarekiko neukan ezagutza hori zalantzan jartzen aritu naiz'.

Ikuslegoarekiko harreman berria

Rozasek aipatu zuenez arauak apurtzerakoan beste harreman bat sortzen da ikuslegoarekin ere 'egungo eszenak konfiantzatik egiten du lan ikuslegoarekin, horrekin aldaketa garrantzitsu bat eman da'. XX. mendean zehar bazegoen ikuslegoa esnatu eta hezi egin behar zeneko ideia, ikuslea ordurarte pasiboa izan zelako 'maila orokorrean hitz eginda ideia horren barruan bi eredu nagusi daude: bata Bertolt Brechtena. Brechtek bere antzerkian 'arrotze prozesu' bat jartzen du martxan, berak ikuslegoari eszenan zegoena dekodifikatzea eskatzen zion, ikuslegoaren maila intelektuala aktibatuz. Beste eredua Antonin Artaudena da, justu kontrakoa egiten duena: hitzak eta gorputza askatu nahi ditu eszenan antzerki energetiko bat eginez, bere ustez horrek ikuslegoaren pertzepzio maila esnatzen zuelako, gorputza, zentzumena...'. Rozasen ustez gaur egun aldatu egin da bi joera horien erreferentzia 'aldatu da eta aldatu egin behar da: ezin dugu pentsatu ikuslegoa iratzarri edo hezi behar dugunik. Ikuslegoak guk uste duguna baino gehiago daki, autonomoa da. Ikusleak gaur egun badaki bere lekutik eta ezagutzatik gauzak interpretatzen, ikusten duen horretatik ikuslegoak bere narrazioa sortzen du'.

Ikuslearekiko eta idazkuntza berarekiko harreman horretan hitzak entzun, ikusi eta ukitu daitezke 'deskribatzen ari naizen eszenaren barruan zati txiki batek lortzen du hitzak ukitzea, ahotsaren bitartez testuak dekonstruitzen, testua eztandaraziz eta hitzak eta lengoaiaren logika apurtuz. Poesian ere hau asko gertatzen da, poesia ozen irakurtzen dugunean hitzak bolumena hartzen dute eta 'ukitu' daitezke'.

'Praktika eszenikoak' zen saioaren izenburuan azaltzen zen beste termino gako bat 'egun ikusten dugun eszena antzerkia da? Dantza da? Performancea da? Egoera bat da? Egile batzuek esaten dute geruza ezberdinak dituen paisaia bat dela: paisaia bat dugu eszenan eta horrek momentu ezberdinak ditu, gauzak gertatzen doaz eta ikusleok osatzen dugu gertatzen dena'. 'Performatibitatea' hitza ere asko erabiltzen da egun 'besteak beste Queer teorietan diote lengoaia performatiboa dela, lengoaiak eragina daukala gizartean'. Eszenan performatibitatea kokatzeko Argiarako idatzitako artikulu baten zatia irakurri zuen Rozasek:

'60. hamarkadatik hona eszenak, eszena mota batek behintzat, hau da, antzerki postdramatikoa bezala ezagutua dena, dramatik urruntzeko moduak bilatzen ditu. Estetika performatibo bat bilatzen du zeinean testua ez da gehiago literatur lan batean edo draman beran oinarritzen. Testuak negoziazio bat hasten du presentzia eta ausentziaren artean, fikzioa eta ez-fikzioaren artean, modernitatetik datorren antzerki horretan ez bezala, non gehienetan aurkezten dena errepresentazioa eta teatralitatearen testuinguruan egoten den, performatibitateak ekintza eta etengabeko aldaketarekin du zerikusia. Negoziazio bat dago esperimentazioa eta sortzen diren egoeren konplexutasunaren artean. Desplazamenduak, leku eta denbora aldaketak, arrakalak, istorioak, testuaren egiak eta testuarekiko fideltasunak garrantzia galtzen du, eta ikus-entzulean sortuko den efektua gailentzen da. Sortzaile eta ikusle-entzuleen artean gertatzen den horretan dago obra, eta une horretan gertatzen den esperientzia performatiboa izan daiteke. Aukera estetiko honetan, esan gabe doa, ideologia bat dago, mundua ikusteko modu bat'.

Obra beraz ez da bakarrik eszenan gertatzen dena 'obra da ere ikusleak osatzen duena. Obraren tentsioa ez dago eszenak kontatzen duen istorio horretan, tentsioa eszena eta gure artean dago, hor sortzen den tarte horretan'.

Ixiar Rozasek hainbat bideo eraman zituen lagin gisa, egun egon daitezkeen joerak eta lan egiteko moduen laginak aztertzeko. Aipatutakoen artean zeuden La Ribot, Angelica Liddell, Vera Mantero edo Speaking dance ikuskizuna. Euskal Herrian bertan sortutakoen artean Legaleon-L'Alakranen lana izan zuten mintzagai eta Idoia Zabaletaren Txoriak azkeneko pieza komentatu zuten.

Egun antzerkia literatura da?

Zaila da gisa horretako galdera bati modu erabatekoan erantzutea, egungo praktika eszenikoetan joerak baino gehiago aukerak eta teknikak daudelako agian. Eztabaida sortu zen hala ere literatura eskolako kideen artean: idazketa ez da beti literatura... ala bai? 'Ahozko literatura' aipatzen badugu sarri, zergatik ez 'gorputz literatura'?

Rozasek aipagai izan zituen praktika eszenikoetan testuari dagokionez ez da osotasuna bilatzen, ez da mundua azaldu nahi, metaerrelatuak eta istorio handiak baztertzen dira eta gehiago jotzen da mikroerrelatuetara edo sarritan paperean ustez balio literariorik izango ez luketen testuetara 'literaturan kaosari ordena ematen bazaio sortze modu honetan kontrakoa da. Orainak hartzen du garrantzia, eszenan momentu horretan gertatzen ari dena, gero errepikatu egiten dute egileek emanaldia baina inoiz ez da berdina. Ez dira bilatzen pertsonaia eta istorio sinesgarriak. Gorputzak defendatzen ditu bai ideiak bai pertzepzio maila, nire ustez hori da interesgarria'. Testuen egokitzapenak egiten direnean ere beste modu batean egiten da, testua eszenaren parte bat izanik, beste edozein elementu bezain garrantzitsua, ukiezina izan barik'. Brecht eta Artaud-en bideak elkarrekin daude horrelakoetan eszenan? 'nik behintzat ikusle bezala biak nahi ditut, eta biak daudenean oso pozik joaten naiz etxera'.

Idoia Zabaletaren Txoriak lana ikusi nahi duenak asteburu honetan Bilbon du aukera: Pabiloi 6an urtarrilaren 27, 28 eta 29an.

Albiste honen uberan

Saioaren inguruan Berrian egindako erreportajea

Idoia Zabaletari elkarrizketa Argian

IKUSI: Txoriak emanaldia Artelekun

Irudiak

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)